“Bertako irakasle batek elkartasun proiektu bat garatu nahi zuen bere irakasgaiaren barruan, eta ideia horri tiraka boluntario talde bat osatu zuen, hasieran ikastetxe mailan lan egingo zuena, eta aurrerago Donostialdean aritzen den Esperanza Latina elkartearekin elkarlanean hasiko zena”, azaldu du Estik, taldeko kide den irakasleetako batek.
Estirekin batera, beste bost lagunek osatzen dute Gazteak eta Garapena taldea: Jose Luis irakasleak, eta Leire, Fatima, Victor Hugo eta Idoia ikasleek. Esperanza Latina elkartearekin elkarlanean, informatikako ikastaroak eskaintzen dituzte igande goizetan. “Taldeko batzuk Donostiara joaten dira eta beste batzuk Lasarten aritzen gara”, diote Leirek eta Fatimak. “Lasarteko kasuan, umeekin aritzen gara gehienbat, eta etxeko lanekin eta euskararekin laguntzen diegu”.
Donostiako lokalera joaten direnak, berriz, emakume kanpotarrak omen dira nagusiki. “Emakume hauek adineko pertsonak zaintzen aritzen dira, kasu askotan. Aste guztian zehar lan egin ondoren, igande goiza jai izaten dute, eta ikastarora etortzen dira; sare sozialak erabiliz bere senitartekoekin harremanetan nola jar daitezkeen erakusten diegu”, dio Estik.
Lasarten lauzpabost ume biltzen omen dira igandero; Donostian, berriz, ez dago talde finkorik, jendea bere beharren arabera gerturatzen da ikastarora. “Esate baterako, astean zehar euren senitartekoei mezu elektroniko bat bidaltzen hasi eta arazoren bat izan badute, igandean guregana etortzen dira arazo hori konpondu eta mezua bidali ahal izateko”, argitu dute Leirek eta Fatimak.
Igandeko goizetako informatikako ikastaro horrez gain, Gazteak eta Garapena taldeak janari bilketa bat antolatzen du urtero, jasotakoa Beninera bidaltzeko. “Euskal Herri mailakoa izaten da bilketa hau, Salesiarren ikastetxe guztietan antolatzen baita”, azaldu du Jose Luisek. Bestetik, urteroko bi ekintza finko horiez gain, gauza ezberdinak antolatzen saiatzen dira; aurten tonbola bat egitekotan dabiltza, bildutako dirua Beninera bidaltzeko.
Taldea handitu nahian
Gazteak eta Garapena taldeak Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren sari bat jaso zuen pasa den azaroan, etorkinekiko erakutsi duen elkartasunaren errekonozimendu gisa. Dena den, sariaz aparte, elkartasun ekintza hauek burutzea oso aberasgarria dela aitortu dute Leirek eta Fatimak. “Etengabe adierazten dizute euren esker ona, umeek batez ere. Guri ez zaigu batere kostatzen informatikari buruz dakiguna erakustea edo umeei etxeko lanekin laguntzea, baina beraientzat oso baliagarria da laguntza hori. Gainera, kontrakoa ere gertatzen da, euren kulturen inguruan asko ikasten ari baikara”.
Ez da erraza, ordea, gazte hauek bezala bere egunerokoan besteei laguntzeko astia hartzeko prest dagoen jendea aurkitzea. “Beste belaunaldi batzuetako jendea ere izan dugu taldean, baina behin batxilergoa amaitutakoan, ez jarraitzea erabaki dute”, azaldu du Estik.
“Guk, noski, jende gehiagoren interesa piztu nahi genuke. Urtero aurkezten dugu Esperanza Latinarekin batera aurrera daramagun elkarlan proiektu hau, janari bilketa herri mailan egiteak oihartzun handixeagoa ematen dio egitasmoari,… Alegia, ikasleek badute honen berri, badakite ateak erabat zabalik dituztela, baina ez da erraza jende berria aurkitzea. Dena den, momentuz taldea mantentzen dugu eta aurrera goaz”.
Inor elkartasun ekimen honetan parte hartzeko prest balego, taldearekin harremanetan jartzea besterik ez du; harrera beroa jasoko du, seguru.
Harremanetarako:
• 943 551 789.
• salesiarrak@salesianosurnieta.com.