1962ko otsailaren 25eko apustu sonatu hura gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 25a, 12:45

Tolosan 1962ko otsailaren 25ean Martin Lizeagaren eta Juan Iguaranen artean jokatu zen apustua urnietarren memorian itsatsita dago. 21urte zituen Martinek orduan, Juanek 18 urte bete zituen egun hartan bertan. Sekulako ikusmina piztu zen, Tolosako zezen plazan 2.000 ikusle bildu baitzen. Horietatik ia guztiak urnietarrak, beraz, egun hartan Urnietan inor gutxi geratu zela esan daiteke.

IRABAZLE ETA GALTZAILERIK GABEKO APUSTUA:

Egin beharreko lana hauxe zen: 125 kilo harri zilindroarekin hamarna minutuko hiru txandatan nork jasoaldi gehien egin. Apustu hura irabazlerik eta galtzailerik gabe bukatu zen, biek ere jasoaldi berdinak egin zituztelako: 103. Hona datuak, zehatz-mehatz:

Txandak Iguaran Lizeaga
1. Txanda:      36 35
2. Txanda:      34 34
3. Txanda:      33 34
Guztira:    103 103 

2007an Joxeba Lizeagak orduko gertaera gogora ekarri zuen, apustua burutu zuten bi urnietarren adierazpenak bilduz. Artikulu hartan adierazi zutenez, biek ere harria jasotzeko afizioa umetatik izan zuten. Aurreneko saioak landu gabeko harriekin egiten zituzten; bide bazterrean edo baserri inguruan harriren bat aurkitzen bazuten huraxe jasotzen saiatzen ziren. Juanek gogora ekarri zuen 14 urterekin, Ostegun Santu egunean, mezaren ondoren, nola bost lagun harri jasotzera joan ziren. Martinek ere orduan adierazi zuenez, igande eguerdi batzuetan Lekun baserrira joaten zen, bertako Joxe Manuelek, bere garaian apustu bat egiteko erabili zuen harriari altxaldi batzuk egitera.  
 
Apustua serio hartu zuten. Martin Oriora joan zen bi hilabeterako, Luis Atxega harri- jasotzailearengana. Juan, berriz, Urnietan Inazio Erkizia azeriarekin aritu zen entrenatzen. Antzeko prestakuntza izan zuten biek: mendira atera, soka saltoan ibili eta harria altxa.
Bi urnietarrak prestaketa lanetan zebiltzan bitartean, bi bando sortu ziren herrian, baten edo bestearen alde zegoen jendearen artean. Giroa baretzeko asmoarekin, Dionisio Telleria orduko erretoreak, meza nagusi batean, apustuko gorabeherak bakean bukatzeko eskaria egin omen zien herritarrei. 2007an Aiurriri aitortu ziotenez, “lehia egon zen, baina hasarrerik ez, apustua jokatu eta bi astera gu biok eta bi aldetako koadrilak elkarrekin egin genuen bazkaria Zaldundegin”. Ez batak, ez besteak ez zuten berdinduta bukatzerik espero, baina orain pozik daude horrela bukatu izanaz. 
 
Elkarren lagunak ziren apustua egin aurretik eta hala izaten jarraitu dute beti. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!