Zertan jardun duzue bi urtetan Atxetilunen?
Ander Arrese: Luis Mari Zalduak eraman gintuen Atxetilungo inguruetara; eraikuntza aztarnaren bat egon zitekeela-eta, ikertzen hasteko eskatu zigun. Horrela, iaz katak egiteari ekin genion lehen irudipen bat hartzeko asmoz, eta jada aurten, indusketak egin ditugu.
Inguruan paraje bitxia topatu genuen lanean hasi orduko; hain zuzen, karaitza urak zartatzen duenean sortzen duena, sima, kobazulo eta antzeko elementuekin. Aldi berean, gizakiaren eskua sumatu genuen bertan, dezenteko plataforma zirudien egitura bat zegoela egina, 800 metro karratukoa bai. Berehala ohartu ginen betelana egin behar zela halako ingurunea sortzeko.
Zer topatu duzue han?
A.A.: Besteak beste, plataformaren gainean harresi bat, ondo definitu gabekoa, irregularra. Bere iskinean, berriz, dorre erdizirkular baten oinarria, ondo antzematen dena. Eraikuntza guztia nahiko teknika kaskarrarekin egin zen, harriak baldarki botata, eta hutsuneak bete gabe. Espero ez genuena zera zen, harresia zentzu bakarrean eraikia egotea. Saiatu ginen ea plataformaren barruan egitura egonkorren bat topatzen, etxe bat edo zitekeena, baina ez zen arrastorik azaldu.
Inguru guztian bi urtetan aurkitu ditugun entitateko material edo pieza bakarrak, 1870ean kalean jarritako txanpon bat eta bala bat izan dira.
Bi hipotesi izan zenituztela eskuartean hasieratik, horixe aipatu zenuten Urnietako aurkezpenean…
A.A.: Halaxe da. Erdi aroko gazteluarena bata, eta, karlisten garaiko elementuren bat izatea bigarrena. Atera dugun ondorioa da azken karlistaldian (1872-1876) eraikitako gotorleku bat dela. Defentsa zereginetarako erabiliko zena ziurrenik.
Zeregina hori azal zenezake sakonago?
A.A.: Defentsa gunea zela argi dago, bere orientabidea alde bakarrera begira dagoen unetik. Ondo erreparatuz gero, ohar daiteke Atxetilunek eta Buruntza mendiak bi posizio estrategiko paregabeak osatzen zutela Urnieta Andoain osoa kontrolatzeko. Karlistaldiak gehien ikertu dituen Juan Antonio Saezek ere bere idatzietan aipatzen du Besabi izena zeraman gunea.
Eta aurrerantzean zer egingo da gotorlekuarekin?
A.A.: Indusketak, behintzat, amaitutzat eman behar dira. Gure aldetik, Luis Mari Zalduarekin elkarlanean segitzen dugu: Interesgune berriak badauzkagu, eta ea aztarnategi berriak topatzen ditugun.
Hori bai, iruditzen zaigu inguru hura nahiko interesgarria dela historiaren aldetik: Marizulo, Adarra inguruko mairubaratzak… eta guzti horiek edonoren bistara jar zitezkeen modu erakargarrian. Urte hauetan ohartu gara edozein herriko ondareak bistan jartzen direnean, edozein herrietan, bertakoek biziki estimatzen dituztela inguruan bistaratzen diren ondare historikoak.