Noiz eta nola sortu zen elkartea?
Antonio Rosco: Iazko ekainean, eraikuntzako sektorean langabezian gauden zenbait Gipuzkoako koordinakundetan biltzen hasi ginen. Denborarekin ohartu ginen langabeziaren arazoa eraikuntza ez ezik beste hainbat sektore ere ari zela kolpatzen, eta herrietan elkartzeko premia zegoela, neurriak eskatzeko. Horrela, Urnietan talde eragilea osatu genuen. Urnietan San Juan plazan bilkura egiteko bi deialdi antolatu ditugu eta bietan pozik egoteko moduko erantzuna jaso dugu.
Zer jende mota bildu zaizue orain arte?
A.R.: Denetariko jendea, esango nuke. Hori bai, gazteen falta nabaritu da, antzeko kontzentrazioetan gertatzen ari den bezala. Arrazoi ugari eduki daitezke horretarako: lotsa, arazoa norbanakotzat jotzea, protestei eraginkortasuna ukatzea… Urnietan 300 langabetu baino gehiago dago oker ez banago, eta erronka polita daukagu horiei eta baita inguruko guztiei ere, protestak baliagarriak izan daitezkeela sinistarazten.
Bilkurekin jarraitzeko asmoa al duzue?
A.R.: Bai, eta urnietarrei datozen deialdietarako erne egon daitezen eskatuko genieke; horretarako, kalean kartelak ipiniko ditugu. Bestela ere, gurekin harremanetan jartzeko, hona bi modu: 661800 959 telefono zenbakia edota paradosurnieta@hotmail.com.
Erakundeekin bildu al zarete?
A.R.: Eraikuntza plataformako kideak Martin Garitano diputatu nagusiarekin eta beste alderdiekin egon ginen. Guztiek ere hitz politak egin zizkiguten, gauzatzea falta dan orain.
Urnietan, lehen bilkurarekin batera, alkatearekin eta Bildu eta PSErekin elkartu ginen. Denei argi utzi genien jabetzen garela langabeziaren arazoa eurek ez dutela konponduko; hala ere, langabezia arintzeko udalerri mailan neurriak har daitezkeela adierazi genien. Ahal zuten guztia egingo zutela agindu ziguten, eta alkateak bigarren bilera bat ziurtatu zigun; noiz deituko zain gaude.
Zuk hobekien ezagutzen duzun eraikuntzan, esaterako, egoera oso larria dela diozu…
A.R.: Bai hala da, hainbat proiektu geldirik baitaude. Gainera martxan direnetarako (AHTa batez ere), Portugal, Errumania eta Poloniako langileak ari dira kontratatzen. Honek ez du zerikusirik arrazismoarekin; kontua da langile horiek lan eskubiderik gabe ekarri dituztela, hemengo langileak bazterrean utzita. Huskeria kobratzen dute orduko, lan egun amaigabeak dituzte, ez dute oporrik... Egoera hori salatu izan dugu instituzioetan, baina eraikuntzako enpresa horiek lan hitzarmena betetzen dutela adierazi digute. Gauza bat da zer sinatzen den, bestea praktikan zer gertatzen ari den…, horrelako gizartea nahi al dugu?
Bilbon larunbatean antolatutako manifestazioara joateko deialdia egin duzue…
A.R.: Egoera larria da eta langabetuak garen aldetik guztion eskubideen alde mugitu beharra daukagu.