MARTXOAREN 8KO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
1975ean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak martxoaren 8a ezarri zuen Emakumeen Nazioarteko Eguna, mugimendu feministaren eta elkarteen mugimenduaren lana aitortzeko; izan ere, mugimendu horrek, botere publikoekin, hainbat eta hainbat gizarte-eragilerekin eta oro har herritarrekin batera, aurrerapen garrantzitsuak lortu ditu gure gizartean emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko bidean.Emakumeen Nazioarteko Eguna krisi ekonomikoko une batean ospatuko dugu.
Gizartean oraindik ere desberdintasun handiak daude emakumeen eta gizonen artean eskubideak, boterea, baliabideak eta onurak eskuratu, baliatu eta benetan kontrolatzeko orduan. Pobrezia jasateko eta gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonen % 82,9 emakumeak dira. Eta gizonen eta emakumeen artean 7.000 euroko aldea dago urteko soldatan.
Gaur, beraz, lortzeko dago oraindik berdintasuna, bere konplexutasun osoan, eta krisi ekonomikoak desberdintasun horiek areagotu ditzake.
Baina krisi honetatik modu jasangarrian onbideratuko bagara, proposamenek gai izan behar dute emakumeen parte-hartzeari leku egiteko, bai lanari dagokionez eta bai ekonomiari dagokionez, eta gizarte-politikak egiteko orduan pertsonen bizi-ibilbideak eta benetako premiak modu integralean hartu behar dira kontuan.
Gizartearen jardun guztietan benetako berdintasuna txertatzea helburu dugula, eta berdintasuna gure politiken printzipio gidari bihurtzeko konpromisoarekin, Urnietako Udalak:
1.-
Adierazten du konpromisoa duela aurrerantzean ere emakumeak ahalduntzeko prozesuak babesteko. Hain zuzen, prozesuok bide bat dira emakumeek banakako eta taldeko kontzientzia hartzeko, eta modua ematen dute erabakiak hartzeko eta ongizate sozial eta ekonomikoa lortzeko prozesuetan parte-hartze handiagoa izateko; hala, modu eragingarrian bermatzen dute lana eta familia bateragarri egiteko eskubidea, bai eta emakumeak ardura-postu guztietan sartzea eta soldata-berdintasuna lortzea ere.
2.-
Konpromisoa hartzen du berdintasun-politika integral eta zeharkakoak diseinatzeko; izan ere, emakumeen eta gizonen bizitzaren esparru eta aro guztietan eragin behar dute.
3.-
Konpromisoa hartzen du emakumeen eskubideak errespetatuko dituzten politikak diseinatzeko, bai eta emakumeek beren sexu- eta ugalketa-osasunari buruz erabakitzeko duten eskubidea errespetatuko duten politikak diseinatzeko ere.
4.-
Konpromisoa hartzen du Urnietako lehenengo Berdintasun Plana egiteko, urnietarren parte-hartzearen laguntzarekin.
5.-
Eusko Jaurlaritzari eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari eskatzen die jarrai dezatela emakumeen eta gizonen erantzukidetasuna sustatzen, modu horretan, erraztu egiten baitute emakumeek eta gizonek beren lan-bizitza baldintza berberetan garatu ahal izatea, gai publikoetan parte hartzea eta garapen pertsonal erabatekoa izatea.
5.bis. Konpromisoa hartzen du hurrengo osoko bilkuran Berdintasunerako Europako Gutuna onartzeko.
6.-
Urnietar guztiak animatzen ditu martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, antolatu diren ekitaldietan parte hartzera. Hain zuzen, emakumeen eta gizonen artean berdintasun benetakoa eta eragingarria izango den gizarte bat lortzeko bidean antolatu dira ekintzok, denon artean eraiki dezagun gizarte bidezko eta demokratikoago bat, berdinen gizarte bat.