Berrehun lagun pasatxo bertso afarian, gauaren kronika

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 29a, 18:50

urnietarrek erantzun bikaina eman zioten miela batzordeak antolatu zuen bertso afarian. Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Unai Ormaetxea aktore gaztearen saioaz gozatzera berrehun lagunetik gora hurbildu ziren.

Miela Batzordeak, Urnietako Udalaren babesarekin antolatutako jaien atariko bertso afaria egin zen pasa zen larunbatean Oianume jatetxean. Aipatzeko modukoa da bildu zen jendetza; 200 lagunetik gora. Larunbat arratsaldean herrian izandako hainbat ekitaldi zela medio guztiek ez zuten ordurako iristeko aukerarik izan, eta afaria zein emanaldia nahiko luze joan ziren. Hala ere, giroak ez zuen behera egin. Maialen Lujanbio eta Jon Maia bertsolariak, zein Unai Ormaetxea bakarrizketalari gazteak, emanaldi polita eskaini zuten. Haritz Zubillaga eta Petra Elser herritarrak arduratu ziren gaiak aurkezteaz.
Oianumen bildutako jendetza eta afaria gogoan izan zituzten bertso saioaren hasieran. Jon Maiak adierazi zuenez, “boda itxura hartu diogu / hasieratik jadanik / baina ez genekin boda honetan / ezkonberriak ginenik”.
Maialen Lujanbiok segida eman zion ezkontzaren ideia horri, eta iaz Iñistor jaian egin zuen bezala, urnietarrak xaxatzeko aukera baliatu zuen:
Afariak jarri dizkigu pil-pil
gure sabel, gure txistu
boda batean sartu gaituzte
ze bertigo, ze arrisku
gaur udazkena sartzen zala ta
hemen berriz zerbait piztu
ia Urnietan gaudenik ere
ezin liteke sinistu

Hurrengo bertsoarekin Jon Maiak poltsikoan sartu zituen urnietar guztiak:
Benetakoak dira guztiak
gaur ez dago muñekorik.
Bertsozaleak dira gehienak,
hortan ez daukat dudarik.
Urnieta beti Hernanipean
konplejuan itzalirik
baina Hernanin ez da egiten
holako bertso afaririk.

Esan gabe doa txalo, oihu eta txistu ugari jaso zituela. Lujanbio hernaniarrak Hernani defendatu zuen, urnietar batzuk kexu izan ziren arren:
Konplejuena alde batera
utzi dezagun mesedez.
Zu euren alde ipini zera
jendea irabazi fedez,
ta ez, Hernanin hainbestekorik
ez liteke egin berez.
Baina hernaniarrak etorri ezean
gaur Urnietan ere ez.

Lehiaketa
Petra Elserrek, andereño zorrotzaren lanean, puntuka jarri zituen biak. Ikusleek onena saritu behar zuten, txartel gorria edo berdea ateraz. Errima zailekin osatu zituzten bertsoak, eta ikusleen arabera, lehiaketan irabazle, Maialen Lujanbio izan zen. Sari modura gazta zati bat jaso zuen.

Kantua hizpide
Garai ezberdineko kantuak ipini zizkieten bi bertsolariei. Lehen kantua Eganek abesten zuen “Behin batian Loiolan” kantua izan zen. Hona Maialen Lujanbiok abestu zuen bertsoa:
Nere lehenengo diskoa izan zen
jaso nuena poz pozik
garai batean pubertaroan
ez zen Egan beste gauzik
horko loiola eta ogi zuri
oraindik ez dauzkat ahantzik
geroztik denak zahartu gara
Xabier Saldias ezik.

POXTA ZAHAR KANTUA
Poxta Zahar elkarteak duen abestiaren doinupean kantari jarri zituzten bi bertsolariak. Bakoitzak kopla bana abestuz, ikusleekin batera azken zatia abesteko

Maialen Lujanbio:
Beraz Urnietan festak badira,
hemen badago gazte mobida.
Jon Maia:
Gazte eta zahar denak sanoak,
ez bazter utzi beteranoak
Denak:
Altxa ezazu kopa, egin dezagun topa,
egin Poxta Zaharrekin topa.
Jon Maia:
Zenbat botila hustu dituzten,
orain letrarik ez da ikusten.
Maialen Lujanbio:
Botilak hustu mutil ta neskak,
ta oindik ez dira Urnietan festak.
Denak:
Altxa ezazu kopa, egin dezagun topa,
egin Poxta Zaharrekin topa.

Agurra
Antolatzaileek denei eskerrak eman ondoren, amaiera eman zioten saioari:
Maialen Lujanbio:
Hau da jendetza, hau plaza,
ia onenaren traza
moteltzen ez zen erraza.
Zorionak zuri izan bait zera
herria pizten kapaza,
eskerrik asko urnietarrak,
sanmielak ondo pasa.

Jon Maia:
Joan da udako errota,
herriak jaiez borborka,
Sanmielak azken nota.
Urte guztiko pena guztiak
ta kezkak sutara bota.
Ta orain denok Mielagatik
eta zeuengatik topa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!