Erosketetarako ohiturak aldatzeko gonbitea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 15a, 20:46

Eko shopper izeneko kanpainak erosketak egiterakoan ingurumenari kalterik gutxiena eragitea helburu du. San Marko Mankomunitatean aholkuak jasotzeko prest egongo diren ehun familia behar dituzte. Interesa eduki dezaketen urnietarrak ere garaiz dabiltza oraindik, ostiral honetan, hilaren 17an, amaitzen baita epea. Juan Unzuetak eman du kanpainaren berri.

Jasotzen dituzuen eskarien artean, zer nolako hautaketa egingo duzue?
Juan Unzueta: Bost irizpide ezarriko ditugu, batez ere erosketa ohiturei begira. Lehena, Mankomunitateko hamar udalerriak proportzionalki islatuta egon daitezela; horrela, Urnietari zazpi parte hartzaile egokitzen zaizkio. Estatistiken arabera, etxebizitza bakoitzean 2,64 kide bizi dira; hori ere kontuan hartuko da. Halaber, adinari dagokionez, demografiaren piramidearen isla izan dadila. Errenta izango da laugarren irizpidea; hor ere populazioren errenta ezberdinetako ordezkariak sartu nahi ditugu. Eta azkenik, bi sexuak modu berean ordezkatzea nahi dugu.
Zertara behartzen dituzue parte hartzaileak?
J.U.: Erosketa potoloren bat egin aurretik erosketaren zerrenda guri jakinarazi beharko digute, eta ondoren, hitzordua jarri. Elkarrekin joango gara erosketetara, eta bidean aholkuak emango dizkiegu ingurumenaren eta zaborraren sorreraren ikuspegitik erostea zer komeni den esanez.
Parte hartzaileen eta gure arteko elkarrizketa sortzea nahi genuke. Hori bai, ez dugu jakitunaren papera bete nahi; aholkuak besterik ez dizkiegu emango eta eurek, noski, libre izango dira nahi dutena erosteko. Gerta daiteke, esate baterako, guk kartoirik gabeko jogurta hartzeko aholku eman eta hala eta guztiz, parte hartzaileek kartoia duena erostea, marka edo produktu jakin hori gogoko dutelako.
Pisuari dagokionez, aurretik hainbat produkturekin (kristalezko poteak, brikak, metalezko poteak...) tipologia bat sailkatuko dugu. Nolabaiteko taula osatuko dugu, eta kontsultatu egingo dugu zenbat pisu aurrezten ari garen erosketak ikus dezaten, egin ahala.

Zenbat alditan egingo dira erosketak elkarrekin?
J.U.: Behin bakarrik. Topaketa guztiak hilabete baten buruan amaitzea espero dugu. Hortik aurrera, ondorioekin txostena egingo da. Esperientzia etorkizunerako baliagarria izatea nahiko genuke, eta horretarako emaitzak herritar guztiei zabaldu nahi dizkiegu. Aldi berean, hitzaldiak emango dizkiegu talde antolatuei (ikastetxeak, euskaltegiak, helduen hezkuntza iraunkorra, etab.).      

Zer lortu nahi duzue kanpaina honekin?
J.U.: Ohiko erosketak egiterakoan prebentzioa landu nahi dugu, horretarako aholkuak emanez.
Jendeari jakinarazi nahi zaio hainbat produktu erostean zenbat zabor ari den erosten eta  etxera eramaten. Azken batean, kontzientzia kritikoa zabaldu nahi da: alegia, guztion artean ahalik eta zabor gutxien sortu behar dugula.   

Bezeroak askotan kexatzen gara bilgarrietan etortzen direlako makina bat produktu, eta horren aurrean gutxi egin genezakeelako maila pertsonalean...
J.U.: Egia da higienearen aldetik, hainbat produktuk gutxieneko baldintzak bete behar dituztela komertzializatzeko garaian. Hala ere, asko dago egiteko boteregune, ekoizle, saltzaile eta bezeroen aldetik. Oro har, esan daiteke denok ere, pixkanaka ari garela kontzientzia hartzen. Iraganean inork ez zion arazoari erreparatzen, baina egun, ekoizleek esate baterako, produktuetan geroz eta plastiko nahiz lata finagoak egiten dituzte.
Ezagutzen da ekimen polita Alemanian, adibidez: noizbait, bezeroak gehiegizko bilgarriak supermerkatuetako sarreretan uzten hasi ziren, "horiek zuentzat dira, nik ez ditut etxera eraman nahi-eta" esanez. Jarrera horrek kate bat sor lezake, saltzaileari eta ekoizleari arazoa sortzen baitiezu.


Izena emateko bi aukera:
• 943 670 249
• www.sanmarko.net
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!