Urdanbor, ehun laguneko danborrada

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 29a, 18:46

Urteroko ohiturari jarraituz, urdanbor elkartearen danbor hotsek urnietako kaleak hartuko dituzte sanmieleten. Agus Ramos eta Jokin Jimenez larunbata noiz iritsiko zain daude.

Zer moduz doaz entseguak?
Jokin Jimenez: Primeran. Hilabate lehenago hasten gara entseguekin, astean hiru egunez. Jendea ilusioarekin etortzen da urtero, eta Urdanborreko batzordekoak oso gustura antolatzen dugu dena.
Agus Ramos: Iragarpenek ez diote gauza onik astebururako, baina euriak ez gaitu beldurtzen eta berdin-berdin aterako gara kalera.
J.J.: Orain urte batzuk, oso bolada txarra bizitu genuen. Euria egin zigun zenbait urtetan segidan, eta orduan, gure artean, txantxa batek hartu zuen ospea: alegia, Urdanbor izena ez zetorrela Urnieta eta danborrada batzetik, ura eta danborrada batzetik baizik.

Zein da zuen errepertorioa?
J.J.: Hogei bat pieza jotzen ditugu. Urnietako ereserkia, hainbat Sarriegirenak, Debako martxa, San Roke…
A.R.: Hala ere, urtero pieza berriren bat sartzen dugu pizgarri gisa, batez ere beteranoak ez daitezen aspertu beti errepeetorio berberarekin. Aurtengoan, “Ataque de herriko semes” aukeratu dugu, Donostian nahiko ezaguna dena. Kostata, baina azkenean ikasi dugu entseguetan ondo saiatuta.

Zein ibilbidea egiten duzue?
A.R.: Plazan elkartzen gara eta meza ostean elizan barruan jotzen dugu, 20:00etan. Ondoren, San Juan Kalean barrena txoznetara abiatzen gara. 21:00ak aldera ibilbidea eten, eta autobusez Oianumera joaten gara afaltzera. 23:30ak aldera, bigarren irteerari ekiten diogu, Urraka auzora abiatuz. Handik, Plazara; 24:00eta bertan joko dugu. Azkenik, herrian zehar jarraitzen dugu danbor hotsarekin, giro polita dagoen jai eremu eta taberna inguruetan, 02.30ak aldera arte.

Ibilbide horretan, izatez, izango dituzue toki kuttunak…
A.R.: Leku guztiak dira aipatzekoak, baina eliza aipatuko genuke lehenbizi. Jende ugari egoten da gu entzuteko zain, eta danbor hotsak soinu berezia hartzen du bertan. Plazan gauerdiko saioa ere okasio nahiko solemnea izaten da guretzat. Horietaz gain, taberna eta txozna inguruak aipatuko nituzke.
Zenbat pertsona elkartzen zarete larunbatean?
J.J.: Ehundik gora bai, guztira. Urdanborreko bazkidea garen 94 pertsona, lau kantinera eta Bosko Anitz txarangako 10-15 kide.


Zuentzat zein da une edo ekitaldiarik gustukoena Sanmieletan, danborarradaz gain noski?
J.J. Azken igandea oso egun polita izaten da. Baserritarren eguna, sagardo dastaketa, berbena… oso giro jatorra sortzen da eta badauka xarma berezia.
A.R.: Nik ere egun horixe nabarmenduko nuke. Gainera, Miela pertsonaiaren inguruko ekitaldiek asko indartu dute jai giroa Urnietan. Urdanborreko kideek ere parte hartzen dugu antolaketa horretan.
Noizkoa da Urdanbor danborrada?
J.J.: Udalak antolatzen zuena bertan behera geratu zen 70eko hamarkadan. 1992an berriro heldu zitzaion, eta 2001ean Urdanbor elkartea sortu zen, Sanmieletan danborrada antolatzeko espreski. Bazkideok 10 euroko kuota ordaintzen dugu, eta udalaren diru laguntza erantsita, nahikoa izaten dugu jantziak, materiala, txaranga edo eta bestelako gastuei aurre egiteko.

Ez al dizue tentatzen urtean zehar ekimen gehiago antolatzeak 94 bazkideko elkartea izanda?
J.J.: Iaz kultur eta gastronomia elkartea sortzea aztertu genuen; egoitza ere topatu genuen, baina bazkideak biltzen hasi ginenean, ohartu ginen jende asko ez dabilela diruz soberan, eta gainera, beste elkarteetako kide dela jada.
A.R.: Hala ere, baditugu zenbait egitasmo, eta horien artean hurrengo urterako gazteen danborrada sortzea dago. Ohartuta gaude 12 urte arte ikastetxeetan jotzen dutela, baina gero 18 urte bitartean ez daukatela nora joan.

Ba al dauzkazue harremanik Egapedanbor eta Presentacion de Mariako haur danborradekin?
A.R.: Harramen ona daukagu horiekin. Hain zuzen, aurreko larunbateko jaian elkarrekin jardun genuen. Errepertorioak eta jantziak trukatzen ditugu elkar, eta haurren guraso asko gure taldekoak dira. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!