Antzerki tailerrak "Zurrimurri" obra taularatuko du ostiral honetan. Esperimentua, laborategia..., zer da tailerra?
Mikel Agirregomezkorta. Bi gauza aipatuko nituzke. Batetik, tailerreko lana dago. Laborategi modukoa da, helburua ez delako antzeztea, norberak bere gaitasunak garatzea baizik. Helburua ondo pasatzea da.
Ikasturtean zehar erronka berria sortu ohi da, tailerrean garatutakoarekin ikuskizun bat eskaintzea.
Tailerrak bi arlo horiek biltzen ditu bere baitan, eta bistan da bigarren fase horretan gaudela orain.
Ikasleen artean esperientzia metatzen ari diren antzezleak dituzu. Hori zuretzat abantaila izango da, ezta?
M.A. Antzerki tailerrean parte hartzaileek izan duten garapena ikusten ari gara. Maila batekin sartu ziren eta bilakaera nabari da. Pozgarria da hori, eta horrek erronka handiagoak hartzera garamatza. Niri irakasle bezala gauza bera gertatzen zait, niretzat ere erronka handia da.
Muntaia handietan parte hartu duzue gehienok. Ikuslea dagoeneko maila oneko interpretazioak eskaintzera ohitu duzue...
M.A. Horrela da, bai. Erronka handia hartu dugu gure gain eta kontziente gara diozun hori gertatuko dela. Horrek funtzioa hasteko egun gutxi geratzen denean urduritasuna sortzen du gugan.
Zer espero behar du ikusleak hona etortzean?
M.A. Ez dut gehiegi hitz egin nahi, etor daitezela. Baina jendea harritu egingo da. Forman desberdina izango da, erantzi egingo dugu antzokia.
Esketx ezberdinak landu ditugu, baina bere osotasunean antzezlanari koherentzia ematen saiatu gara. Puzzle bat da azkenean, baina puzzle horrek koherentzia baduela esango nuke.
Kaosa, ordena..., borroka horretan kokatzen da Saroben eskainiko duzuena...
M.A. Sinopsian agertzen den bezala, esperientzia honen hasiera anabasa zen. Ez genekien zer egingo genuen. Antzezlanari forma ematen saiatu gara, alde batera gauza batzuk utziz. Anabasa horri ordena ematen saiatu gara.
Esketx ezberdinak dira, baina dena kontuan hartuta, lan korala dela esango nuke, bai.
Zergatik jo zenuten estilo aldetik hain proposamen ezberdinera?
M.A. Tailerrean eragozpen bat dugu. Tailerra elebitan egiten da. Horrek obra bat garatzea zailtzen du. Zerbait egin behar genuela eta, norberak gustuko testuak ekarri zituen.
Nik neronek Edurne Rodriguez Legaleon taldeko "Mujeres al rojo vivo" antzerki-liburua aurkitu nuen, oso interesgarria. Testu indartsuak dira, emakumezkoen ikuspegitik. Lan horren aldaera maskulinoa Oier Guillanen "Harra arraroa" lanean aurkitu nuen, gizonezkoen topikoetatik aldendu nahi dutenena. Biak uztartzea polita iruditu zitzaidan.
Horrez gain, badaude tailerreko jendeak egindako testuak, antzezteko joko handia ematen dutenak.
Urnietan egiten dituzuen antzezlan horiek baino arriskutsuagoa al da muntaia hau?
M.A. Ez, baina eguna iritsi ahala, arriskua ikusten diot antzezlanari. Kar, kar. Beste muntaia horietan ardura handiagoa da, jende asko dabilelako obraren inguruan.
Urnietan sasoiko zaudete antzerkizaletasunari dagokionez...
M.A. Berreskuratzen ari gara zaletasuna eta hori pozgarria da. Alde batetik tailerra dago. Bestalde jubilatuekin beste taldetxo bat osatu da Jose Mari Berasategirekin. Ikastetxeetan ere sartu da, ikastorduetan. Hori niretzat pozgarria da.
Marizulo, Urnieta'59..., honezkero hirugarrenean ariko zarete pentsatzen...
M.A. Bai, bai. Martxan dago trilogiaren hirugarrena. Ardura handiagoa da, erronka handiagoa ere bai. Gogoa ere handiagoa dugulako da.
Polita izango da hirugarrena egitea. Aurreko bien esperientzia baliagarria izango da lan polita egiteko.