Urnietako Irisgarritasun planaren aurkezpena egingo dute asteazken honetan Lekaion

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 31a, 12:40

Asteazken honetan, otsailak 1, Lekaio Kultur Etxean Urnietako Irisgarritasun plana aurkeztuko da. Ekitaldia 19:00etan izango da urnietar guztiak gonbidatuta daude bertan parte hartzer.

Udalaren prentsa oharra, xehetasun gehiagorekin:

Luzea eta konplexua izan den arren lan prozesua, Urnietako herriak badu jada bere Irisgarritasun Plana. Duen tamainagatik, gutxinaka exekutatu beharko da datozen legealdietan. Hala ere, erritmoa finkatzerakoan, erabakigarriak izango dira ezartzen diren aurrekontu partidak eta txostenean aurkezten diren proposamen guztien artean zehazten diren lehentasunak.

Plana egiteaz arduratu den Bitaka enpresako kideek eta udal ordezkariek bihar aurkeztuko dute dokumentuaren edukia. Ekitaldia irekia izango da eta besteak beste, bertan izango dira politikariak eta partaidetza prozesuan parte hartu duten herritarrak. Haien lana oinarri garrantzitsua izan baita Bitakako adituentzat plana hobetzeko, urnietarren iradokizunak eta ekarpenak jasoaz. Bi saio egin ziren eta bertan partaide, politikari, teknikari, ezintasun fisikoren bat zuten pertsonek eta gainerako eragileek euren ideiak mahaigaineratzeko parada izan zuten.

Plana egiteak lan mardula eskatu du, herriko txoko guztiak goitik behera aztertu baitituzte. Hurrengo urratsa ekintza plana egitea izango da.

Azterketa lanaren ondorioa da puntu askotxo daudela Urnietan hobetu beharrean. Aurreikusitako proposamenetan oinezkoari ematen zaio nagusitasuna, orain ibilgailuek kentzen dioten espazioa berreskuratuz.

Planaren edukiak lau atal ezberdin ditu: gune publikoak, eraikinak, komunikazioa eta garraio publikoa. Horietako bakoitzean zer hobetu jakinarazten da gomendioak eginez eta irisgarritasuna hobetzeko garatu beharreko proposamenak aipatuz.

Espazio publikoari dagokionez, gomendatzen da zorua hobetzea, herriko altzarien kokapena hobetzea, semaforo akustikoak jartzea edota kaleetako arrapaletako malda egokitzea. Halaber, eraikinetan sarrerak hobetu daitezke, aretoak egokitu edota igogailu irisgarriak ipini.

Beste zeregin batzuk komunikazioaren esparruari dagokie. Web guneak irisgarriak izan behar dute eta udal-inprimakiak irakurterrazak, besteak beste.
Bestetik, seinaleztapena hobetzea eta erreserbaturiko aparkalekuen tamainua handitzea ere garrantzitsuak dira, egokitutako taxiak sustatzea eta markesinetako edota tren geltokiko irisgarritasuna hobetzearekin batera. Aintzat hartu beharreko esku-hartzeak denak.

Planak 44 proposamen biltzen ditu espazio publikoari dagokionean eta beste 20, eraikin publikoen kasuan.

Hainbat eta hainbat proposamenen artean, batzuk aipatzearren agertzen dira Geltoki kaleko ibilbideak hobetzea, Aranzubin espaloiak eraikitzea, San Juan plazaren inguruak  berritzea, Sarobe zentroaren zonaldea oinezkoentzat ipintzea, Zabaleta auzoaren eraberritzea eta oinezkotzea, Burnibide parkearen egokitzea edota Urbita auzoaren erreforma. Proposamen bakoitza bere aurrekontuarekin jasotzen da dokumentuan lehentasunak zehazten joan ahal izateko eta ekintza plan bat lantzeko, Urnietako herria oinezkoek lehentasuna duten herri bat izan dadin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!