Etiopiaren aldeko herri bazkaria, igande honetan Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urr. 26a, 12:12

Urnietako parrokiak eta Etiopia Utopia fundazioak antolatuta, biltzen duten dirua fundazioaren egitasmoetarako bideratuko da.

Igande honetarako bazkari herrikoia antolatu dute Urnietan, Etiopian garatzen ari diren elkartasun proiektuei bultzada eman asmoz. Bazkaria Urnietako parrokiako kideek eta zenbait herritarrek antolatu dute, Etiopia Utopia Fundazioarekin elkarlanean. Bazkaria Egape ikastolako frontoian ospatuko da, eta honako menua izango du: gula entsalada, haragi gisatua barazkiekin eta postrea eta kafea. Hori guztia 20 euroren truke. Txartelak hainbat lekutan eros daitezke: Fagoaga, Muazpi eta Goia harategietan, Itxaspe dendan eta Denontzat, Pepe eta Kantoi tabernetan.

Etiopia Utopia Fundazioak Afrikako herrialde hartako Wukroko komunitatearen garatzen ditu bere elkartasun proiektuak. Hernaniko Angel Olaran misiolariarekin elkarlanean ari dira azken hiruzpalau urteetan. Olaran Euskal Herrian da egunotan, eta Urnietan bertan hitzaldia eskainiko du azaroaren 14an, Wukron garatzen diren egitasmoen berri emateko.
Etiopiako herritarrek jasaten dituzten bizi baldintzak deskribatzeaz gain, Olaran munduan ezarrita dauden ezberdintasun ekonomiko eta sozialen gainean jardungo da. Oso ikuspegi kritikoa azaldu ohi du horrelakoetan: “pobreziaren arazoa konpondu ez bada, komeni ez delako da. Gosetea programatutako eta onartutako genozidioa da. Gauza bakoitzari bere izenaz deitu behar zaio. Eta hitzek beren zentzua galdu badute, hizkuntza berri bat asmatu beharko dugu”.
Igandean egingo den ekitaldian, gainera, abuztuan zendu zen Hilari Arruarte urnietarra omentzeko asmoa ere badute. Urnietako parrokiak gogoan izan nahi du Hilarik urteetan egindako lana, “nekaezina zen eta ia azkenera arte gure ondoan izan genuen behar genuen laguntza emateko”.

Imanol Apalategui Etiopia Utopia Fundazioko lehendakaria da. Lanbidez mediku ikuskatzailea den donostiarraren ustetan, Etiopian bizi den pobreziaren arrazoi nagusia munduan indarrean dagoen sistemak eragiten du. Errealitate horri aurre egiteko murgildu zen, hain zuzen ere, Fundazioan burubelarri.  Gaur egun 160 bolondres murgilduta daude fundazioaren baitan.

Nolaz animatu zarete Urnietan bazkaria antolatzera?
I.A.: Donostian edo inguruan mugitu gara orain arte, eta Gipuzkoako herrietara zabaltzeko badaukagu gogoa. Pozik hartu dugu Urnietatik luzatu zaigun gonbitea. Fundazioko laguntzaileak diren Joxe Ramon Jauregi eta Joxe Ramon Berrozpek ireki digute bidea, eta beste hainbat herritar ere mugitu dira azpiegitura eta beste kontuak antolatzeko orduan. Menuari dagokionez, entsalada geuk prestatuko dugu, eta bigarren platera Xabier Zabaleta Aratz jatetxeko sukaldariaren esku geratuko da. Oso eskertuak gaude guztien laguntzagatik.

Zer lortu nahi duzue Urnietan?
I.A.: Ekitaldiak badu begi bistakoa den helburua: Etiopian proiektuak garatzeko dirua biltzea. Hala ere, horren gainetik Fundazioa zertan dabilen urnietarrei jakinaraztea diruaren aurretik jarri nahi dugu. Izan ere, sosen kontua gai nagusitzat joko bagenu, karitatea bultzatzen ariko ginateke, eta ez dugu bat egiten filosofia horrekin. Guk, urnietarrak, Etiopiak bizi duen errealitatearen inguruan sentsibilizatu nahi genituzke.

Nondik dator Etiopia Utopia izena?
I.A.: Eduardo Galeano idazleak ederki asko deskribatzen duen bezala, utopia errepide bat da. Hartzen duzu bidea eta bazoaz, eta kilometroak egin ahala, zeruertza ikusten zoaz. Utopia, azken batean, errepidean abian jartzea da.
Gurean, orain urte batzuk utopikoak zitzaizkigun hainbat gauza errealitate bihurtu zaizkigu, eta hori bidea eginez izan da. Bada, zergatik ez han, Etiopian?

Eta zergatik Fundazioa?
I.A.: Kooperazioaren arloan ohiko den modura eratu gintezke, baina kontua da modu burutsuan egin nahi dugula garapen egitasmoen kudeaketa. Fundazio baten egiturak ematen dizu aukera helburu zehatz batzuk komunitate zehatz batean eta modu jarraituan aplikatzeko, egitasmoak aldatzen ibili gabe. Izan ere, maiz, elkartasunaren arloan pentsatu izan da nahikoa dela borondatea jartzearekin eta edozertan laguntzearekin. Apetitua eragiteko estimulagarriak ere bidali izan dira Afrikara, esaterako, eta horrelako jolabideak ekiditu egin behar dira.
Hango errealitatea ondo aztertu eta ezagutu ondoren, premiazkoenak diren proiektuen kudeaketa profesionala bultzatu nahi dugu.

Zer esan nahi duzu profesionala aipatzean?
I.A.: Fundazioan denok gara bolondresak; gaur egun160 inguru gara. Pertsona bakarra dabil egun erdiko lanaldiarekin, han, Etiopian.
Saiatzen gara pertsona edo erakunde prestatuengana jotzea, kooperazioak dituen alderdi guztien kudeaketa egiteko orduan. Hau da, une batean edo bestean modu eraginkorrean lagun dezaketen erakunde publiko eta pribatuekin harremanak sakontzen saiatzen gara, eta esan behar da gehienetan erantzun ona ari garela jasotzen. Noski, laguntza hori borondatearen bidez gauzatzea nahi izaten dugu; gastu guztiak han bertan eginez.

Angel Olaran misiolariak urtetan pilatu duen eskarmentuaz baliatzen zarete elkarlanean jarduteko…
I.A.: Angel Olaranek 42 urte daramatza Afrikan, horietatik 22 Etiopian. Ederki ezagutzen ditu Afrikako barrunbeak, eta izugarrizko lana egin du urte horietan. Une honetan, bere ardurapean, proiektu mordoska ari da gauzatzen Wukron herrialdeko komunitatean; besteak beste, lanbide profesionaleko ikasketak gazteentzat, asistentzia-laguntzak gaixo eta behardunentzat, basoak berritzera bideratutako gitasmoak…
Proiektu guzti horien berri emateaz gain Afrikako errealitateaz daukan ikuspegia ere bertatik bertara azalduko dizkie urnietarrei, azaroaren 14an emango duen hitzaldian.
Zu zerorri, Etiopian izana zara noizbait?
I.A.: Zazpi txandatan izan naiz bertan, 2003az geroztik. Bidaia horiei esker, gero eta argiago daukat gure ikuspegia aldatu beharra daukagula: ez dakit zer garela iruditzen zaigu haiekin elkarlanean jarduteagatik. Baina, egiatan, guk haiengandik gehiago daukagu ikasteko, haiek gugandik baino.

Haiek gurekin alderatzea lagundu dizute egindako bidaiek, hortaz…
I.A.: Han txiroak izango dira, baina irribarrea ez dute galtzen inoiz. Hemen, berriz, zer daukagu? Aurreikuspen material ugari pizten dugu gure baitan; arrakasta pilaketa materialarekin lotzen dugu. Baina gero zer gertatzen da? Inoiz ez garela asetzen! Hortik datoz frustrazio pertsonalak, depresioak, antsietate egoerak… Gure benetako krisia ez da ekonomikoa, gurea espirituala da.
Benetan kaltetzen gaituena sistema kapitalista da: alegia, berak dakartzala munduan egiturazko pobrezia, kontsumismoa, eta, baliabide naturalak mugagabeak balira bezala ustiatzea.

Etiopia Utopia Fundazioa.
www.etiopiautopia.org
info@etiopiautopia.org
616 992 301.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!