San Tomas eguneko kronika

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 23a, 15:10

San Juan plaza eta udaletxeko arkupeak San Tomas ospakizunaren gune bilakatu ziren berriro.

Iñistorra euskaltzaleen biltzarrak beste urte batez San Tomas eguneko ospakizuna antolatu zuen Urnietan. Euria gogotik egin zuen egunean zehar eta, zoritxarrez, gazteei zuzenduriko hitzordu batzuk bertan behera geratu ziren. Udaletxeko arkupeetako jaia, ordea, bere horretan burutu zen. Izan ere iluntzen ari zela ateri eutsi zion, jende gehien hurbildu zen tartean, hain justu. Bertaratu zirenek nahi adina sagardo eta txistorra jan zuten. Gaztainak eta tarta lehiaketako razioak ere kopuru politean banatu ziren. Eguraldiaren beldurrik ez zuten izan, beraz, azokara bertaratu zirenek.

Azoka bilgune izateaz gain, Urnietako tartagileen eta sagardogileen erakusleiho ere bada. Tarta lehiaketara zortzi aurkeztu zituzten eta irabazlea  Leire Erasun gaztea izan zen. Haren ondoren sailkatu ziren, hurrenez hurren, Loli Bernardo eta Manoli Sorondo.

Usadiozko III. sagardo lehiaketa
Ohi bezala emozioa gori-gori izaten da. Bereziki, sagardo onenaren botila enkantera ateratzen denean. Lehenik epaimahaiak eman zuen bere iritzia. Eta epaimahaiaren irizpidearen arabera aurtengo sagardo onena Errotaberri baserrian egindakoa izan da. Tarte txikira, hurrenez hurren, Antso eta Gerez baserrietako sagardogileak.
Enkantean sagardo onenaren botilak 21 euroko balioa hartu zuen; inoizko markarik handiena.

Urnietako sagardo lehiaketaren puntuaketa oso altua izan zen, aurtengo sagardoak duen kalitatearen seinale. Lehiaketara hamabi sagardogile aurkeztu ziren, tartean, aurreko urteetan irabazle izandako Milluts (2009) eta Elutseta (2010). Hauexek aurten aurkeztu ziren hamabi hautagaiak: Antso, Milluts, Montefrio eta Altzibarzar, Goiburu auzokoak. Elutseta, Bidegurutzeta eta Gerez, Oztaran auzokoak. Errotaberri, Sorozabal, Errotaburu, Sabordegi eta Goikoetxe, Lategi auzokoak.

Epaimahaiak hiru hauen alde egin zuen:
1. Errotaberri     Lategi
2. Antso     Goiburu
3. Gerez     Oztaran

Zorionak irabazleei eta esker mila parte hartu zuten sagardogileei. Baita epaimahaikideei ere. Enkantean Errotaberri sagardogilearen botila eskuratzeko inoizko preziorik altuena ordaindu zen: 21 euro. Ohi bezala, denek ere emozioz jarraitu zuten enkantea. 2 euroko prezioarekin hasi zen, 21 eurora iritsi arte. Iaz, sagardo onenaren botilagatik 13 euro ordaindu zituzten.

Ospakizun polita
Bertaratzen denak ikuskizun politaz gozatzeko aukera izaten du San Tomas egunean. Sagardoa, txistorra, gaztainak edota tarta dastatzeaz gain, Eguberrietako saskiaren edota sagardo onenaren enkantea zuzenean jarraitzeko aukera baitauka. Adi datorren urteari, ostiralarekin ospatuko baita San Tomas eguna.

URNIETAKO SAN TOMAS
Azoka datuetan

Kontsumitutakoa:
• 400 txistorra pintxo.
• 120 botila sagardo.
• 20 kilo gaztaina.
• 8 tarta.
 
Sagardo txapelketa:
Hamabi sagardogile aurkeztu ziren:
1. Errotaberri     94,5 puntu
2. Antso     91    puntu
3. Gerez     89,5 puntu
 
Sagar tarta lehiaketa:
Zortzi tartagile aurkeztu ziren:
1. Leire Erasun     53 puntu
2. Loli Bernardo     52 puntu
3. Manoli Sorondo     46 puntu

Eguberrietako saskia:
400 euroko balioa zuen saskia.
Txartela: 677 zenbakiduna.
Irabazlea: Mertxe Zapiain.

Gaztaren zozketa:
1630 gramoko pisua zuen gaztak.
Irabazlea: Alazne Nuñez.

Iñistorraren zozketa:
Bazkuna-Iñistorrako Eguberrietako loteriaren txarteletan agertzen zen Roomba zurgagailu-robota:
Txartela: 1932 zenbakiduna.
Andoaingo Urkiolan saldutakoa da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!