Iaz arte, Urnieta-Adarra-Urnieta proba ohiko bilakatu zen herrian. Proba ezaguna izatea eta urtez urte antolatzeak ematen duen eskarmentua egonean goxo jarraitzeko nahiko arrazoi ziren. Baina bada beti arriskuaren bidea hautatzen duen norbait. 2012ko urtarrilean ausardiaz beterik ordura arte sekula egin gabeko probaren aurkezpena egin zuten jendaurrean: Urnietako lehen mendi lasterketa.
Zer egin nahi zuten argi zegoen: mendiz mendi igaroko zen 21,6 kilometroko lasterketa. Nola eta norekin beste kontu bat zen. Bi galdera horiei egunak igaro ahala erantzun zieten.
Norekin, bada, korrikalariekin. Donostialdeko eta Buruntzaldeko mendi lastekarien artean interes handia piztu zuen, antolaketak salgai jarritako dortsal guztiak agortzeraino. Gutxien ziren bizkaitarrak, eta hara non haietako bi maisuki gailendu ziren. Emaitzak probari mesede egin diezaioke, datorren urtean bizkaitar gehiago etortzeko grina piztuko baita.
Eta nola antolatu horrelako proba bat? Bada, lan eta lan eginez. Auzoko eta herriko askotxok lan bikaina egin zuten. Haiek gabe ezinezkoa litzateke. Komeni da hori gogoan izatea, ez baita ahaztu behar hirurehun partaide izan dituen proba burutzeko berrehun laguntzaileren laguntza behar izan dela.
Lasterketak aho zapore gozoa utzi duenez, zergatik ez datorrenarekin amestu?
Balorazioak
Probaren antolatzaile eta bultzatzaile nagusi izan den Joseba Labakaren ustez proba uste baino hobeto joan zen, “ez zen istripu eta lesio garrantzitsurik izan. Egia esan, neu oso pozik nago. Estraineko aldia izanik, uste nuen zuzendu beharreko hutsegite gehiago egongo zela”.
“Gure aldetik errepikatzeko prest”, zioen Mikel Pagola alkateak. “Lasterkarien hitzak helmugara iristean bi norabidetakoak ziren: zein lasterketa gogorra baina zein ibilbide polita den". Alkateak bolondresak ere gogoan izan zituen, “igandean lasterkariak protagonistak izan baziren ere, ezin ahaztu frogaren antolakuntzan modu batean edo bestean lagundu zuten ia 150 bolondres horiek”.
Eskatzen jarrita alkateak badu asmo bat 2013rako, “datozen urteetarako baliabideak jarri beharko dira ikusleak era errazean Xoxokara gertura daitezen”.
Korrikalarien poza eta esker-ona
Imanol Goñi, irabazlea:
"Primeran, gogorra, baina primeran. Ibilbidea ederra, dotorea oso. Bidea labainkorra zegoen, baina gogoko dugu hori. Elkarrekin ibili gara Ariznabarreta eta ni, eta azken zatian maldan behera ahalik eta alde gehien ateratzen ahalegindu naiz azken metroak lasaiago egiteko".
Ez zirudien lasterketa amaitu berri zuenik. Pozik zegoen, irribarrea ahoan: "Pozik nago baina “jodituta” e! Entrenatu ezkero ahaleginak hobeto jasaten dira".
Oier Ariznabarreta, 2. sailkatua:
"Gogorra. Goñirekin batera egin dut lasterketa, baina bera jaitsieratan askoz hobea da. Orkatila bihurritu dut Adarrara igo aurretik. Hala ere, pozik nago. Oso gustura.
Ibilbidea oso gogorra da, desnibel handiarekin, baina lasterketa polita da".
Hassan Ait Chaou, 3. sailkatua:
"Ondo nago bai, galduta ibili naizen arren. Penatuta nago. Ez nuen ibilbidea lehenago egin, eta gogorra iruditu zait gorabehera askorekin. Baina oso polita. Lehen bi sailkatuen atzetik erritmo bizian ibili naiz. Gero jerritmoa jaitsi dut eta ibilbidearen azken zatian okerreko bidea hartu eta bi minutu galdu ditut. Nolanahi ere, pozik nago hirugarren postuarekin".
Igon Manzisidor, 4. sailkatua:
"Oso gogorra izan da, hainbeste igoera eta jaitsierekin. Erritmoa hartu ezinik ibili naiz eta aldapa gora denbora asko oinez ibili behar. Uste nuena baino gogorragoa".
Unai Etxarri, 5. sailkatua:
"Ondo joan da, gustura nago. Ibilbidea polita da, baina lokatz gehiegi zegoen".
Jon Urdangarin, 1. urnietarra
"Norberak egiten du gogorra lasterketa. Ni neu gustura nago, dena eman gabe aritu naiz, baina azkenean nahiko beteta helmugaratu naiz.
Proba oso polita da, lan handia egin beharra dago. Jende askok egin du lan, gaurkoa laguntzailerik gabe ezin da egin. Harrigarria izan da alde horretatik, antolakuntza primerakoa izan da. Pozik nago mendialdean topatu ditugun zaletuek ere asko eta deneri berdin animatu dietelako”.
Mikel Legarreta, 2. urnietarra
"Ondo nago, baina majo sufrituta; nahiko lan iristeko. Lasterketarekin pozik nago, egindako denborarekin ere bai. Zaletuen animo asko jaso dugu gainera".
Mikel Costas, 3. urnietarra
"Erorikoa izan dut azken aldapan. Niretzat behintzat lasterketa gogorra da".
Ana Conde, irabazlea:
"Lauagoa izango zela uste nuen, eta sufritzea tokatu da. Aurreko astean lasterketa gogor batean parte hartzetik nator eta oraindik ere nekea gainetik kendu gabe nengoen.
Lokatz asko topatu dugu gainera. Ibilbidea polita polita da, baina oso gogorra. Merezi izan du hala ere".
Ismael Mateo, 1. andoaindarra
"Gaur Iñaki Igerategi naiz. Orain helmugan pozik nago, oso ondo. Lokatz gehiegi zegoen eta majo sufritu dugu. Datorren astean hitz egingo dut Igerategirekin, datorren urtean bera aterako da".
Jon Ander Villar URNIETARRA
"Gogorra, oso gogorra izan da. Hasieran lokatz asko zegoen, Adarrarainoko bidea izan da gogorrena".
Jose Luis Toledotxiki URNIETARRA
"Etxe ondotik ateratzen da lasterketa, ezagutzen nuen beraz. Lehendik eginda nuen eta ondo kontrolatu dut. Tamainan, espero bezala amaitu dut. Erorketa batean minutua galdu dut. Eguraldia korrika aritzeko oso ona zen, baina oso lokaztuta zegoen ibilbidea.
Herriari zorionak eman behar zaizkio lasterketa antolatu duen bezala antolatzeagatik".
Oihana Azkorbebeitia, 2. SAILKATUA
"Gozatu egin dut, azken kilometroetan hankak nekatuta nituen arren. Oso gustura egin dut ibilbidea, hau niretzat entrenamendu saio ona izan da".
Elena Calvillo, 3. SAILKATUA
"Zailtasunez beterikoa izan da. Lokatzarekin teknikoago bilakatu da lasterketa. Ibilbidea polita da, oso. Mendi lasterketa guztiak bezala gogorra da, baina guk horrelakoak gogoko ditugu".
Aitziber Ibarbia, 4. SAILKATUA
"Ondo nago, pozik. Aurreko igandean beste lasterketa gogor batean ere parte hartu genuen. Lokatzarekin hankak lokatzetan iltzatuta geratzen ziren, oso zaila egin da ibilbidea osatzea.
Oso polita da, gomendatzeko modukoa. Eguraldi onarekin zoragarria izango da proba".
Iker Mujika-Maikel Gomez
"Jaisterakoan sufritzen ibili gara, tarteka geldituz. Zaburukoa izan da gogorrena, jaitsiera oso teknikoa baita. Sufrikario handiena ur depositotik honakoa izan da. Baina gustura ibili gara, helburua ondo amaitzea zelako. Datorren urtean errepikatzeko asmoa dugu".
Ainhoa Jauregi, 1. urnietarra
"Pozik nago, oso pozik. Ikusleen animo ugari jaso dut, zoragarria izan da. Urnietarren aldetik eta baita ezagutzen ez nuen jendearen aldetik ere. Gozatu egin dut, lasterketa hau zoragarri baita. Aurretik ibilbidea egina nuen eta gaurkoan denbora hobetu dut".
Arkaitz Lasa ANDOAINDARRA
"Ibilbidea lokaztuta zegoen oso. Goraka korrika ezinean eta behera lokatz ugari. Baina ondo joan da, disfrutatzen ahalegindu naiz".
Oscar Marin URNIETARRA
"Bideo kamara berezia eraman dut buruan, froga batzuk egin nahi ditudalako. Bi ordu pasatxo grabatu dut. Beharbada blog bat egingo dut. Irudi onak lor daitezke horrela, kalitate handikoak.
Proba gogorra izan da, antolakuntza bikainarekin. Orain arte beste moduko probak egin ditut, hau nire lehen mendi lasterketa izan da".
Maddi Urbieta ANDOAINDARRA
"Beldur dexeneterekin irten naiz, oso gogorra delako. Beste bi lasterketa egin ditut aurretik, baina ez hainbesteko desnibelarekin. Helburua ondo helmugaratzea zen, eta oso ondo iritsi naiz. Disfrutatu eta guzti egin dut. Lauzpabost elkarrekin ibili gara, hitz eginez eta giro onean. Oso esperientzia positiboa izan da".
JoSE MARI IZAGIRRE URNIETARRA
“Pozik ote gauden? Noski! Uff... Gogorra izan da, oso” adierazi zuen helmuga zapaldu eta berehala, berarekin batera helmugaratu zen Julian Galartza billabonatarrari bostekoa ematen zion bitartean. 62 urterekin, Izagirrek ongi burutu zuen lasterketa. Urnietarrari meritua aitortu behar zaio.
Amaia Lukin, ERRETIRATUA
Irten ziren lasterkari guztiak ez ziren helmugara iritsi. Horien artean dago Amaia Lukin irundarra. Adarratik Etenetako bidean lasterketa utzi behar izan zuen. Hauexek bere adierazpenak, lasterkariak animatzen geratu zen bitartean: "Astean zehar, hilerokoarekin, sabelaldeko minez egon nintzen. Lasterketan mina sentitu dut, geroz eta min handiagoa. Korrika nenbilen, baina tolestuta. Ezinean erabat. Haserre amaitu dut nire buruarekin. Inguru guztia ederra da, ibilbidea oso polita. Mendiko duatloian aritzen naiz irailetik abendura bitarte. Etxetik gertu, Irunen, Aiako Harrietako maratoi erdian parte hartzeko asmoa dut".
Auzolanik gabe lasterketarik ez
Goizaldean mugimendua nabarmena zen Xoxokan. Ibilbidearen seinalizazioa finkatzea, trafikoa bideratzea, otorduak egitea, irteera-helmuga prestatzea edota podiuma atontzea..., hori guztia auzolanean aurrera atera zen. Bolondres horien guztien artean Xoxoka-Goiburu auzunekoak gehienak, baina baita urnietar asko ere.
Lasterketa abiatu zenean Xoxokan jende mordoska zegoen sukalde lanetan eta antolaketa lanetan. Horien guztien artean, Aiurrik auzoko hiru emakume elkarrizketatu zituen: Enbutegiko Pili Begiristain, Altzibar Berriko Eli Etxezarreta eta Montefrioko Olatz Manterola. Bakoitza gertuko nekazalturismo edo aterpetxeetatik etorri zen probaren alde lan egitera. Lasterkariak helmugaratzen ziren bitartean haien iritzia bildu zuen Aiurrik. Hirurak ere lehen ordutik lanean ari ziren, baina pozik. "Ondo doa goiza, giro polita daukagu gure artean ere", zioen Olatzek. Pilik balio handia ematen zion horrelakoak antolatzeari, "oso interesgarria da horrelakoak auzoan egitea, auzo osoa altxatzeko aukera dagoelako. 07:30tan hasi gara lanean. Eskulanean aritzeko batere arazorik ez dugu. Gainera gure artean oso harreman ona daukagu". Elik ere ildo bereko iritzia zuen, "aberasgarria da jende ezberdina guregana etortzea".
Inguruaren promozioa egiteko aukera bikaina da lasterketa antolatzea. Piliren ustez hori turismoa sustatzek baliagarria izan behar luke. Olatzentzat ere ideia ona da, “pixkanaka jendea erakatzeko baliagarria izango da. Orain, gainera, mendi lasterketak hain modan daude!".
Egunaren martxarekin pozik zeuden, baina proba egingo zen lehen aldian zer pentsatu zuten? “Hasieran erokeria hutsa zirudien”, zioen Olatzek. Pilik, berriz, “hasieran bai, erokeria zirudien. Zer izango da hau? pentsatzen genuen”.
Erokeria zena errealitate bilakatu zen, auzotarren laguntzari esker aurrera atera dena.
Lehen edizioa izanik, erronka ez zen nolanahikoa. Eta ondotxo atera zela esan daiteke. Aiurrik elkarrizketatu zituen korrikalari ia guztien ahotan izan zen antolakuntza ona. Bakarren batek ibilbidean galdu zela aitortu arren, gorabehera hori kiroltasun osoarekin adierazi zuten. Lehen aldia izateko ez zen antolakuntzaren aldetik hutsune nabarmenik ikusi eta hori garrantzitsua da datorren urtean ere korrikalariak Xoxokara gogotsu hurbiltzeko.
Proba ondo irten zelako harro egon daitezke urnietarrak. Igandean bertan herriko korrikalariak izan ziren harrotasun hori ondotxo adierazi zutenak. Jon Urdangarinek sekulako lasterketa egin zuen eta helmugan arnasa hartu ezinik zegoela zera adierazi zuen, “gaurkoa laguntzailerik gabe ezin da egin. Harrigarria izan da alde horretatik, antolakuntza primerakoa izan da”. Jose Luis Toledotxikik ere helmuga zapaldu eta berehala urnietarrak zoriondu nahi izan zituen, “herriari zorionak eman behar zaizkio lasterketa antolatu duen bezala antolatzeagatik”. Ainhoa Jauregi ere ibilbide osoan zehar jasotako animoekin hunkituta zegoen, “animo ugari jaso dut, zoragarria izan da. Urnietarren aldetik eta baita ezagutzen ez nuen jendearen aldetik ere”.
Babesleak
Antolatzaileek Udalarekin eta Aspanogirekin lankidetzan eman zituzten lehen pausoak. Proba burutu ahal izateko babesleen laguntza ere beharrezkoa izan da. Hauexek lehen edizioko babesleak: Aizkibel Calcinor, Lorpen, Iparlat, Super Amara, La Caixa, On Bizi, Matutano, Insalus, Kutxa, Ibaimendi, Frutas Dioni, Montefrio nekazalturismoa, Altzibar Berri nekazalturismoa, Enbutegi nekazalturismoa, Lixone, Esmeralda, La gula del norte, Igerategi altzariak, Autobar, Barberana-Mahedero, Labetxo okindegia, Besabi jatetxea, Goiburu etxaldea, Idiazabal gazta, Keler, Caja Laboral, Adarra jatetxea.