Eduardo Arzak: “Urnietarren erantzuna bikaina izan da”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 15a, 13:53

Birziklatzearen aldeko argudioak indartsuak dira Artelatz etxeko ordezkariarentzat. Bera da bosgarren edukiontziaren aldeko kanpaina bideratzen ari direna: “Urnietarrak animatu nahiko nituzke. Ohitura aldaketa txiki bat egin beharko dute, hori da eskatzen zaien bakarra. Oso erosoa da eta ingurugiroari begira abantaila handiak ditu. Birziklapenaren alde asko egin daiteke horrela”.

Kanpaina abiatu da. Zein izan da herritarren aldetik jaso duzuen lehen inpresioa?
Eduardo Arzak.
Sentsazio oso onak dauzkagu. Izena emateko txartelak etxeko atarietan jartzen ibili garenean, dagoeneko nabaritzen genuen jendeak bazekiela zertaz ari ginen hizketan. Ezagutza bat zegoela sumatu dugu. Antza denez, urnietarrak honen zain ziren.

Zuen kanpaina zenbat etxebizitzatara zabaldu da?
E.A.
Urnietan 2.300 etxebizitza dago udalerri osoan. Hortik landa guneko baserriak eta etxeak kendu behar dira. 2.000 etxebizitzatara zabaldu dugu kanpaina eta horietatik guztietatik 1276 izena eman dute [1140 izena emateko orrietan izena emanda. Eta 136 gehiago telefonoz deituta]. Gure kalkuluen arabera, %55a izango da. Ziurrenik datua altuxeagoa izango da, hainbat etxebizitza hutsik daudelako. Dagoeneko %60an gaudela esango nuke.
Eta oraindik bigarren fasea falta da. Etxez etxe materiala banatzen hasten garenean, izena eman ez dutenei beste ohartxo bat banatuko diegu kanpainan parte har dezaten berriro eskatuz, eta azaroaren 29an eta 30ean Lekaion izena emateko aukera dutela esanez.
Portzentaia oso altuaz hizketan ari gara. Gipuzkoan oso toki gutxitan lortu da horrelako erantzuna.

Zuen kalkuluetan sartzen al zen?
E.A.
Ez zen sartzen, gehienez ere %50eko partaidetza aurreikusten genuelako. Beraz, gaurko egunean denei banatzeko adina giltza eta edukiontzirik ez dugu.

Lehen datuen arabera, beraz, pozik egoteko modukoa da zuentzat.
E.A.
Noski, gu oso pozik gaude. Eta alkatea eta udal ordezkariak ere bai. Aurreko ostiralean hitz egin nuen hiru alderdietako ordezkariekin eta oso pozik daude. Izan ere, parte hartze maila oso handia izaten ari da.

Noiz hasiko zarete banaketarekin?
E.A.
Azaroaren 23an hasiko gara. Data horretatik aurrera birziklatzeko materiala azaroaren 28ra bitarte banatu nahiko genuke.

Etxez etxeko banaketa hori nola egingo duzue?
E.A.
Furgonetarekin bi pertsona joango dira material guztia banatzeko. Etxe atari batean geratu eta banatzaileek orrietan jakingo dute bizilagun guztien artetik nork eman duen izena, eta nork ez.
Pisuz pisu materiala banatzen hasiko dira. Etxean daudenei zuzenean emango diete materiala (ontzia, giltza, poltsak eta eskuorria) eta beharrezko diren argibide guztiak emango zaizkie.
Etxean ez daudenei ate azpitik ohartxoa banatuko diete eta atean bertan materiala utziko diete.

Duzuen esperientziarekin Urnietako kasuarekin zein analisi egiten duzue?
E.A.
Debabarrenan lanean ari gara orain, eta esperientzia gehiago izan ditugu Zarautz, Zumaia, Azpeitia, Azkoitia, Amara, Irun, Hondarribia, Sasieta mankomunitatea,... toki askotan aritu gara.
Urnietako egoera aztertzeko faktore ezberdinak kontutan hartu behar dira. Urnieta toki berezia da. Alde batetik jende gaztea bizi da, nahiko herri gaztea da eta horiek ingurumenarekiko kontzientzia handiagoa dute. Beste batetik, atez ateko bilketaren esperientziak oso gertu dituzte. Esango nuke jendeari erosoago egiten zaiola beste sistema hau. Nire inpresioa da jendeak hasiera batean nahiago duela bosgarren edukiontziarekin birziklatzen hastea, atez atekoarekin murgildu aurretik.
Gero, bultzada garrantzitsua izan da alderdi politiko guztiak birziklapenaren alde agertzea.  Hori guztia kontutan hartuta, parte hartzea handia izaten ari da. Ez da ahaztu behar ere bere garaian Urnietan erraustegia jar zezaketela eta, birziklapenarekiko kontzientziazioa nabarmen igo zela. Konposta egiteko kanpainak ere burutu izan dira lehen ere.
Beraz, gaur egungo emaitza ulertzeko, faktore horien guztien batura kontutan izan behar da.

Herrigunetik kanpo, landa eremuan bizi direnek kanpainan parte hartu ahal izango dute?
E.A.
Berez inguru horietan konposta egitea aholkatuko genieke. Udalak bere garaian etxeko konposta egiteko kanpaina sustatu zuen. Hala ere, herrigunean bizi ez eta bosgarren edukiontzia erabili nahi duen urnietar batek deitu gaitu. Kanpainan parte hartu nahi dute eta baiezkoa erantzun diegu, egunero herrigunera jaisten direlako.
Eremu horietan bizi direnek deitzen badute, bosgarren edukiontzia erabiltzeko aukera emango diegu. Helburua material organikoa birziklatzea baita. Haiek konposta egiteko aukera dute, baina ez badute konposta egiten edukiontzi marroia erabiltzeko aterik ez diegu itxiko.

Parte hartzeko prest dagoen urnietar asko dago. Birziklaketa erreala beraz handia izango dela aurreikus daiteke.
E.A.
Egun hauetako partaidetza kopuruak hori pentsatzera eraman behar gaitu. Bestela frakaso handia litzateke. Jendeak izena eman eta ondoren datu errealek bestelakoa adieraztea frakasoa litzateke. Kontzientziazio lan handia egin behar da herrian, motibazioa landu beharko da birziklaketa tasa egokiei eusteko. 2013ko ekaineko datuak baliagarriak izan daitezke orain abiatu dena baloratzeko. Ez da ahaztu behar datu horien arabera urte osoko kalkulua egingo dela. Horren bitartez ere tasa eta zerga berriak zehaztuko dituzte.

 

ARGIBIDEAK
943 67 02 49 (Artelatz).

Azaroak 23, 26 eta 27
MATERIALAREN BANAKETA
Kanpainan parte hartuko dutenei, etxez etxe, argibideak eskainiko zaizkie. Horrekin batera materia organikoa birziklatzen hasteko materiala emango diete.  Parte hartzaileek giltzak jaso ahala, materia organikoa edukiontzietan biltzeko aukera izango da.

Azaroak 29-30
BIGARREN AUKERA
Kanpainaren lehen txanda horretan izena eman ez dutenek, bigarren aukera izango dute azaroaren 29an eta 30ean. Lekaion argibide guztiak jaso ahal izango dituzte, arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara.

MATERIA ORGANIKOA
BIRZIKLATZEKO OSAGAIAK
Ontzia. Ontzi berezia da. Hondakinen usteltze prozesuaren usain txarrak sortzea luzatu egiten du.
Poltsak. 150 poltsa konpostagarri, transpiragarriak eta iragazgaitzak. Poltsa horiek bakarrik edukiontzi marroian erabiltzea eskatu dute.
Eskuorria. Etxean gordetzeko afitxa da, oso argi agertzen duena zer den birzikla daitekeena eta zer ez.
Giltza. Edukiontzi marroia irekitzeko eta isteko da.

ASTEARTEA ETA OSTIRALA
BILKETA EGUNAK
Materia organikoa Hernaniko Garbigunera eramango dute. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!