Urnietako mendi maratoiaren lehen edizioa aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 3a, 13:03

Urnietako Udalak eta Aspanogi Gipuzkoako haur minbizidunen guraso elkarteak elkarrekin egin zuten mendi lasterketaren aurkezpena.

Kronika:

Urnietako Udalak eta Aspanogi Gipuzkoako haur minbizidunen guraso elkarteak elkarrekin egin zuten mendi lasterketaren aurkezpena. Mikel Pagola alkatea lehen mendi lasterketaren aurkezpenean  hitza hartzen lehena izan zen, “apirilaren 22an maratoi erdia antolatzeko asmoa dugu. Urnieta-Adarra-Urnieta sendotzen zihoan proba zen, baina mendiko lasterketa izaera izateko asfalto gehiegitxo zuen. Hilabete batzuk dira probaren sustatzaileen aldetik beste lasterketa bat egiteko proposamena jaso genuela. Udalak erabakia hartu behar zuen, egungo egoera ekonomiko zailean bi probari sustengu ekonomikoa ematea ezinezkoa delako. Erabakitzeko txanda iritsi zenean, Urnietako mendi lasterketaren alde egitea erabaki zen". Alkatearen hitzak entzunda, apirileko mendi maratoia Urnieta-Adarra-Urnieta probaren birformulazio modura hartu dute. Adarra mendiak toki garrantzitsua izaten jarraituko duenez, probaren izpirituari eusten zaiola uste dute.
Bestalde, 2012ko edizioa proba modura ikusten dute, orain arte egiten zen Urnieta-Adarra-Urnieta probari behin betiko ateak itxi gabe, "ikusiko dugu, aurten egiten ez bada, nork daki hurrengo urtean izango ote den. 2013an ikusiko dugu zer gertatzen den. Ez dugu ahaztu nahi nondik gatozen".
Aurten egingo duten mendi lasterketa indartzeko, babesle bila, herriko enpresekin hizketan ari da Udala.
David Rosco Sustapen zinegotzia proba burutuko den eremuaren bertuteak azaltzen ahalegindu zen, "mendi maratoi erdia oso gertuko ondare historikoaz gozatzeko gonbitea da, bai elastikoa izerdiz blai sentitu nahi dutenentzat eta baita kirol ikuskizun paregabea ikustera hurbiltzen diren guztientzat ere". Probaren izaera nabarmendu zuen bere hizketaldian, "ekimenaren sustatzaile nagusia Aspanogi Gipuzkoako haur minbizidunen guraso elkartea da. Gaur egun, elkartean Gipuzkoako 150 familia daude sartuta". Urnietako Udalak proba honetan laguntzeko eskua luzatu izanaren arrazoien artean probaren izaera dago, beraz.

Ingurunearen promozio
turistikoa
Urnietako Udalak, bide batez, Xoxoka-Adarra mendi inguruaren promozio turistikoa egiteko aukera baliatu nahi du: "bertan dagoen ondare megalitikoa ezagutaraziko dugu eta etorkizun batera begira inguru hartan presta daitezkeen mendi ibilbideen seinaleztapena egiteko aukera ere aztertzen ari gara. Adarrak ez luke soilik urtarrilaren 1ean ezaguna izan behar. Donostialdeko jende ugari hurbiltzen da inguruko mendi tontor garaiena delako.
Horrelako proba antolatzearekin ingurune honetatik haratagoko jendeak gure parajeak, gure gastronomia eta gure mendi eskaintza ezagutarazteko aukera izango duela espero dugu".
Joseba Labakak probaren inguruko xehetasunak eskaini zituen, "Aspanogitik Urnietak Udalari proba egiteko proposamena luzatu genion eta hasieratik Udalak eskuak zabalik hartu gaitu". Probaren ibilbidearen diseinatzailea bera izan da, "ibilbideak bilatzen hasi eta mendi maratoi erdia egitea polita litzatekeela pentsatu nuen. Xoxoka abiapuntu egokiena izan zitekeela pentsatu genuen. Bertatik abiatuta ibilbidea lantzen hasi nintzen. Korrikalariek inguru hartako mendi altuenak igoko dituzte. Pilatutako desnibela ohikoa baino handiagoa izango da, baina guk kirola egiteko joera duen edonor proban parte hartzera gonbidatu nahi dugu. Ura eta janari postuak 5-6 izango direnez, herriko jendeak egiteko modukoa da. Jende ona ekarri nahi dugu, baina probari izaera herrikoia ere eman nahi diogu. Lehen mailakoak eta herri mailako kirolariak, denak ere ongi etorriak izango dira".

300 lasterkarirekin
abiAtuko da lehen edizioa
Lehen edizioa denez, partaidetza 300 pertsonara mugatu dute. Zuhur jokatu nahi dute antolatzaileek, "ez ditugu eskuak harrapatu nahi, ez dakigulako lehen urtean hori baino jende gehiago hartzeko gaitasunik izango dugun".

GOIBURU-XOXOKAKO
HERRIKIDEEI ESKER ONA
Urnietako alkateak gogoan izan zituen Goiburu-Xoxoka auzoko eta auzo elkarteko kideak.
Andoni Urbistondo zinegotzia eta probaren antolatzaileak, bestalde, proba antolatzen laguntzeko herritarren eta auzotarren parte hartzea eskatu zuen. Ezinbestekoa izango da probaren arrakasta ziurtatze aldera.

Izena emateko epea zabalik
Dagoeneko izen-ematea zabalik dago www.kirolprobak.com webgunean. Web atari horren sustatzaileek, gainera, izen handiko proba batzuk hartuta Kopa modukoa antolatzeko asmoa dute aurten. Sei proba horien artean, Urnietako mendi lasterketa txertatu dute. Profesionalak ez direnen arteko ligaska horretan Urnietakoa sartzea albiste ona da, beste lasterketa on batzuren pare jarri dutelako.
Sei lasterketa horiek aski ezagunak dira kirol munduan: Berako maratoi erdia, Erlaitz-Aiako harriak lasterketa, Arriarango lasterketa, Azpeitiko Izarraitz proba, Aizkorriko mendi maratoia eta Urnietako mendi lasterketa.

Apirilaren 22koa Urnietan inoiz egin den kirol probarik garrantzitsuena izan daiteke. Bolondresen laguntzarekin lehen edizioak arrakasta izateko aukera handiak ditu. Eguraldiak ere bere ekarpena egin dezan desiatzen ari dira antolatzaileak.

MENDI MARATOIAREN
XEHETASUN GUZTIAK
680 11 75 66
urnietakoml.blogspot.com
urnietakomendilasterketa@gmail.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!