Bosgarren edukiontziaren bilketa Urnietako herrigunean, hasiera batean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 8a, 13:03

Birziklaketan urrats berria eman du Urnieta herriak. Materia organikoaren bilketa hasiera batean herrigunera mugatu da, landa eremuko etxeak nahiz baserriak kanpo geratuz.
Egun hauetan herriguneko biztanleen artean birziklaketa organikoa egiteko deialdia egiten ari dira, eta datorren astetik aurrera zabor organikoa edukiontzi marroietan bota ahal izango da.

Eduardo Arzak Artelatz etxeko ordezkariak materia organikoa biltzeko kanpainaren xehetasunak eskaini zituen urriaren 31ko agerraldian. Hasteko eta behin bilketa herrigunean abiatuko da, alde batera utziz landa eremuko guneak edota etxebizitza unifamiliarrak.
Aurreko astetik herrigunean hogei edukiontzi marroi ipini dituzte, materia organikoa sartzeko bertan. Besteak ez bezala, giltza bidezko sistema baten bidez ireki eta itxi ahal izango da edukiontzi marroia. Eta, noski, giltza duenak bakarrik erabili hal izango du. Giltza duen herritarra, beraz, materia organikoa biltzen ari dena da.
Aurreko egunetan materia organikoari ekiteko izen-emateko epea ireki zuten, atari guztietan ipinitako afitxen bitartez. Arzakek iragarri zuenez, “izena eman dutenei etxeraino eramango diegu materia organikoa birziklatzeko material guztia. Argibide guztiak eskainiko dizkiegu eta dituzten zalantza guztiei erantzuten saiatuko gara. Guk geuk banatuko diegun eskuorrian oso argi agertuko da zein den edukiontzi marroian bota daitekeena, eta zein ez.
Kanpainaren lehen txandan izena eman ez duten etxebizitzetako buzoietan, berriz, eskuorri bat utziko diegu edukiontzi berria erabiltzeko gonbitea luzatuz berriro. Oraindik ere aukera dutela adieraziko zaie, eta hala nahi badute ager daitezkeela azaroaren 29an eta 30ean  Lekaiora”.
Arzakek adierazitakoaren osagarri, Mikel Pagola alkateak zera adierazi zuen, “helburu nagusia urnietarrak animatzea da. Motibatzea, kontzientzia har dezatela eta parte hartze zuzena izan dezatela gaikako bilketa selektibo honetan. Haien konpromisoa eskatzen ari gara”.
Konpromiso hori zenbateraino gauzatuko den ikusiko da hurrengo hilabeteetan. Izan ere, urte amaieran hasita, San Markok hiru hilabetez behin materia organikoari buruzko birziklapen datuak eskainiko ditu. 2013ko datu horiek argigarriak izango dira, eta etorkizuneko erabakiak hartzeko erabakigarriak.

%65a birziklatzea helburu
Urnietako Udalak eskaini dituen datuen arabera, birziklatze tasa %31koa da eta helburua kopuru hori biderkatzea da, %65eraino. Alkateak aitoru bezala, “helburu anbiziosoa, Europako herrialde aurreratuenetan datua %70 ingurukoa denean. Birziklatzeko kultura horretan sakondu behar dugu eta horretarako bidea ipini beharra dago. Herritarren aldetik portzentaia igotzea lortuko bagenu, argi dago urnietarrek beste behin lezio ederra emango liguketela. Eta txapela kentzeko moduko esfortzu kolektiboaren aurrean geundeke”.

MATERIA ORGANIKOA
BIRZIKLATZEKO OSAGAIAK

Ontzia. Ontzi berezia da, oso aireratua dagoena. Hondakinen usteltze prozesuaren usain txarrak sortzea luzatu egiten du. Kalkuluen arabera, 2-3 egunean behin ustuko da hondakin organikoen poltsa.
Poltsak. 150 poltsa konpostagarri, transpiragarriak eta iragazgaitzak. Poltsa horiek bakarrik edukiontzi marroian erabiltzea eskatu dute.
Eskuorria. Etxean gordetzeko afitxa da, irudi bidez oso argi agertzen duena zer den birzikla daitekeena eta zer ez.
Giltza. Edukiontzi marroia irekitzeko eta isteko da. Soilik giltza duenak erabili ahal izango du edukiontzi marroia.

ETXEBIZITZA UNIFAMILIARRETAN
AUTO KONPOSTA EGITEKO DEIA

Artelatz etxekoak adierazi zuzenez, “unifamiliarrak diren etxeetara banan bana joango gara eta haiei guztiei autokonpostajea egitea proposatuko diegu. Hori egiteko aukera duten familiei gomendio hori luzatu nahi diegu. Zaborren kudeaketan autokonpostajea beti birziklatzearen gainetik lehenesten delako. Urnietan lehen ere egin dira horren aldeko kanpainak. Dagoeneko konposta egiten ari direnek berdin jarrai dezatela. Kasu horretan, edukiontzi marroia erabiltzeko materiala ez genioke banatuko. Gerta daiteke, hala ere, konpostajea egiten duten hainbat etxeetan arrain edota haragi hondakinak konpostarako erabili nahi ez izatea. Kasu horietan edukiontzi marroia eta giltza emango zaie, etxean konposta egiten jarrai dezaten eta arrain nahiz haragi hondakinak edukiontzi marroian bota dezaten. 

ZABORRARI DAGOKION TASA
MURRIZTEKO AUKERA ZABALIK

Foru Aldundiak ezarri dituen irizpideen arabera, materia organikoa jasotzen duten herriari zaborrei dagokien prezioa nabarmen murrizten diote. Urnietan ere eragina izan beharko lukeela adierazi zuen alkateak, “Udalak gutxiago ordaindu behar badu, herritarrek ere bai. Baina zein herritarrek? Argi dugu kanpaina honetan parte hartzen dutenek gutxiago ordaindu beharko luketela. Nola? Progresibitate politika aplikatuz. Ez digu balio herritarrak giltza eta ontzia hartzea eta kanpainan parte hartuko duela esatea. Guri balio diguna edukiontzi horietan gero eta materia organiko gehiago jasotzea da. 2013ko ekaina bitarteko datuak erabakiorrak izango dira. Horren arabera, ordenantza fiskaletan ezarri beharko ditugun bonifikazioak ezarriko dira. Geroz eta materia organiko gehiago bildu, tasak jaisteko aukera gehiago izango da”.

 

PLANGINTZA

Azaroak 7 bitarte
IZEN EMATEA
Materia organikoa birziklatzeko, izena emateko aukera eskaini zaie herriguneko urnietar guztiei, atarietan jarritako izena emateko orrien bitartez.

Azaroak 14-23
BILKETAREN HASIERA
Kanpaina bideratzen ari diren Artelatz enpresako kideak kanpainan parte hartuko dutenei etxez etxe argibideak eskainiko dizkiete. Horrekin batera, noski, materia organikoa birziklatzen hasteko beharrezko den materiala emango diete: etxean zabor organikoa gordetzeko edukiontzia, poltsa konpostagarriak eta zaborra kaleko edukinontzi marroietan sartzeko giltza.
Giltzak banatu ahala, herritarrek materia organikoa edukiontzietan botatzeko aukera izango dute.

Azaroak 29-30
BIGARREN AUKERA
Kanpainaren lehen txanda horretan izena eman ez dutenek, bigarren aukera izango dute azaroaren 29an eta 30ean. Lekaion argibide guztiak jaso ahal izango dituzte.

ASTEARTEA ETA OSTIRALA
BILKETA EGUNAK
San Marko mankomunitatearen bitartez, zabor organikoaren bilketa asteartero eta ostiralero egingo dute. Materia organikoa Hernaniko Garbigunera eramango dute. Udalak adierazi duenez, biltzen den kopuruaren arabera, bilketa bi egunetik hiru egunetara pasako da.

ARGIBIDEAK
943 67 02 40 (Artelatz). 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!