Mikel Pagola alkateak agerraldian bertan akordioaren berri eman zuen: “Urnietako herritarrei mezu argi eta nabarmena zuzendu nahi diegu: Birziklapenaren aldeko apustuan adostasun batera iritsi garela hiru alderdiak”.
Jarraian hiru alderdietako ordezkariek akordioaren inguruko ikuspegia azaldu zuten. Birziklapen tasa igotzea denen helburu izanik, materia organikoa biltzen hasteko kanpainarekin bat egin zuten denek. Bilduk zein jarrera har zezakeen, interesa sortu zuen hedabideen artean. Ez zen ezustekorik izan, eta Bildu atez atekoaren aldekoa bada ere, Urnietan aurreko agintaldian hartutako erabakia errespetatu eta kanpaina babestearen alde agertu da. Gogoan izan behar da jarrera bera izan zuela ANVk 2010eko Udal erabakian.
Akordioak akordio, Urnietako herrigunean egun hauetan bosgarren edukiontzia erabiltzen hasiko dira.
Gehiago birziklatzea adostasuna erabatekoa da
Edukiontzi marroiaren bitartez, materia organikoaren bilketaren hasiera iragartzeko prentsa agerraldian Urnietako udaletxean ordezkaritza duen alderdi bakoitzak hitza hartu zuen.
Hiru alderdietako ordezkariek kanpainarekin bat egiteko eskatu zieten urnietarrei, denek ere zaborren birziklapen tasa igotzea helburu dutelarik.
David Roscok EAJ-PNVren izenean hitz egin zuen: “Gaurko honetan pozik egoteko moduan gaudela uste dut. Pozik, zaborren gai korapilatsu honetan, pentsamolde desberdina dugun alderdi politikoen artean gutxieneko helburu amankomun batzuk ezartzeko eta adosteko gai izan garelako. Baina gure apustua antzua izango da herriko bizilagunen konpromisoa ez badugu jasotzen. Hori da gaurkoan zuzenki herritarroi egiten dizuegun eskaera: birziklatu egin behar dugu”.
Xabier Yurramendi Bilduren izenean aritu zen: “Bilduk atez ateko sistemaren aldeko hautua egin du publikoki, baina, Urnietan bosgarren edukiontziaren aldeko erabakia hartu zen gehiengo osoz pasa den legegintzaldian, eta guk erabaki hori onartu beste erremediorik ez daukagu. Urnietako Bilduk birziklapenaren aldeko apustua berresten du eta herriko birziklapen tasa %65era iristeko pausoak ematea adostu du ordezkaritza duten beste bi alderdi politikoekin".
Herme Gonzalez PSE-EEko bozeramaileak pozik egoteko arrazoiak bazirela zioen, “Uste dut zoriontzeko eguna dela gaurkoa eta nire ustez guztiok dauzkagu bi arrazoi bereziki pozik egoteko. Lehenik eta behin, Udaletxean ordezkaritza dugun alderdi guztiak elkarrekin gaude eta denok horrelako ekimen bat sustatzea oso garrantzitsua da. Zeren gai honetan denok egon beharra daukagu. Bestetik, bilketa sistema honek arrakasta izatea denon ardura eta lana da, Urnietan bizi garen guztiona, hain zuzen. Guztiok jarri behar dugu geure aldetik ahal dugun guztia ahalik eta hobekien eta gehien birziklatzeko”.
“Ez da gure asmoa atez atekoaren eta bosgarren edukiontziaren
arteko gerran sartzea”
Urriaren 31ko agerraldiak Euskal Herriko hedabideen interesa piztu zuen, bereziki, zaborren politikan hain estrategia ezberdinak dituzten hiru alderdi elkarrekin agertu zirelako. Pagola alkateak akordioaren berri eman zuen: “Urnietako herritarrei mezu argi eta nabarmena zuzendu nahi diegu: Birziklapenaren aldeko apustuan adostasun batera iritsi garela hiru alderdiak”.
Eta Bilduk zer zioen? Galde-erreguetan Bilduk bere jarrera zehaztu zuen: “Materia organikoa biltzeko kanpaina bat martxan jartzen denean, gure helburua ere bada ahalik eta birziklatze tasa handiena lortzea. Gaurko egunez guretzat atez atekoa da sistema hoberena, baina Urnietako Udalaren errealitateari erreparatu behar zaio: 2010ean udalak bosgarren edukinontziaren alde egi zuen. Gauzak horrela, guk zera diogu: goazen ahalik eta ondoen egitea. Lor dezagun ahalik eta birziklatze tasa handiena. Atez atekoaren eta bosgarren edukinontziaren arteko gerran sartzea ez da gure asmoa.
Gipuzkoan honi lotuta badago beste eztabaida potoloa: erraustegia bai ala ez. Gure jarrera erraustegiaren aurkakoa da, argi. Erraustegiari ezetz esateko ahalik eta birziklatze tasarik handiena lortu behar dugu, eta hori da gu gaur agerraldi honetan egotearen arrazoia”.
PSE-EErentzat Bilduren jokabidea ez zen oharkabean igaro: “Esfortzua denok egin dugu eta hori txalotzekoa da. Bilduri bereziki egin duen esfortzua aitortu behar zaio”.
Bildu, ANVk 2010ean hartutako bidetik
Iñaki Mendizabal, 5. edukiontzia hizpide” izenburupean Aiurrin argitaratutako elkarrizketa oso argigarria da orduko eta oraingo ezker abertzaleak izan duten jarrera ulertzeko. Lehen eta orain Urnietan ezker abertzalea atez atekoaren alde agertu da, baina Udaletxean hartu diren erabakiekin jarrera eraikitzailea hartu dute. Horrela izan zen Iñaki Mendizabal ANVko bozeramaile izan zenean (2007-2011) eta baita orain ere Xabier Yurramendi Bilduko bozeramailearekin (2011-2015).
Horra 2010eko apirilean Aiurrin argitaratu zen elkarrizketaren hainbat pasarte:
Hemeroteka, Aiurri.com (Urnieta 2010-04-22): Urnietako Udalak bosgarren edukiontziaren aldeko erabakia hartu zuen, horren harira Iñaki Mendizabal ANVko zinegotziak jarrera praktikoa eta aktiboa hartzera dei egiten du: “Urnieta nukleo bat izanik, zabor bilketa oso erraza izango luke baina, momentu honetan 5. edukiontzia onartu dute gehiengoz eta goazen jendea kontzientziatzera”.
Aiurri astekaria. Azkeneko Udal bilkuran ika-mika sortu zen EAJren mozioaren inguruan. Bosgarren edukiontziaren alde agertu ziren EAJ eta PSE-EE; UDA, Herrigintza eta ANV berriz atez atekoaren alde. Bozketa egin ostean, beraien alternatibak hartu zuen gaina. Ezer egiteko asmorik ba al duzue?
Iñaki Mendizabal: 5. edukiontzia erabiltzea, jendea kontzientziatuz hori egitera. Horrek hurrengo pauso batera eramango baikaitu; kontsumo mailan prozesu eraldatzailea eman behar da, ez da atez atekoaren kontua soilik. Lurrarentzat ongarri direnak horretarako erabili eta goazen ikastera. Belaunaldi batzuk beharko dira kontzientzia hori lortzeko, baina horretara joan behar dugu.
(…) Kultura aldatu beharra daukagu, krisiak ondorioak ekarriko ditu eta ondorio bat izan liteke kontsumo masibo hau jaistea. Baikorra naiz baina aldatu beharra dago. Eztabaida eta planteamendua ongi hartu ez izanaren akatsa badugula esango nuke, ez dugula herritar prozesu bilakatu. Erabakia hartua dago eta jende guztia animatzen dut edukiontzi berria erabiltzera.