Zenbat pertsonek egiten duzue lan artxibategian?
Marijo Henriques: Bi pertsona gaude une honetan, David Belver administraria eta biok. David Udalak Lanbide erankudearekin elkarlanean egindako lan hitzarmenari esker dago hemen.
Zuk zenbat urte daramazu artxibategian? Gustuko lana al duzu?
M.H.: Hamaika urte daramatzat hemen. Lana oso interesgarria eta polita da niretzat, lan administratiboa betetzeaz gain aukera paregabea ematen baitit herriko historiari buruz ikasteko, agiri eta argazkien bitartez.
Zein dira zure eginkizunak?
M.H.: Urnietako Udalak eta gizarteak sortzen duten dokumentazioa biltzea du helburu artxibategiak, hau da, agiri administratiboak, argazkiak, jai programak, etab. Nire eginkizuna dokumentazio hori teknikoki sailkatu, antolatu eta deskribatzea da, ondoren Udal bulegoei, herritarrei zein historialariei eskuragarri jartzeko.
Aldi berean, udaletxeko ondare dokumentalaren kontserbazioaz arduratzen naiz, herritarrei dokumentazioa ikusteko aukera erraztuz. Hala ere, zera zehaztu nahiko nuke: nahiz eta artxiboa publikoa izan, badaude zenbait espediente edo agiri publikoak ez direnak; azken batean, legeak markatzen digu zer kontsulta daitekeen, zer ez.
Egoitza lekuz aldatu duzue azken aldian…
M.H.: Iraganean leku falta zela eta, bi biltegitan banatu zen artxibategia. Lehenengoa udaletxean kokatua: hirigintzako agiri guztiak jasotzen dituena. Eta bigarrena, administratibo-historikoa deitzen dena; lehen Urbieta kaleko lokal batean zegoen, txikia eta gaizki egokitua.
Iaz, E planaren dirulaguntza baten ondorioz, artxibategia Etxeberri plazako egoitza honetara ekarri genuen. Baldintza fisiko zein babesekoak betetzen ditu: 170 metroko espazioa, behar bezala egokitua, tenperatura eta hezetasun egokiak ezartzen dituen makinarekin… Kontuan eduki behar da ehun eta berrogeita hamar urtetik honako agiriak ditugula.
Aitortu beharra dago Udalak ahalegin handia egin duela bai eraikuntza baita beharrezkoa den mobiliarioa jartzeko garaian. Zorionez, egun, leku dezente daukagu egungo ondare dokumentala zein hurrengo urteetan sor daitekeen guztia gordetzeko.
Agiri zaharrenak ehun eta berrogeita hamar urte ditu…
M.H.: Bai, udaletxeak bi sute jasan izan ditu historian zehar (bata 1837an lehen karlistadan, eta bestea 1906an), eta tamalez, zenbait kontu liburu ez gainerako guztia bertan erreta geratu zen.
Zer nolako zerbitzuak eskaintzen dizkie artxibategiak herritarrei?
M.H.: Lehen azaldu bezala, agirien kontsulta eskaintzen da beharrezkoa duten gauzetarako: etxeko planoak, hirigintza gaiekin lotutakoak (lur sailak…), biztanleen errolda zaharren kontsulta, argazki zaharrak, jai programak, Udal argitalpenak, etab.
Digitalizazio lanetan diharduzue azken urtetan…
M.H.: Horrela da. Azkeneko lau urtetan udal artxibategiko edukiak urnieta.org webgunean jartzen ari gara. Oraingoz Gipuzkoako Aldundiarekin sinaturiko hitzarmenaren ondorioz artxibategiko 11.000 argazki jarri ditugu eskuragarri. Edonork bere etxetik kontsulta ditzake eta beharrezkoak dituen argazkiak gorde.
Artxibategi berrian ordenagailu bat ere jarri dugu, bai argazkiak edo beste eduki batzuk kontsultatzeko.
Aurten, gainera, beste zenbait eduki jarri nahi ditugu eskuragarri webgunean: hala nola, osoko bilkuretako akten datu basea (1862–1985), 1944ko urtetik aurrerako jai programak, 1910–1960ko biztanle errolden datu basea, udalak atera dituen beste zenbait liburuxka (Lurdes Iriondo, Maria Arizmendi eta Plazido Muxikari buruzkoak). Guztia digitalizatua dago dagoeneko, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiaren dirulaguntzak jaso eta gero.
Gaur egun ditugun aurrerapenen ondorioz, interesgarria iruditzen zait ahal dugun gehiena klik bakarrera eskuragarri jartzea.
Aipatuko al zenituzke artxibategiko agiriekin azken aldian egin diren ikerketak?
M.H.: Herrian azken urteetan egin diren antzerkietarako (Marizulo eta Urnieta’59) agiriak erabili dira. Argitalpenak ere egin izan dira: hala nola, ¨Oriako nire oroipenak¨, ¨Urnietako irakaskuntzaren historia laburra¨ edota ¨Urnietako Etxe eta Baserriak 2005¨. Halaber, argitalpen berri bat da kaleratuko da hurrengo hilean: ¨Urnietako emakumeak XX. mendean¨.
Egitasmoen artean, hurrengo urteetarako herriko historiaren inguruko ikerketa beka bultzatu nahi dela ere aipatuko nuke. Bestalde, David Belver lankidea hamaika mila argazkien datu basea osatzen ari da. Digitalazioarekin batera, argazkien identifikazio lanari ere ekin dio, urnietarren laguntzarekin.
Zenbat erabiltzaile izaten ditu artxibategiak?
M.H.: Udala bera da erabiltzaile nagusia; izan ere, bulegoetan egindako agiri guztiak artxibategira ekartzen dira urte batzuen ondoren. Liburutegiko gordailua ere bada artxibategia, han leku faltagatik gutxien kontsultatzen diren liburuak hemen gordetzen baititugu.
Udalaz gain, herritarrak, ikertzaileak eta ikasleak ere etortzen zaizkigu. Denetara, iaz, berrehun kontsulta baino gehiago eduki genituen.
Jasotzen al duzue partikularren dohaintzarik?
M.H.: Bai, eta jendea animatu nahiko nuke bere etxean argazki edota agiri zaharrak baldin baditu ez ditzan zakarretara bota. Etor dadila hona; kopia berehalako batean atera, digitalizatu eta itzuli egingo diogu. Esaterako, 1944tik aurrerako jai programa ugari dugu, baina tarteko zenbait falta zaizkigu: 1946, 1948, 1952, 1964, 1965, 1970-72, 1978, 1982 eta 1983koak.