Apirilaren 22a iristeko hilabete eskas falta da, eta dagoeneko antolatzaileek Urnietako lehen mendi lasterketari atxikitako ia xehetasun guztiak lotu dituzte. Aurreko astean Aspanogi elkarteak eta Urnietako Udalak deitu zuten hitzarmen sinadura ekitaldian bi aurrerapauso handi iragarri zituzten. Batetik, finantzazioa. Bestetik, lortu duten babes zabala. Herriko elkarte askok eta enpresa ezberdinek bat egin dute mendi lasterketa burutu dadin.
Horrez gain, proba burutuko den egunean bertan lagun asko izango da lanean. Antolatzaileek iragarritakoaren arabera, ehun eta berrogeita hamar pertsona arituko dira ibilbidea eta segurtasuna zaintzen. Kopuru polita, herrian probarekiko gertutasuna erakusten duena. Eta ezinbestekoa, bide batez, proba behar bezala antolatu ahal izateko.
Dagoeneko lasterketari askok eman du izena, tartean, urnietar eta andoaindar askok.
Aurreko ostegunean Urnietako Udalak eta Aspanogi Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkarteak hitzarmena sinatu zuten, apirilaren 22an egingo den Urnietako lehen mendi maratoia antolatzeko. Akordioaren sinatzaileak erakunde bakoitzeko ordezkari nagusiak izan ziren. Alegia, Mikel Pagola alkatea eta José Luis Fernández Vilches Aspanogiko lehendakaria.
Gipuzkoako haur minbizidunen guraso elkartea izango da probaren sustatzailea, datorren apirilaren 22an Xoxokan abiatu eta helmugaratuko dena. Ekimenaren sustatzaile nagusia Joseba Labaka urnietarra da, mota honetako probetan zaletua eta Aspanogiko kidea.
Udalak dagoeneko aurreratu du mendi maratoian bildutako dirua elkarte horrentzat bideratuko dela.
Aspanogi, besteak beste, minbiziak jota dauden haurrek ospitalean eurentzat bakarrik izango den solairu bat izan dezaten lanean ari da. Bitartean, erradiaziorik isurtzen ez duten ordenagailu bereziak izateko kanpainan murgilduta dago. Gaur egun, Gipuzkoako 150 familia Aspanogi elkarteko kide da.
Bere aldetik, Urnietako Udalak probaren aldeko joera izan du hasieratik, “izan ere, helburu soziala duen ekimena izateaz gain, urnietarren arteko elkarbizitza aberasteko ere lagungarria da, bolondresen partaidetza bideratzen dituen neurrian”.
Finantzaziorako enpresa eta erakundeen laguntza
Probak sortuko dituen gastuei aurre egiteko babesle bila aritu da Urnietako Udala. Hitzarmenaren sinadura-ekitaldian hainbat datu eskaini zituzten. Esnelat eta Aizkibel harrobiak enpresak bakoitzak mila euro bideratuko ditu. Bestalde, La Caixak eta Kutxak 600 eta 500 euroko laguntza emango dute hurrenez hurren. Beste enpresa batzuk materiala emanez ere laguntza emango dutela adierazi zuten.
Udalak, berriz, 8.000 euroko diru-laguntza bideratuko du eta egun horretarako beharrezkoa den azpiegitura guztia antolatzaileen esku jarriko du.
Bolondresak
Zailtasuna ibilbide osoan laguntzaile modura arituko diren bolondres kopurua biltzea zen. Antolatzaileek 150 biltzea helburu zuten, eta aise lortu dutela dirudi. Mikel Pagola alkateak zera adierazi zuen agerraldian, “apustu soziala ere bazen, herriko elkarte eta talde ezberdinak proiektu komun baten inguruan biltzeko. Eta lortu dugu, Urnietako herriak dena eman du eta eskertzekoa da hori”. Probaren buru zen Joseba Labakak guztien artean osatutako taldea nabarmendu zuen, "sortu berria den Urnietako langabetuen elkartetik deitu zidaten ea zerbaitetan lagun zezaketen, eta sekulako ilusioa egin zidan. Jende asko ari da mugitzen, Poxta Zahar, Urnieta kirol elkartea, Eteneta, Santa Kruz edota Goiburu elkarteak. Izugarri eskertzen da”.
urnietakoml.blogspot.com