Udal agintaldiaren lehen urteurrena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 19a, 11:46

Udal Gobernu taldeak agintean eman duen urtearen balorazioa egin zuen hedabideen aurrean. Mikel Paagola alkateak alboan izan zituen Maribel Vaquero, David Rosco eta Miren Martiarena gobernu taldeko kideak. Egindako lanaren eta epe ertainera begira dituzten asmoen berri eman zuten. Udazkenerako, bosgarren edukinontzia txertatzea eta Eguneko Zentroaren irekiera iragarri dituzte.

Alkateak Udal gobernuaren erronka bikoitza dela adierazi zuen: "ditugun Udal egitasmoak aurrera eramatea eta bizi dugun egoera ekonomikoak Urnietan ahalik eta min gutxien eragitea".

Udal agintea hartzean, eraginkortasuna, gardentasuna, parte hartzea eta irekiera irizpideen arabera lan egitea erabaki zutela adierazi zuen. Horren adierazgarri jeltzaleek hartu zuten konpromisoetako bat, hiru hilabetero udalbatza osatzen duten gainerako kideei aurrekontuen nondik-norakoak zehaztapen osoz azaltzen da, onarpenen eta exekuzioen berri zuzena emanez. Bestela esanda, Udal kontrola hiru alderdiren esku dagoela.

Hitz egitea izan da Udal gobernuaren printzipioetako bat, "ahalik eta adostasun zabalenera iritsi ahal izateko oposizioko taldeekin eta denentzat nahikoa erosoa den elkarbizitza bat sustatzeko. Ahalegin horren erakusgarri dira aho-batez babestutako Udal aurrekontuak, edota 2011-2015 Legealdi planaren onarpenak. Udal Araudi Organikoaren onartzea ere urrats esanguratsua izan zen, erakundearen barne funtzionamendua arautzeko".

Krisi ekonomikoari aurre egiteko alkateak bailara mailako enplegu plana aipatu zuen; “Bailarako Enplegu Plana jarri dugu. Oraintxe bertan hori da gure kezka, krisiak denok astintzen gaitu eta txoko guztietara zabaltzen ari baita: etxeetara, dendetara, tabernetara, enpresetara eta erakundeetara”.

Udalaren euro bakoitzari ahalik eta erabilera hoberena emateko lanean ari direla adierazi zuten, "zenbakiak borobiltzea ez da erraza. Egia da 2011ko ekitaldia ia 4.000.000 euroko irabaziekin itxi genuela, baina ezin dugu ahaztu diru hori inbertsioetarako behar dugula. Ez da serioa irabazia agortzen hastea gastu arruntak ordaintzeko. Eguneroko ogia erosteko, etxeko aurrezkietara jotzea bezala litzateke”.

 

KUDEAKETA URTEBETEKO EPEAN

Udal gobernu taldeak urtebetean egindako lanaren zerrenda banatu zuen hedabideen aurrean. Hauexek, aipagarrienak:

 

Administrazio mailakoak

• Udal Araudi Organikoaren onarpena.

• Herritarren Arreta Zerbitzuaren sorrera, 2013ko urte hasieran ezartzeko asmoz. Udal zerbitzuak azkartzeko eta hobetzeko helburuarekin.

• Kontratuen berrikuspena: garbiketa kontratuak berrikusi dira eta momentu honetan kale-hezitzaileenak, Gaztelekukoak eta Kiroldegikoak aztertzen ari da Udala. Udal eraikinen garbiketa zerbitzuaren esleipen prozesua martxan da.

• Lanpostu berriak: Administrazio orokorreko teknikari baten eta arkitekto baten kontratazioak.

 

Gizarte mailakoak

• Anbulategi berria.

• Eguneko Zentroa: Aldundiak iragarritakoaren arabera, udazkenean zabalduko ditu ateak Urnietako Eguneko Zentro berriak. 15 erabiltzailerentzat izango du tokia, baina ireki eta urtebeteren buruan, plaza kopurua handitzea aurreikusten da.

• Berdintasun Plana: Azaroan aurkeztuko da plan osoa.

• Baketik, akordioa: Udalak Arantzazu Baketik Fundazioarekin hitzarmena sinatu du udalerrian elkarbizitzaren berradiskidetze prozesua errazteko.

• Gazte lokalen inguruko ordenantza: lokalen jabeen, erabiltzaileen eta kaltetuak izan daitezkeen bizilagunen betebeharrak eta eskubideak arautzen dituen ordenantza egin da.

• Jai Batzordea: herriko elkarteekin asanbladak egin ondoren eratu da. Alderdi politiko guztietako eta herriko elkarteetako ordezkariek osatzen dute batzordea.

• Herritarren partaidetza: Irisgarritasun Plana eta Berdintasun Plana lantzeko asmoz partaidetza prozesuak jarri dira martxan.

 

Hirigintza mailakoak

• Arau Subsidiarioak: Euskal Herriko Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak ontzat eman ostean, hiri planeamendu berriaren txostena. Prozesua bere azken fasean dago.

• Irisgarritasun Plana: 44 proposamen zehatz biltzen dira, eta epe ezberdinetan gauzatuko dira.

• Bosgarren edukiontzia: Udalak 5. edukiontzia jartzearen aldeko hautua egin du birziklapenaren, konpostajearen eta balorazio energetikoaren alde apustu eginez, etorkizuneko eredu gisa. Udazkenean 20-22 edukiontzi marroi ipiniko dira gaikako hondakin bilketaren portzentaia nabarmen areagotzeko xedez.

 

Mikel Pagola alkateak euskaraz egin zuen ia azalpen osoa, tarteka gaztelaniaz azalpenak eskainiz. Gazteleraz eskainitako lehen hitzak hauexek izan ziren, “aurreko Udal agintaldietan liskarra nagusi izan zen, eta guk ez genuen bide horretatik abiatu nahi. Ez dugu 2011-2015 agintaldia haserrealdiarena izatea nahi; errespetua, bere osotasunean, agintaldiaren ikur izatea nahiko genuke. Urnietarrok dugun arazo eta etsai handiena krisi ekonomikoa da”. Galderen txandan, hauexek nabarmendu beharreko bi galdera:

 

Funtzionarioei eragingo dien estatu mailako murrizketak direla eta, Udal langileen buru bezala, zein da zuen balorazioa?

Mikel Pagola. Eusko Jaurlaritza aztertzen ari da, zein neurritaraino derrigorrezkoak diren neurri horiek guztiak hemen txertatzea.

Aurreikuspenak ez dira onak, badirudi neurriak betearaztera, behartuko gaituztela. Ez bakarrik udal langileei dagozkienak. Baita beste neurri asko ere, besteak beste, %3ko BEZaren igoerak.

Maribel Vaquero. Kritika politikoa egin beharra dago. Euskal administrazioan, salbuespenak salbuespen, ez da arinkeriaz jokatu. Ez da gauza bera Valentziako egoera edo hemengoa. Baina estatu mailan neurri globalak eta berdinak aplikatu nahi dituzte denetzat. Denak zaku berean sartu dituzte.

Udal langileei dagokionez, ez dugu oraingoz bilerarik egin. Udal arduradun bezala, Eusko Jaurlaritzaren iritziaren zain gaude.

 

Urteko balorazioan Langarda auzia ez duzue aipatu. Zein iritzi duzue?

Mikel Pagola. Batzordea bere bidea egiten ari da. Batzordeko lehendakariak eman beharko lituzke azalpen gehiago. Hasieran ezarri zituen epeak, ordea, ez dira beteko. Modu positiboan ulertzen dugu batzordeak bere bidea egingo duela. Irtenbide egokia emateko aukera bermatuko dela espero dugu.

 

Udal batzarraldia

Uztailak 24, asteartea. 19:00.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!