Zein da zure ibilbidea dantza garaikidearen munduan?
Izaskun Lapaza: Txikia nintzenean dantza klasikoa egiten nuen, eta 15 urterekin Artelekun egiten diren ikastaro batean izena eman nuen dantza garaikidea egiteko. Gero, Bartzelonara joan nintzen unibertsitateko ikasketak egitera, eta han sakondu nuen dantza garaikidea, irakasle onekin ikasteko aukera eduki bainuen. Ondoren, Londresera joan nintzen, hiru urteko formakuntza jasotzeko. London Contemporany Dance Schcoolen ikasi nuen dantza garaikidea. Hona itzuli nintzenetik sorkuntza prozesuetan eta dantza klaseak ematen ibili naiz.
Nola hasi zinen Urnietan ikastaroak ematen?
I.L: Iaz hasi nintzen. Guraso batzuen aldetik balleta emateko eskaera bat egon zen. Sarobeko arduradunak eta Ana Remirorekin jarri ziren harremanetan, Donostiako Musika Eskolako dantza garaikideko irakaslearekin. Berak eman zien nire izena. Iaz, balleta eman nuen eta aurten, dantza garaikidea ematea eskatu dut, erosoago sentitzen bainaiz. Iazko udan hastapen ikastaro bat egin genuen, eta ikasturtean jarraitu genuen talde berarekin. Uda honetan helburu bera dugu, ikasturteari begira ikastaro bat egitea.
Dantza garaikidea zer den azaltzeko zer esango zenuke?
I.L: Dantza garaikidea ez da beste dantza batzuk bezain unibertsala, indibidualagoa da. Irakasle bakoitzak bere hurbilketa du. Azken aldian, konturatu naiz nire ibilbidea eta gero garatu dudan mugimendu mota oso artikulatua dela, hau da, gorputz atal desberdinak nola erabili lantzen dudala. Hala ere, gorputza bere osotasunean hartzea, espazio baten barruan, gure pentsamenduen ildoan eta beste pertsonekin harremanetan nola mugitu behar den lantzea ere gustatzen zait.
Geroz eta jende gehiagok egiten du dantza garaikidea. Zergatik uste duzu duela arrakasta?
I.L: Nik uste dut gure sustraietara itzultzeko era bat dela dantza garaikidea; nekazaritzara, elementu naturaletara, gorputzera... Gure naturaltasuna bilatzeko joera dagoela iruditzen zait, gizartea beste norantzan doalako. Dantza garaikidea oso teknika gertukoa eta erraza iruditzen zait helburu horretara iristeko. Beste dantza mota batzuk zorrotzagoak dira eta ordu gehiagoz egitea eskatzen dute. Dantza garaikideak bakoitzak ahal duena egiteko eta etekina ateratzeko aukera ematen du.
Zertan datza Urnietan emango den dantza garaikide ikastaroa?
I.L: Kurtsoa hiru kontzeptu nagusiren inguruan planteatu dut: pisua, jariokortasuna eta espazioaren kontzientzia. Hiru kontzeptu horiek landuko ditudan arren, edozein mugimendu egiterakoan hiru kontzeptuak agertuko dira aldi berean. Ariketa teknikoz osatutako klaseak planteatu nahi ditut, baina gorputzaren esplorazioarekin konbinatuz.
Nori dago zuzendua?
I.L: Nik dantza garaikidean esperientzia ez dutenenentzat planteatu dut. Izan ere, iaz hastapen ikastaro bat proposatu nuen eta oso maila ezberdinetako jendeak eman zuen izena. Saiatu nintzen denen gustokoa egiten baina koreografiak egiterakoan, agian, gehiegi estutu nuen taldea. Batzuk eskertu zuten, baina beste batzuk justu nik nahi ez nuena sentitu zuten; ezina. Horrek pena handia eman zidan. Aurten, oinarria landuko dut, eskutik helduta bezela eraman nahi ditut ikasleak.
Ikasturtean zehar ere izaten da dantza garaikidea egiteko aukera... ze desberdintasun dago udako ikastaroarekin?
I.L: Maila esango nuke. Kurtsoan zehar atera den taldeak maila handia du, euskal dantzatik zetozen neska asko zeudelako. Hurrengo urtera begira, beste talde bat ateratzea gustatuko litzaidake. Nik maila baino gehiago hurbilketa deituko nioke. Talde batek dantza garaikidearen arlo batzuk landuko lituzke, eta beste taldeak beste arlo batean jarriko luke arreta.
Zer esango zenioke pertsona bati ikastaroan izena emateko animatzeko?
I.L: Ikastaroa oso goxoa izango da. Testuinguru egokia izango da beldurra eta gainerakoak kentzeko; zerotik hasteko.
Zer egin behar du izena eman nahi duenak?
I.L: Saroberekin harremanetan jarri beharko du. Telefono zenbakia 943 008042 da eta emaila sarobe@urnieta.org.