Urnietako Udalak eta Aspanogi elkarteak (Gipuzkoako Haur Minbizidunen Elkartea) antolatuta, Urnietako Lehen Mendi Lasterketa egingo da apirilaren 22an. Eguraldi iragarpenei adi begiratzen dien bitartean, Joseba Labaka buru-belarri dabil egunotan probaren inguruko azken xehetasunak lotzen.
Zer nolako proba prestatu duzue? Zein zailtasun ikusten dizkiozu?
Joseba Labaka. Proba gogorra da, dauzkan kilometroak kontuan hartuta goranzko desnibel altua baitauka. Adibide bat jartzearren, datorren asteburuan egingo den Orioko mendi lasterketan 1000 metroko desnibela dago 18 kilometrotan; Urnietakoan, berriz, ibilbideak hiru kilometro eskas gehiago besterik ez ditu, eta goranzko desnibela 1600 metrokoa da, erdia baino gehiago igotzen da. Gainera, korrikalariek ez dute tontor bakar bat igo eta jaitsi beharko, lauzpabost mendi igaro behar dituzte, eta hori gogorra da.
Baina, diotenez, polita ere bada ibilbidea…
J.L. Jaizkibel alde batera utzita, Adarra da Donostia inguruko mendirik altuena, eta egun garbia tokatuz gero, Hendaiatik hasi eta Nafarroa alderainoko parajeak ikus daitezke tontorretik. Oso toki polita da. Lasterketaren egunean korrikalariek ez diote horri gehiegi begiratuko, baina egun hauetan jende asko dabil entrenatzen, ibilbidea aztertzen, eta askok nabarmendu dute entrenatzen ari ziren bitartean asko disfrutatu dutela paisaiarekin. Eta, noski, ikustera doazenek ere paraje ederrak izango dituzte inguruan.
Herri lasterketa eta eliteko korrikalarientzako proba uztartu nahi izan dituzue…
J.L. Lasterketari izen pixka bat emateko erakarri nahi izan dugu eliteko jendea, lehenengo urtea denez, beti begiratzen baita nor datorren eta nor ez. Nahiago nuke hasieratik herri lasterketa balitz, baina egonkortasun pixka bat lortu nahi baduzu oso zaila da herri lasterketa batetik abiatzea, ezinezkoa ez esatearren; buru-belarri horretara jarri eta urte pare batean zerbait egin dezakezu, baina azkenerako bertan behera geratuko da, oso kuxkuxeroak baikara eta asko gustatzen baitzaigu hura eta bestea ba ote datozen jakitea. Horregatik uztartu nahi izan ditugu bi alde horiek.
Jokin Lizeaga urnietarra lesionatu izana ez zen albiste ona izango zuentzat…
J.L. Sekulako pena izan da hori. Ibilbidea prestatzen eta lasterketa antolatzen laguntza handia eman dit Jokinek, eta ilusioa egiten zidan bera ateratzeak, bai bainekien aurrean ibiliko zen korrikalaria zela. Ez dakit oraindik sinetsi ere egin nahi dudan, badakit lesio serioa duela baina... Asko lagundu dit Jokinek, eta oso albiste txarra izan da niretzat momentu honetan hau gertatu izana. Pena handia eman dit.
Lasterketa bezperetan eguraldi iragarpenei begira egongo zarete, ezta?
J.L. Eguraldiak berebiziko garrantzia izango du. Parte hartzaileei dagokienez akaso hainbeste ez; izan ere, inskripzioak hiru hilabete lehenagotik ireki ditugu, une honetan 200 lagun inguru daude izena emanda eta, azken momentuan baten batek eguraldi txarra ikusi eta etxean geratzeko erabakia har dezakeen arren, edo egunean bertan izena emateko asmoa duten horiek ere euriaren aurrean atzera egin dezaketen arren, kasu gehienetan izena emanda daudenak etorri egingo dira. Ikustera gerturatuko den jendearengan, ordea, eragin handia izango du eguraldiak, baita lasterketaren ondoren egingo diren sari-banaketa, hamaiketako eta gainerakoetan ere. Eguraldi onarekin edo txarrarekin, modu batera edo bestera korrikalariek disfrutatu egingo dute, baina ikustera doazenengan erabakigarria izango da.
Zer nolako harrera izan du probak herritarren artean?
J.L. Ezin hobea. Herriko talde askotatik jaso dugu laguntza: elkarte gastronomikoak, auzo elkarteak, gazte elkarteak…, denetik, herriko jendearen erantzuna aparta izan da. Hasierako aurreikuspenen arabera 150 lagun inguru behar genituen bezperako prestaketak egiteko, egunean bertan lanean aritzeko eta biharamunean gauzak biltzeko, eta soberan bildu dugu jendea. Harrigarria izan da. Espero nuen batek edo bestek ezezkoa esatea, ezinezkoa zitzaiolako, adibidez; baina ez, ez dut ezezko bakar bat ere jaso, eta hori, benetan harrigarria izateaz gain, oso pozgarria eta motibagarria ere bada, dudarik gabe. Dena herrian gera zedin nahi izan dut, alegia, harakina behar banuen, Urnietako harakin bat bilatu dut, eta berdin arotza behar banuen edo beste edozer gauza; eta horren aurrean denek baiezkoa eman dute.
Eta Udalaren aldetik zer erantzun jaso duzue?
J.L. Udalaren aldetik ere ate guztiak zabalik aurkitu ditugu hasieratik. Asmoa aurkeztu eta berehala jaso genuen baiezkoa, hasiera batean elkarren artean inolako erlaziorik ez zuten herriko jende ezberdin asko biltzen baitzuen proiektuak.
Urnietatik edo Andoaindik proba ikustera joateko asmoa duen herritarrari zein aholku emango zenieke?
J.L. Badakit ez dela erraza, baina probaren irteera Xoxokan dela kontuan hartuta, jendeari oinez joateko aholkatuko nioke. Hasieran errepidea zabalik egongo da, baina prestatu ditugun aparkalekuetan toki gehiagorik ez dagoenean itxi egin beharko dugu, hori egin ezean arazo handiak sortuko baitira. Horregatik, autoz doanari momentu batean antolakuntzan lanean ari den batek oinez jarraitu beharko duela esaten badio, jakin dezala errepidea itxi bada beste erremediorik ez zegoelako izan dela. Baten batek esan dezake halako tokitan autoa uzteko tartea badagoela; baina kontuan hartu behar dugu antolakuntzakook ere lekua gorde behar dugula gure ibilgailuak zein beste hainbat gauza uzteko. Gu ahal bezain hoberen antolatzen saiatuko gara, baina ikustera doazenek garbi izan behar dute momentu batetik aurrea oinez igo beharko dutela. Dena den, oinez egin beharreko distantzia hori ez da oso luzea; ezin dugu esan bi minutuko kontua denik, baina 20 minutuz, ordu erdiz edota ordubetez oinez ibilita ibilbideko puntu askotara irits zaitezke. Noski, Adarrako tontorrera igo nahi duenak ordubete eta 20 minutuko bidea izango du Xoxokatik abiatuta, baina mendi lasterketa bati buruz ari garela eta mendian ibiltzea bultzatu nahi dela kontuan hartuta, ez da izugarrizko ahalegina eskatzen.
Hasi al zarete probaren bigarren edizioari begira?
J.L. Oraingoz ez dugu ezer pentsatu. Ez dakigu lehenengoa zer moduz aterako den, honetan berriak baikara. Beraz, ikusi egin beharko dugu lehen honek zer ematen duen, datu guztiak bildu, ondo egindakoak zein gaizki ateratakoak kontuan izan, eta baloratu. Noski, bide luzea egiteko abiatu gara, ez aurtengoa egin eta dena bere horretan uzteko. Baina, hurrengo urtean zer gertatuko den? Proba bukatu eta hurrengo asteetan hitz egingo dugu horri buruz.