Asteartean deitu zuten agerraldian mezu baikorra agertu nahi izan zuten. 2011n zehar aurrezteko moduan izan da Urnieta, eta gainera inbertitzeko moduan da. Datu horiekin, Urnietako egoeran egon nahiko lukete udaletxe gehienek. Oinarrian hiru albiste eskaini zituzten Maribel Vaquerok eta Mikel Pagola alkateak:
• Urnietako Udalak Foru Fondoari 425.000 euroak ezarritako epean itzuliko dizkio. Lehen ordainketa otsailaren 25ean egin zuen.
• 2011. urteko gastuen kontrolari esker, Udalak 385.000 euro aurreztu ahal izan ditu.
• Iazko soberakin horretatik, bi inbertsio nagusi iragarri dituzte 2012rako: 300.000 euro irisgarritasun planaren garapenerako. Beste 65.000 euro Egape ikastolako jolastoki irekiaren zerbitzuak osatzeko. Hala nola, komun publikoak, kirol jardueretarako biltegia...
2011N AURREZTUTAKOA 2012AN INBERTITUKO DA
Mikel Pagola alkateak Udal lansailetako arduradunen eta Udal langileen jokabidea txalotu zuen, “2011ko irailean gastuaren kontrola neurtzeko erregua ulertu zutelako eskerrak eman beharrean gaude. Haien lankidetzari esker Udalak gerrikoa estutu zuen, eta horrela uste baino hobeto amaitu zen 2011. urteko balantzea. Mezu positibo hori aipatu beharra dago.
Gipuzkoako Foru Fondoari 425.000 euro lau epetan itzuliko dizkiogu, eta horrez gain, 385.000 euroko diru partida aurreztu dugu 2012ko inbertsioetarako erabiliko duguna.
Zein inbertsio egingo dugu diru horrekin? Batetik, onartu berri den Irisgarritasun planaren hainbat ekimen aurrera eramateko, hiruzpalau egitasmotan 300.000 euro aurreikusi ditugu. Hirigintza batzordean eztabaidatzen ari gara, lehentasunak zehazteko.
Beste 65.000-70.000 euro Egape ikastolako jolastoki irekian egin beharreko inbertsioetara bideratuko dugu”.
Alkateak Egapeko obrarekin onuradunak herritar guztiak izango direla adierazi zuen, “geroz eta erabiltzaile gehiago ditu Egape ikastolako jolastokiak. Urrutira joan gabe, aurreko igandean bigarren eskuko azoka antolatu genuen. Jolastoki irekian komun publikorik ez dago, orduan obra hauen bidez eskola orduetatik kanpoko jardueren erabiltzaile guztiek erabili ahal izateko komun publikoak eraikitzeko asmoa dugu. Bestalde, herriko ikasle gehienek Eskola Kirola egitasmoetarako jolastokia erabiltzen dute. Ekimen horretako begiraleek ez dute inolako azpiegiturarik; ez biltegirik, ez aldagelarik”.
Egape ikastolako jantokia zabalduko dute, bide batez. Nolanahi ere, Egape ikastolako inbertsioak bideratzeko Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan egin beharko dituzte halabeharrez. Udalak dagoeneko proposamen zehatza luzatu dio Jaurlaritzari, bi urteetan garatzeko eta zeinaren arabera Jaurlaritzak gastuaren %60a bere gain hartuko lukeen. Beste %40a, aldiz, Udalak hartuko luke bere gain.
2012an inbertsioetarako erabiliko da, beraz, iazko soberakina. Baina ez da inbertituko den diru bakarra izango. Lehendik ere 807.000 euroko ahalmena aurreikusi zuten. Beraz, denera, 1.200.000 euro bideratuko dira inbertsioetarako.
GERRIKOA ESTUTU BEHARRA
Egungo egoera ekonomiko orokorrean, Urnietakoa baikor egoteko modukoa da. Azken hilabeteetako lanari esker izan da. Gaur egun Urnietako Udalaren egoera ekonomikoa hobeto ulertzeko, Maribel Vaquerok aurreko hilabeteetako kontakizuna egin zuen: “2011ko irailean aurreikuspenak ez ziren onenak. Atzerakada ikusita, alarma guztiak piztu zituzten Foru Aldundian. Urria, azaroa eta abenduan 2012ko aurrekontua prestatzearekin batera, 2011ko kontuen jarraipena egin genuen hamabostero eta hilabetero”.
Gastua gutxienera mugatu zutela adierazi zuen, aurreikusitako gastu osoa %7 gutxituz. Portzentai hori eurotan 300.000 inguru dira. Gastuak murrizteaz gain, Udalak iaz tasak igotzeari esker 475.000 euro gehiago bildu zituen. Beraz, aurrezteaz gain, diru gehiago bildu zuten iaz Urnietan.
Bi datu on horiez gain, Udalak Foru Fondoari 425.000 euroak jarritako epeetan itzuliko dizkiola iragarri zuten.
LAU MILIOI EUROKO DIRUBILDUA
Urtez urteko datu zehatzez gain, Udalak diru bildu edo remanente polita dauka. Une honetan ia lau milioi eurokoa da. Aurreko urteetatik aurreztutako eta gordetako dirua da, inbertsio handietarako erabiltzen dena.
Vaquerok hedabideen aurreko agerraldian garden jokatzeko konpromisoa agertu zuen. Zentzu horretan, Ogasun batzordean hiru hilabetean behin Udal kontuen berri emango dutela iragarri zuen, alderdi guztiek egoeraren berri izan dezaten.
Etorkizunari begira, egoera zailaren aurrean baikortasun mezua agertu zuen, “Gipuzkoako egoera beltza da. Udaletxeok gutxiagorekin moldatu beharko dugu. Aurrera jarraitu beharko dugu, inbertsioak eta gizarte mailako politikak kaltetu gabe”.
Udal arduradunek Udal zerbitzuak kalitatez eskaintzeko kemena agertu zuten, “mezu positiboa eskaini nahi dugu. Urnietak krisiari aurre egin diezaioke, inbertsioak eginez eta zerbitzuak mantenduz”.