Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. maila arteko ikasleak, etxetik atera eta herriguneko edozein tokitan dagoela, ikastolaraino oinez joateko aukera izango du, bidea egiten lagunduko dioten bolondresak gidatuta. Ekimen berritzailea da, autoaren erabilera alde batera utzi eta jarduera osasungarriak sustatzea helburu duena. Nazioartean ohiko jarduera da, eta Euskal Herrian geroz eta udalerri gehiagotara hedatzen ari da. Buruntzaldean Urnietakoa izango da lehenengoa.
Astelehenean egin zuten aurkezpena Egape ikastolan, Urnietako Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko ordezkariak bertan zirela.
"Sugebideak" proiektuaren bideratzailea ikastolako guraso, irakasle eta jantokiko arduradunek osatzen duten Behatokia taldea izan da. Udalaren eta Jaurlaritzaren babesarekin, ekimena egunerokoa bilakatuko da otsailaren 16tik aurrera. Prentsaurrekoan argi utzi nahi izan zutenez, jarduera osasungarri hau martxan jarri ahal izateko irizpide bat halabeharrez bete behar da: ikasleak etxetik ikastolarainoko ibilbidea segurtasun osoz egin ahal izatea. Berme horrekin bakarrik posible izan da ekimena abian jartzea. Beraz, ezer baino lehen, arriskurik ez egoteko segurtasun neurri guztiak hartu dituzte.
Dagoeneko 30 ikaslek batera egingo dute ikastolarako bidea, eta hauen gidari lanetan bolondres lanetan bost guraso arituko dira. Ikastolako arduradunen ustean, datozen asteetan kopuruak gora egingo du.
Aurreko asteetan hainbat proba egin ondoren, ohiko bilakatuko da ekimena. Udalak ikastola zoriondu du, mugikortasun eta irisgarritasun printzipioekin bat datorren egitasmoa delako.
Aste honetan ofizialki abiatu aurretik, hainbat proba egin dituzte. Ibilbide ezberdinen segurtasunari eta ordutegiei buruzko xehetasunak zorrotz aztertu ondoren, martxan jarriko dute. Egape ikastolan deitu zuten agerraldian Egape ikastolako erakunde ezberdinetako ordezkariak izan ziren. Haiekin batera, sustengua emanez, Urnietako Udala eta Eusko Jaurlaritzako Osasun saila.
Mikel Pagola
Urnietako Udala
"Udalak mugikortasuna eta irisgarritasuna sustatzeko garatu nahi dituen planekin ondo baino hobeto uztartzen da. Ekimen hau ikastetxeen inguruan autoekin sortzen diren trafiko arazoak saihesteko garrantzitsua da. Beraz, zorionak Egape ikastolari eta ekimena burutzeko prest agertu den bolondres taldeari”.
Tomas Plazaola
Osasun Saila
"Kultura berria sustatu nahi dugu: gure burua zaintzen ikastea, alegia. Oinez ibili, ondo jan eta tabakorik ez erretzea..., hori eginez gero, gaitzak %80 saihestuko ditugu. Kanpaina hauek sustatzeko gaude. Lehen egiten genuena egitera itzuli behar dugu, lehen ere denak eskolara oinez etortzen ginen.
Kotxez etortzearekin eta bestelako jarrera desegokiekin, haurren gizentasuna ikaragarri hazi da. Programa hau Europan barrena oso hedatuta dago, eta hemen Euskal Herrian hainbat herritan txertatzen ari gara. Eta horrelakoekin zer lortzen ari gara? Haurrak eskolarako bidean sozializatu egiten ditugu. Bestetik, herri bakoitzeko mugikortasuna arintzea lortu dugu. Eta, azkenik, haurrak oinez etortzean haurrak esna etortzen dira”.
Mikel Agirregomezkorta
Egape ikastola
"Egitasmo hau interesgarria da gure ikuspuntutik. Ikasleen garapenean elementu garrantzitsuak aurkitu ditugu eta, bestalde, gure proiektuaren filosofiarekin bat egiten du. Gure eskolak proiektu bateratzaile eta integratzaile baten aldeko apustua egiten du. Ekimen honen bitartez aukera paregabea ikusten dugu irakaskuntza ikastetxetik atera eta gizartearekin bat egiteko. Hainbat eragilerekin bat egiten dugu: gurasoekin, Udalarekin, Eusko Jaurlaritzarekin”...
[URNIETA, 3.ORR.]