“Inauteria egun osoko festa izatea nahi dugu”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 9a, 12:35

Urnietako inauteri giroa berotuz doa eguna gerturatu ahala. Iaz koadrilen arteko play-back saioa burutu zuten. Aurten aurrerapauso bat eman nahi dute karrozen desfilea antolatuz. Horra, inauterien atarian Poxta Zahareko kideei egindako elkarrizketa.

Elkarrizketa:



Egun gutxi geratzen da eta, iaz bezala, inauteri giroa herri osora zabaldu nahi duzue aurten. Zer nolako giroa sumatzen duzue, aldez aurretik?
Poxta Zahar. Jendea sekretupean ari da mozorroa prestatzen, baina azken egunera arte ez da jakingo benetan zenbat eta zeintzuk izango garen kalera mozorrotuta aterako garenak. Gonbidapena guztiei luzatu diegu, haur, gazte eta helduei. Guztien zain egongo gara otsailaren 18an. Eguna luzea da, adin tarte ezberdineko herritarrok batean ez bada bestean bat egingo dugu.

Herriko beste eragileek ere bat egin al dute zuekin?
P.Z. Abendu hasieran herriko hainbat elkarteri antolaketari begira ekarpenak egiteko aukera eskaini genion. On Bizi elkarteak pintxo potea antolatuko zuela baieztatu zuen. Era berean, saltokietako erakusleihoak Poxta Zaharrek proposatutako ‘zinema eta telebista’ aurtengo gaiarekin apainduko zituztela agindu ziguten. Beste elkarteek, festaren alde egingo zutela erantzun ziguten.
Eta horrela, denen izenean, larunbat arratsaldez Idiazabal kalea oinezkoentzat soilik izatea eskatu dugu. Bosko Anitz, Josta leku, Presentación de María, Egape, Iñistorra, Eteneta, Banaiz Bagara, Denda Berri, On Bizi eta Poxta Zaharren izenean, hain zuzen.

Bazkarirako deialdi berezia egin duzue. Egun osoan zehar, beraz, inauterizaleak elkarrekin egoteko apustua da...
P.Z. Bai, egun osoko festa izatea nahi dugu. Goizean, trikiti soinuekin esnatu eta Kantoitik hasita gure mozorro eta karrozekin herria zeharkatuko dugu. Ondoren, San Juan plazan bazkalduko dugu. Bazkalostean, play-back edo sketx lehiaketaren txanda iritsiko da.
18:00ak aldean, berriz, elkarteok bat egingo dugu San Juan plazan eta Idiazabal kalerainoko desfilea egingo dugu. Horrela, 19:00ak aldera pintxo potearekin hasterako Idiazabal kalea jendez gainezka egotea espero dugu.

Merkea da gero, euro bakarrarekin tokia eta edaria ziurtatuta edukitzea!
P.Z. Norberak bere bazkaria eraman behar du, eta Poxta Zaharrek mahaiak eta edaria jarriko ditu. Euro bateko tiketak atera ditugu, mahaiei eta edariari dagokionez aurreikuspen seguruak egin ahal izateko.

Play back saioa, pintxo potea..., Urnietan oso gustuko dira. Eta karroza bat baino gehiago ikusiko al dugu?
P.Z. Ezin gauza handirik aurreratu, baina hiruzpalau karroza aterako diren ustea daukagu. Karrozarekin ez bezala, playback lehiaketan jende gehiagok parte hartuko duela uste dugu, iaz 5 talde animatu baitziren.
Karrozarena Urnietako inauteriari gehitzen zaion beste berrikuntza bat da. Festa inprobisazioaren bidetik atera eta nortasuna izango duen jaia eraikitzeko urratsak ematera pasatzen ari gara. Une honetan herritar bakoitzak eta koadrilen arteko lanak mozorroak prestatzen edota karrozak eraikitzen garrantzia ikaragarria du, gutako bakoitzak egiten duelako handi inauteria.

Martxa honetan Urnieta “bizitoki” den adierarekin amaituko duzue...
P.Z. Bai, hori da helburua. Antolatzen ditugun festa guztietan bezala. Festak Urnietan ere badirela aldarrikatu dugu 2011n sortu genuen abestian: Ei zahar ta gazte, begira, Urnietan ere festak badira…
Alegia, herrian ondo pasatzea posible dela; horretarako, nahia eta lana egiteko gogoa izatea besterik ez da behar.

Mielaren sorrera zuei esker izan zen, patata-tortila lehiaketan txosnagunea bete zenuten... Zuek antolatutako hainbat ekitaldi behintzat arrakastatsuak izan dira. Urnietako giroa aspaldi ez bezalakoa dela uste al duzue zuek ere?
P.Z. Bai, jende gehiago ikusten da festetan, eta hainbat ekintzatan parte hartzea handituz doa urtez urte. Bide onetik goazela dirudi, bai gu eta baita festak antolatzen aritzen diren beste elkarteak ere.
Azken urteotan herriko hainbat elkarteren arteko harremana estu bilakatu da eta, ondorioz, elkarrekintzarako joerak handitu dira. Aipatutakoaren ondorioz, festa bera asko aberasten ari da.

Honen guztiaren ondorioetako bat, zuek egindakoa ondorengo belaunaldietan ere eragina izango duela daj.
P.Z. Herrian egiten den edozein ekintza da garrantzitsua, eta are gehiago horrek jarraipena badu eta herriko bizimoduan errotzen bada. Hutsune bat zegoelako sortu ginen. Belaunaldien aldaketa iristean, ondorengoek ere ekintzak antolatzeko eta herrian eragiteko grina izatea desio dugu, aurreko ereduari jarraituz eta ahal dela bide berriak irekiz. Beti ere herri-giro ona luzaroan mantentzeko helburuarekin.
[EGITARAUA, AGENDA]
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!