Zer aurkituko du irakurleak liburuan?
Joxerra Bustillo: Nafarroako konkistaren inguruko hamabi gertakari esanguratsu bildu dira. Bosgarren mendeurrenak (1512-2012) berarekin daukan hamabi zenbakiari heldu zaio horretarako. Gertakari bakoitzak bere lekua (Biana, Iruñea, Lizarra, Monjardin, Belate, Noain, Amaiur, Hondarribia…) hartzeaz gain, gazteluak, museoak, pertsonaien biografiak, monumentuak, naturguneak… ere aipatzen dira. Datu guzti horiei argazkiak gehitu zaizkio, gida irakurterraz eta erabilgarria egin nahian. Liburua eskuan hartu eta memoria leku horiek bisitatzera gonbidatzen da irakurlea, azken batean.
Ez da historia liburu klasiko bat, hortaz…
J.B. Ez, inondik ere. Ni ez naiz historialaria, eta gainera ez naiz saiatu datuz jositako historia liburu bat egiten. Egia esan, Nafarroako konkistari buruz askorik ez dakitenei begira idatzia dago. Liburuak konkistara hurbiltzen du irakurlea; harekiko interesa pizten saiatzen da. Hortik aurrera, gehiago sakondu nahi izatera, badaude liburu on eta mardulak azken urteetan atera direnak.
Uda irakurriz eta bidaiatuz igarotzeko aproposa izan liteke liburua, beraz?
J.B. Baietz esango nuke. Liburua besapean hartu eta egun bateko txangoak egin litezke bertan deskribatzen diren bi edo hiru leku bisitatuz, inguruko puntu interesgarriak ezagutuz… eta hori dena Nafarroako konkistari buruzko xehetasunez bustitzen arituz.
Zer liburu gomendatuko zenizkioke gaian sakondu nahi duenari?
J.B. Bibliografia oparoa atera da azken urteetan, baina hiru aipatuko nituzke nire gogokoak direnak: Navarra, 1512-1530 (Pedro Esarte), ¡Amayur! Navarra pierde su independencia (Miguel de Orreaga) eta historialariekin 2010 eta 2011n ospatutako bi kongresu agertzen duten liburu bana (Nabarralde).
Zergatik erakartzen zaitu Nafarroako konkistaren gaiak?
J.B. Sustrai politiko eta kulturalak dauzka, eta beti erakarri izan nau. Aspaldiko kontua da, nahiz eta Nabarralde kolektiboa azken aldian ibili astintzen; jada Arturo Kanpion edo Miguel Orreaga idazleek zabaldu nahi izan zuten iraganean. Nigan eragin nabarmena, hala ere, Telesforo Monzonek Egin egunkarian 1980an idatzi zuen El jarron roto artikulu sonatuak eduki zuen. Berak aldarrikatzen zuen ez zegoela Nafarroarik gabeko etorkizunik, bera zela euskaldunon sustraia, ez zeukala inon sartu beharrik… Normalki, euskal nazionalismoaren historian Sabino Arana izan da jeltzaleen eta ezker abertzalearen sustrai ideologikoa. Gauza eztabaidagarria da, hala behar lukeen izan, eta esaterako, interesgarriak dira Nabarraldek azken aldian zabaldu dituen zenbait planteamendu (lurraldetasuna, bandera…).
Konkista izan zela gero eta onartuagoa dago historialarien artean…
J.B. Konkista hutsa izan baitzen. Fernando Katolikoaren eskribau Luis Correak berak konkista kontzeptua aipatzen zuen idatzi zituen kroniketan… Egiazki, Gaztela eta Aragoiko ejertzitoak Nafarroa Garaia eta Behe Nafarroa indarrez erasotu zituen fronte ezberdinetatik (Goizuetatik, Sakanatik, Tuteratik…). Are gehiago, konkistak kolonizazio prozesua ekarri zuen. Heriotza, kartzela, tortura, gazteluen suntsiketa, eta abarrez osatutako prozesu latza ezarri zitzaion Nafarroari. Erreinua zenaren estatu egitura guztia kanpotarrez josi zuten, kargu publiko eta administrazioko postuetatik hasita. Esango nuke, orduko kolonizazio prozesuaren ondorioak ari garela jasaten gaur egun. XX. mendean, frankismoan batik bat, Pradera, Del Burgo, Aizpun eta horiek korronte historizista berri bat sortu zuten, ukatuz konkistarena eta esanez atxikimendu askea izan zela Nafarroak erabaki zuena Gaztelarekiko. Hain zuzen, printzipio horretan oinarritzen da gaur egungo nabarrismoa, UPNrena bereziki. Hori bai, ez dut uste orduko egoera gaurko begiekin ikusi beharko litzatekeenik; gertaera historikoak ezin dira mimetikoki ekarri gurera, eta esaterako, ukatu bi ejertzitoetan euskaldunak aritu zirenik borrokan, eta aldarrikatu abertzaleak zirela Nafarroaren erresumaren alde jardun zutenak. Azken batean, bi plano bereizi beharko genituzke: kultural-historikoa eta politikoa.
Konkistari lotutako Gipuzkoako historia ere gero eta gehiagotan aipatzen da…
J.B. Asko dago egiteko historia berreskuratzearen alde. Guztiok nafarrak garela dioen kontzeptuaren inguruan batez ere, nahiz eta zenbait herrietan (Usurbil, Villabona, Getaria, Azpeitia) ekimenak burutzen ari diren. Gauza asko jarri beharko lirateke auzitan, esaterako, Irungo San Martzialari egun ematen zaion zentzua: gaztelarrek gipuzkoarrekin batera frantziarrak garaitu zituzteneko bataila bezala kontatzen zaigu, baina egiazki, garaileak espainiarrak izan ziren, eta garaituak frantziarrak ez ezik, horien aliatuak ziren Nafarroako erreinuaren aldeko nafarrak.
Zuk “Gordexolako nafar”-tzat definitzen duzu zeure burua…
J.B. Boutade gisa esan ohi dut, probokazio pixka bat eragin nahian. Enkarterrietan dago Gordexola, nire jaioterria. Han aspaldi galdu zen euskara eta nire belauanldikoentzat eta aurrekoentzat den-dena erdalduna gertatu da orain gutxi arte. Txisturen hotsa entzutea izan zitekeen ekintzarik euskaldunena. Egia esan, euskara da nire borroka pertsonala, borroka latza aspaldiko urtetan. Kostatzen ari zait euskara menperatzea, nahiz eta nonahi hitz egiten saiatu; bidean ere lagun onak daramatzat, Euskadi Irratia edo Berria eta Aiurri agerkariak, esaterako. Urnieta edo Andoain bezalako herri batean, edota familia euskaldun baten baitan jaio zaretenoi beti esango dizuet zeinen erraz daukazuen euskaldun izatea. Zoazte, esaterako, Gordexola, Errioxa edo Tuterara. Kontatuko didazue zenbat aldatzen den errealitatearekiko ikuspegia.
Liburugintzan zer egin duzu, eta zertan zabiltza egun?
J.B. Besteak beste, LAB sindikatuaren historia zati bat (2000-2006) idatzita daukat, eta Pedro Esarte historialariari edo Lucio Urtubia anarkistari edizio lanetan lagundu izan diet. Nire lehen nobela ere idazten ari naiz egun, eta ea laster argitaratzen den. Gainerakoan, proiektu editorial ezberdinetan murgilduta nabil azken urtetan.
Azalduko zenituzke sarean dauzkazun hiru blog-ak?
J.B. 2006an hasi nintzen, eta harrezkero saiatu naiz euskal politikari buruzko bi artikulu idazten astero, azogeak.com blogean. Beste bi blog-ak apalagoak dira: bata, bart ikusinuen.blogspot.com da, eta bertan irakurtzen ditudan liburuen iruzkinak egiten ditut; bestea xerka.blogspot.com da, agiriak-eta kontsultatzeko balio duen biltoki birtual gisa planteatuta dagoena.
Jende ugarik irakurtzen ditu zure artikuluak…
J.B. Ez dakit asko edo gutxi diren, baina tarteka komentarioak eta eztabaidak eragin izan dituzte nire artikuluek. Nolanahi ere, bizitasuna botatzen dut faltan euskal gizartean, nork bere iritzia zabaltzeko eta edonor edo edozer kritikatzeko ausardia, gogoa... Blog-en bidea aukera bat izan liteke, baina ulertzen dut ez dela lan erraza horietako bat maiztasunez elikatzea; ezagutzen ditut hasi bai, baina utzi behar izan dutenak, konstantzia eta buru lana eskatzen duelako.