"Arduraz aritu gara, serio lanean, hondakinak ongi kudeatzeak onurak besterik ez dituelako ekartzen herritarrentzat". Agur kutsua izan du Ainhoa Intxaurrandieta Sanmarkoko lehendakariak gaurkoan eskaini duen prentsaurrekoak. "Herritarren interesak zaintzen aritu gara. Ez dugu enpresa handien interesen mesederako lanik egin nahi izan. Argi dugu zein den bidea: murrizketa eta prebentzioa, berrerabilpena eta birziklatzea, zabotegirik eta errauste plantarik beharrezko egingo ez duen hondakinen kudeaketa zentzuzkoa. Hau da, gure helburua Gipuzkoa Zero Zabor lurraldea bihurtzea da. Eta posible da, gure ondorengoen osasuna eta bizi kalitatea zaindu nahi ditugulako, behar beharrezkoa delako".
Urtebete egin du egungo zuzendaritzak Sanmarkoko mankomunitatea gobernatzen. Denbora honetan hiru Garbigune zabaldu dituzte: Oiartzunen, Hernanin eta Usurbilen. Donostiako bigarren Garbiguneko lanak bideratu dituzte eta "Urnietako Udalari organikoaren edukiontzia jartzea –5. edukiontzia alegia– ahalbidetu diogu, hala eskatu zuelako bere garaian", esan du Ainhoa Intxaurrandietak.
"Zergatik bota?"
Urrats handiak egin dituztela dio San Markoko zuzendaritzak, "baina norbaiti min ematen dio guk lana txukun egiteak". Herritarren borondatea urratu nahi dutela uste dute. Hala adierazi du Ainhoa Intxaurrandietak, Sanmarkoko lehendakariak eta Lezoko Bilduko zinegotziak: "pasa den astean, Sanmarko mankomunitateko gobernua aldatzeko proposamena sartu zuen EAJ alderdiak. Hamar udalerrietatik bederatzitan gobernatzen duen Bildu bota nahi du EAJk. Eta ez dugu ulertzen. Zergatik bota? Akatsik egin al dugu kudeaketan?
Herritarrek, erakundeek eta enpresek zoriontzen gaituztenean, alderdi jeltzaleak kalera bota nahi gaitu".
Interes ezkutuen morroi
"Esan dugu hasieran, herritarren interesen alde egin dugula eta ez enpresa handien alde", aiderazi du prentsaurrekoan Sanmarkoko egungo lehendakariak. "Agian hori da arrazoia. Batzuk enpresa handien interesen morroi direla, proiekturik ez duten arren, interes ezkutuen morroi direla. Eta ez egin, eta egiten ere ez dute egiten utzi nahi, beldur diote irtenbideak topatzen dituen kudeaketari", esan du Intxaurrandietak.