Agurra ala gero arte bat? Pablo de Torresek zera adierazi dio Aiurri astekariari: “Ez dut erabat utziko, besteak beste, zuzendaritza berriak aholkulari modura egoteko eskatu didalako. Arazoa da ezinezkoa zaidala lanari, familiari eta futbolari orain arte bezala eustea”. Lantokian zeregin berriak jarri dizkiote, eta horren ondorioz, atzerrira maiz bidaiatu beharko du.
Agurra baino gehiago, gero arte bat da, “denbora baterako izatea nahiko nuke, baina ezin dut ezer aurreratu. Familia nire lehentasuna da, saiatuko naiz ahalik eta azkarren itzultzen, baina datarik ipini gabe”.
Gogorra egingo zaio futbola alde batera uztea, “26 urte daramatzat futbolari lotuta. Donostian 13 eman nituen eta Urnietan beste hainbeste. Urte horietan guztietan, abuztua iritsi eta futbolean murgiltzen nintzen. Uda honetan ez da horrela izango, eta aldaketarekin amildegi baten aurrean bezala sentitzen naiz”.
Erantzunkizun sozialaz hitz egiten du Pablok, “bakoitzak bere modura ulertzen du erantzunkizun soziala: Bosko Anitz aisialdi taldean ibili nintzen, baita saskibaloiko arbitro bezala ere, danborradaz arduratzen naiz... Nire ibilbidean gazteei aukera ematea izan da lehentasuna, gazteei jarduerak eskaini behar zaizkie eta orain arte, nire ekarpentxoa egin dudala uste dut”.
UKEk aldaketa garaia bizi du, lehendakaria eta koordinatzailea aldatu direlako. Pablo de Torresen analisia baikorra da, “klubak jarraipena bermatu du, eta gainera kide berriekin. Horiek guztiak albiste onak dira. Mikel Yurramendi lehendakari berria da. Harekin batera arituko dira lanean, besteak beste, Joseba Lizaso, Maite Otaño eta Jose Miguel Sanchez”.
Une gozoa bizi dute Urnietako futbol taldeek. Pabloren ustez, “UKEko futbol atalak bere ibilbideko urte onena bizi du: Lehen taldea Preferente mailara igo da, jubenila eta kadeteetako bat Igoerako Ligaskan aritu dira, kadete nesken taldeak igoera lortu du, infantil handiak Txapeldunen Ligaska jokatu du. Infantil txikien taldeak jokatu duen guztia irabazi du eta Ohorezko Ligan jokatzeko aukera izango du. Oso talde gutxiren esku dagoen aukera bat da hori. Azkenik, Infantil neskek Gipuzkoako Kopa irabazi dute. Taldeen martxa on horri futbol eskola erantsi behar zaio. Dagoeneko egonkortu da”. Eta bada Pablok ematen duen beste datu bat, oso argigarria: “orain 13 urte jokalari guztien %65a urnietarra zen. Gaur egun, %95a”.
Pablok urte hauetan guztietan alboan izan duen jende asko gogoan hartu nahi du, “izenak ez ditut esango baina niretzat opari bat izan da. Koordinatzaile lanetan neu ibili naiz, eta dantzan jende asko jarri dut. Lan ildo bat jarri dugu eta hori ulertu denean, ni izan naiz onuradun nagusiena. Abiapuntua futbola bilgune izatea izan da, haurren heziketan gurasoekin eta eskolarekin batera erreferentzia izanik. Azken helburua, kirol emaitzari lotuta dago, baina garrantzitsuagoa dira taldea bilgune bezala ulertzea, herriarekiko lotura indartzea eta taldekidearekiko nahiz aurkariarekiko errespetua izatea. Jokalariek, teknikariek, zuzendaritzak,... xede horretan denek lagundu dute”.
Oroitzapenak
“Ez dut sekula ahaztuko 1999ko abuztuan egin nuen lehen entrenamendua. Jubenil mailakoen entrenatzaile nintzen orduan. Jokalariei nire egitasmoa azaltzen ari nintzaiela, jokalari batek eskua sorbaldan jarri eta "Pablo, hori Urnietan ezinezkoa da" esan zidan. Nik orduan erantzun nion, "ba hori Urnietan ezinezkoa bada ni izango naiz joaten lehena”. Hamahiru urtez jarraitu du Pablok. Bere helburua lortu duen seinale.
Partida gogoangarri batzuk baditu gogoan, “Azpeitian igoerarako aukera galdu genuen hura, Aretxabaletan igoera lortu genuenean, Preferente mailan Hernanin jokatu genituen bi partidak ahaztuko ez diren partidak dira. Azken partida ere gogoangarria izan da, 1200-1300 lagun hurbildu ziren Urnietara. Marka guztiak hautsi genituen”.
Eskertza
“Eskerrak eman nahi ditut nirekiko erakutsi duten babesagatik. Beste alde batetik, herritarrei hausnarketa egitea eskatuko nieke; ea herrian egiten diren ekimen guztiak babesteko gure esku dagoen guztia egiten ote dugun. Bereziki, gazteei laguntzeko.
Herrian ekimenak martxan jartzeko jende askoren beharra izaten da. Urnietan aurrera eramaten diren ekimenekiko –Kirola, jaiak– babesa eskatu nahiko nuke. Urnietarrek ez badute hori egiten, nork egingo du?”.
Lan arrazoiak tarteko, urruntzea tokatzen zaio Pablori, baina ez oso urruti. Partidaren bat ikustera etorriko al zara? galderari azkar eta zuzen erantzuten du: “ezinezkoa da ni partida bat ikusi gabe egotea”.
Aiurritik desiorik onenak Pablorentzat, astekariarekiko izan duen jokabidea eskertzearekin batera. Abentura berri on!