Eusko Labelaren lehen Sagardo Eguna Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 28a, 12:07

Eusko Labela duen sagardoa bere bidea egiten ari da Euskal Herrian. Aurreko larunbatean lehenengo Sagardo Eguna ospatu zuten Bilboko Areatzan. Ekitaldian Gipuzkoako, Bizkaiako eta Arabako sagardogileek parte hartu zuten, tartean Urnietako Eula sagardotegiak.

Bilbon dastatu zen sagardo guztia % 100 Euskadiko sagarrarekin egindakoa izan zen, hau da, dastatu zen guztia Eusko Labela duen sagardoa da. Irekiera-ekitaldiari txalapartariek eman zioten hasiera eta Maialen Lujanbio bertsolariak hiru bertso kantatu zizkion sagardoari eta Eusko Label sagardoaren 2011ko uztari. Hona bertsoetako bat:

Sagar gozo mikatzak

Dilindan goizean

Baserritarrak martxan

Arbola soiltzean

Egiteko manera

Batera ohitzean

Eragina izango du

Bai saila doitzean

Hori guztia dago

Trago bakoitzean

Guztira 1.400 botila sagardo eskaini zituzten. Bertan izan ziren Urnietako Eula, Hernaniko Iparragirre, Usurbilgo Saizar, Astigarragako Añota, Astarbe, Bereziartua nahiz Lizeaga eta Adunako Aburuza, besteak beste.  Bildu zen diru guztia Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearentzat izan zen, eta horren truke, beren laguntza eskaini zuten Sagardo Egunaren antolaketan.

Eusko Labela duen sagardoaren ibilbidea

Urtebete baino gehiago igaro da Eusko Labela duen sagardoa merkaturatu zenetik. Marka ofizial eta publiko baten bermea duen sagardoa da, %100 Euskadiko sagarrarekin egindako sagardo naturala. Sustatzaileen helburua “industria bultzatzea da, baina baserritar sektorea ere bai, sagar-ekoizleen sektorea”. Uzta honetako sagardoa egiteko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 200 sagastietako 1.200.000 kilo sagar erabili dituzte.

Erabat kontroplean dagoen prozesua da. Hazi Korporazioa da araudiko atal horiek guztiak betetzen direla egiaztatzeko ardura duen erakunde kontrolatzailea. Alde batetik, sagardotarako sagarren ekoizpena kontrolatu da, ekoizleak ikuskatzea dira, eta baita horien sagastiak ere, eta denak zerrendetan erregistratzen dira. Sagarra ekoizpen-zentroetara nola garraiatu behar den ere jasota dago araudian, eta azkenik, nola egiten den, nola ontziratzen den eta nola etiketatzen den kontrolatzen da.

Hazi Korporazioak produktuaren analisi ugari egiten ditu laborategi eta unibertsitate desberdinetan. Hainbat alor aztertzen dira, hala nola, azidotasuna, alkohol-maila, pHa, azido malikoa eta baita azukreak, errautsak eta fenoleak ere. Baina azken proba Kalifikazio Batzordeak egiten duena da, horren ardura baita produktua dastatzea eta ezaugarri organoleptikoak balioestea, sagardo naturalen ikusmenaren, usaimenaren eta dastamenaren ikuspegitik.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!