Unai Ormaetxea aktore gaztea Miela Batzordeko bertso afarian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 14a, 12:34

Unai Ormaetxea andoaindar-oreretar gaztea txikitatik dabil antzerkiaren munduan. Aurtengo Goiburuko jaietan auzotarren aurrean bakarrizketa egin zuen, eta bai bera bai ikusleek ederki pasa zuten. Irailaren 22an Urnietan arituko da, Oianumen egingo den bertso afarian.

Nolatan hasi zinen bakarrizketak egiten?
Unai Ormaetxea.
Txikitan ikastolan antzerkian hasi nintzen, eta ikastolan bertan dramatika klaseak jaso nituen. Baina pauso garrantzitsua iaz eman nuen, Donostiako Zurriola Antzerki Eskolan sartu bainintzen. Ikastolako irakasle batek gomendatu zidan hara joatea, Goenkalen lan egiten duten aktore asko eta asko bertatik ateratakoak baitira. Anartz Zuazua zuzendari ezaguna da nire irakaslea eta asko ikasten ari naiz. Aurten, uda aprobetxatzeko bakarrizketak egiten hasi naiz.

Irailaren 22an Urnietan antzeztuko duzu. Zerbait aurreratzerik ba al dago?
U.O.
Antolatzaileekin dagoeneko bilera egin dut, zer egitea nahi duten jakiteko. Aukera ona da niretzat, nire izena ahoz aho geroz eta ezagunagoa izateko.

Zenbat saio egin dituzu?
U.O.
Goiburun egin nuena egiten nuen bigarrena zen, baina hainbeste jenderen aurrean egiten nuen lehena. Oso ondo atera zen.
Baina antzerkian beste bi antzezlan egin ditut. Donostian gazteentzako antzerki topaketak antolatzen dituzte, eta aurten Zurriolako antzerki eskolarekin "Dirua" izeneko lana antzeztu nuen, eta talde artistiko onenaren saria eman ziguten. Sari garrantzitsua da.

17 urte dituzu, gaztetasuna abantaila edo desabantaila da oholtza gainean?
U.O.
Batzuek esango dute oso gaztea naizela, baina beti gustatu izan zait antzerkia, eta oso natural atera izan zait.

Nola prestatzen dituzu saioak?
U.O.
Azkena nire auzoan egin nuen. Paperaren aurrean jarri eta buruari ematen hasten naiz. Urtean zehar gertatutakoa kontatzen saiatzen naiz. Batek baratzean zerbait jarri duela, besteak sua egiten duela... betiere jendea errespetatuz, baina jendeari barre eraginez. Gainera mozorrotuta ateratzen naiz eta horrek jendea antzezlanean gehiago sartzen laguntzen du.
 
Norbait miresten al duzu bakarrizketen munduan?
U.O.
Ni antzerkian aritzearen errudun handienetakoa Anjel Alkain da. Niretzako erreferente handi bat izan da, gainera andoaindarra. Wazemank egiten hasi zenetik gustatu izan zait, bai telebistan, bai pelikuletan eta baita antzerkian ere. Bestalde, antzezlan bat ere miresten dut, "Kutxidazu bidea, Ixabel". Antzerkia gustatzen zait, ez pelikula. Oso ona dela iruditzen zait, ikasteko primerakoa.

Tokian tokiko kontuak lantzen saiatzen zara...
U.O.
Bakarrizketari "Gue kontuk" horregatik jarri diot izena, herriko kontuak direlako. Jendeari gustatzen bazaio, aurrera jarraituko dut.

Inprobisatzen al duzu?
U.O.
Normalean dena oso prestatuta eramaten dut, baina antzezten ari zaren momentuan testua ahazten bada, inprobisatzea besterik ez da gelditzen, denbora irabazi behar delako. Pasa izan zait, eta oso lasai egon behar da inprobisatzeko.

Publikoaren aurrean momentu txarren bat pasa al duzu? Testua ahaztea, barreari ez eustea... nola egiten diozu aurre horrelako egoerei?
U.O.
Ez, momentuz ez dut gaizki pasa oholtzaren gainean. Testua pixka bat ahaztea bai, baina beti eman izan diot buelta. Normal jarraitzen asmatu izan dut. Pentsatzen dut etorriko direla momentu txar horiek, baina etortzen denean aurrea hartzen saiatuko naiz.

Eszenarioaren gainean anekdotarik ba al duzu?
U.O.
Bai. Lehenengo bakarrizketa egin nuenean gertatu zitzaidan. Umeei buruz hitz egiten ari nintzen, Gabonetan baserritarrez jantzita Olentzerorengana zergatik eramaten dituzten, beldurra ematen baitie, beti negarrez hasten direla. Hori esan eta publikoan zegoen ume bat negarrez hasi zen. Izugarrizko barregura eragin zidan!

Ba al duzu pertsonaje zehatzen bat lantzeko gogoa?
U.O.
Beti saiatzen naiz Euskal Herriko pertsonajeak lantzen. Ez dakit nongo aitona, edo baserritar amona. Euskal giroan konzentratutako pertsonaiak egiten saiatzen naiz.

Komediatik kanpo ikusten duzu zure burua?
U.O.
Garbi dut komediatik kanpo paper asko dagoela. Dramatikan ere ibili naiz eta paper horietan ere gustura sentitzen naiz. Baina antzerki komikoa da herriari gehien gustatzen zaiona. Festetan ere joko handia ematen du.

Zer da errazagoa barre eragitea edo negar eragitea?
U.O.
Euskaldunekin ez dakit zer esan! Nire ustez, barre eragitea errazagoa da. Barrea edozein txorakeriak eragiten digu eta gainera, ondokoa barrez ikusiz gero kutsatu egiten da. Baina negarra lortzea niretzat, absolutua da.

Etorkizunean antzerkiaren munduan jarraitzeko asmoa duzu?
U.O.
Gauzak ondo badoaz, zergatik ez? Jendeari gustatzea da garrantzitsuena, barre egitea eta identifikatuta sentitzea. Momentuz gauza txikiak egiten ditut. Aurten ere Zurriolako Antzerki Eskolarekin ea beste sariren bat irabazten dugun, kurrikulumean jartzeko!

Bertso afaria. Irailak 22. Oianume

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!