Iñaki Goenaga, ENBA Gipuzkoako lehendakaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 15a, 12:23

Hamahiru urte karguan igaro ondoren, Mikel Arteagak otsailean utzi zuen Enba (Euskal Nekazarien Batasuna) sindikatuko lehendakaritza, eta Iñaki Goenaga urnietarrak hartu du haren lekukoa.
Egoera zaila bizi du nekazariak azken urteetan, “eta aldaketa handirik ez bada behintzat, etorkizunera begira beste horrenbeste aurreikusten da”.

Hilabete inguru pasa da kargua hartu zenuenetik. Zer moduzko hasiera izan duzu?
Iñaki Goenaga. Hasiera baino, lehengoaren segida izan dela esango nuke, Enba sortu zenetik haren inguruan ibili bainaiz erabat. Orain, lehendakari kargua hartuta, aurpegia ematea tokatzen zait, lehen baino gehiago, baina lan aldetik ez nuke esango aldaketa handirik izan dudanik. 

Eta zer moduz daramazu aurpegia emate hori?
I.G. Baten batek eman behar eta… Kontua da, lan egiteko prest dagoen oso jende gutxi datorrela atzetik; gainontzeko sektoreetan ere nahiko zailtasun badute, baina gurean, are gehiago. Arazo handiak ditugu jende berria aurkitzeko. Administrazioak bere datuak ematen ditu, gazteak sektorean sartzen ari direla esanez. Baina guk azkeneko hogei urtetan ikusi dugun joera erabat beheranzkoa da, eta aldaketa handirik ez bada behintzat, etorkizunera begira beste horrenbeste aurreikusten da. Baliteke baratzegintzan edota txakolindegietan, esaterako, gazte gehiago hasi izana lanean; baina esnearen sektorean, haragi-behietan edo artzaintzan, oso gutxi. 

Zer nolako lana egiten duzue Enban?
I.G. Esne sektorea, haragia, txakolina, artzaintza, baratzeak, landa-turismoa,… Gipuzkoan nekazal arloan lantzen diren sektore guztiak hartzen ditugu gure baitan. Alde batetik, nekazariei hainbat zerbitzu ematen dizkiegu, aseguruen ingurukoak edota proiektuak gauzatzeari dagozkienak, esaterako. Bestetik, zenbait produkturekin erosketa bateratuak ere egiten ditugu. Eta gero, noski, sindikatu bezala, aldarrikapen lan hori ere egiten dugu administrazioaren aurrean, ikusten ditugun gabeziei begira. 
Zein dira nabari dituzuen gabezia horiek?
I.G. Nire ustez, gizarteak gugandik zer nahi duen esan behar liguke. Gipuzkoako gizarteari galdera horixe egiteko unea iritsi dela iruditzen zait. Beti esaten dugu administrazioari hau edo bestea eskatu behar diogula, baina, azken finean, herriak jarritako pertsonak daude administrazioan, eta gizarteak gu soberan gaudela esatean badu, administrazioak horren aurrean ezin du ezertxo ere egin. Beraz, gizarteak nahi duena Gipuzkoa, orain arte bezala, berde eta neurri batean txukun mantentzea bada, gu horretarako prest gaude, baina guk egiten dugun horrek etekin bat behar du, eta hortxe dago arazoa. Baserritarrak laguntza asko jasotzen duela esan izan da. Ados, baina kontuan izan behar da baserritarrak dituen sarreren %20a izan behar lukeela laguntza horrek, eta gainontzekoa salmentetatik eskuratu beharko lukeela. Saltzen den horrek behar bezalako salneurria izango balu, hori posible litzateke, noski, eta laguntzek hartzen duten portzentajea %20an mantenduko litzateke. Une honetan, ordea, ez da behar bezala ordaintzen guk egiten dugun lana. 

Eta horren aurrean zer egin daiteke?
I.G. Hemen guztiok egin behar dugu ahalegin bat; hala ez bada, hau bukatzera doa. Gainontzeko herritarrek bezalaxe, guk egunero jan behar dugu, eta kostuak sarrerak baino altuagoak badira, alferrik gabiltza.

Egun bizi dugun krisiak ere izango zuen eraginik zuengan… 
I.G. Noski, bai salmenta bidezko sarrerei dagokienez, baita jasotzen ditugun diru-laguntzetan ere. Epe laburrera begira, zenbait ustiategitan arazo oso larriak aurreikusten dira. Inbertsioak orain urte batzuk eginak zituztenak eta lasai samar zeudenak errazago ari dira moldatzen, baina krisiak inbertsioak egin berritan harrapatu dituen haiek oso estu dabiltza. Ustiategi batzuen egoera benetan larria da: asko bertan behera geratzen ari dira, eta beste asko arrisku bizian daude. 

Zein dira okerren dauden sektoreak?
I.G. Hiru aipatuko nituzke: esne behien sektorea, haragitarako behiena eta artzaintza. Animaliekin ari garenak, azken batean. Baratzegintza, esaterako, orain arte ondo ibili da eta, oraindik ere, salmenta oso zuzena denez, mantentzen da, gero eta zailtasun gehiagorekin bada ere. Lehen aipaturiko sektore horietan, ordea, salmenta zuzena bakar batzuentzako irtenbidea baino ez da, normalean ez baita hala lan egiten, eta beraz, oso zail daude gauzak. 

Beraz, gizartearen aldetik lehen aipatu duzun ahaleginik ez badator…
I.G. Gipuzkoan, behintzat, ez dago zereginik. Orain, Europako Nekazaritza Politika Bateratuaren, PAC delakoaren aldaketa dela eta, laguntza batzuk etor daitezke. Baina  politika bateratu horrek hogeita zazpi estatu hartzen ditu bere baitan, eta hemen, Gipuzkoan konkretuki, aparteko ezer egiten ez bada, zailtasun izugarriak izango ditugu. Ez zaizkigu baserri asko geratzen, baina akaso geratzen diren horietatik mordoxka bat itxi egin beharko dira norbait arazo honentzat irtenbideren bat pentsatzen has dadin. Momentuz, behintzat, ez dugu argitasun handirik ikusten. Dena den, datozen hilabeteetan PAC-aren erreforma horretan zentratuko gara; gauza handirik egiterik ez dugula badakigun arren, gaia aztertu eta jarraipena egingo diogu. 

Egoera honetan, zer nolako giroa sumatzen da Gipuzkoako baserritarren artean?
I.G. Jendea nahiko etsita dago, sindikatu barruan etsipena nabari da. Gainera, orain bakoitza gure ustiategia ahal bezala aurrera atera nahian gabiltza buru-belarri, bakoitza berean zentratuta. Eta, lehen nioen bezala, lanerako jende berria aurkitzeko zailtasunak ditugu sindikatuan.

Beharbada, norbaitek esango zizun ez duzula kargua garai ederrean hartu…
I.G. Bai, denetik entzun dut. Baina Mikel Arteagak hamahiru urte pasa ditu lehendakari bezala, eta aspalditik ari zen aldaketa eske. Eta atzetik dozena erdi gazte egon balitz erreleboa hartzeko prest, gustura asko utziko niokeen haietako bati. Baina jarraipenik ez daukagunez, norbaitek hartu behar zuen Arteagak utzitako tokia. 

Zer esango zenuke hark egindako lanaz?
I.G. Oso lan ona egin duela. Presidentetzarako ahalmen bikainak erakutsi ditu eta sindikatuari bultzada handia eman dio.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!