San Tomas, Urnietan geratzeko gogoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 15a, 13:53

San Juan plaza eta Kontzejupea herritarren bilgune bilakatuko da, hurrengo asteazken arratsaldean. Urtez urte, herritarren parte hartzearekin indartuz doan jaia da. Iñistorrak abiatu zuenetik, ekimen berriak erantsi zaizkio egitarauari. San Tomas eguna Urnietan bertan geratzeko modukoa da.

Egitaraua, parte hartuko duten sagardogileak:

ABENDUAK 21, ASTEAZKENA

Iñistorra elkarteak eta Gaztelekuak antolatutako Santomas jaiaren hirugarren edizioa iristear da, datorren asteazkenean, abenduaren 21ean ospatuko da, San Juan plazan eta udaletxeko arkupeetan edo kontzejupean. Arratsaldez burutuko den jaiak osagarri ezberdinak izango ditu, eta lagunarteko giro alaian ilunabarraz gozatzeko aukera izango da.

Bola ikastaroa
Gaztelekuak antolatuta, arratsaldeko bostetan, bolan aritzeko aukera izango dute herriko bolatokira hurbiltzen diren urnietarrak. Herri kirol horretarako hurbiltzeko aukera paregabea. Bertan izango dira herriko hainbat bolari behar diren xehetasunak emateko prest.

Herri Kirolak
Bola ikastaroaren ondoren, San Juan plazan izango dira Gaztelekukoak hainbat herri kirol antolatze lanetan, lokotx biltzea, soka-tira… Joko horiek ere denentzat irekiak izango dira eta edonork parte har dezake.

Txistorra eta sagardoa
Arratsaldeko seiretan irekiko da txistorra eta baserriko sagardoa dastatzeko postua. Aurten ere bi eurotan basoa erosi eta baserri ezberdinetako sagardoa edateko aukera izango dute bertaratzen direnek.

II. Sagar Tarta Lehiaketa
Iaz lehenengo edizio arrakastatsua egin ondoren, aurtengoan berriro sagar tarta lehiaketa antolatu da. Parte hartzeko nahikoa da etxean tarta egin eta arratsaldeko lauretatik zazpietarako tartean udaletxeko arkupeetara eramatea. Parte hartzaile bakoitzak xanpain botila bat jasoko du trukean, eta irabazleak, Zaldundegi jatetxean bi lagunentzako bazkari edo afaria eta garaikurra. Epaimahaiko kideek dastatu ondoren, jendeak sagar tarta jateko aukera izango du, euro bat ordainduta.

III. Usadiozko Sagardo Txapelketa
Aurtengo Santomas azokako ekitaldirik garrantzitsuena izango da. Etxeko kontsumorako sagardoa egiten duten baserriek parte hartuko dute bertan, txapelketa hau ez dago herriko sagardotegiei irekita. Aurtengoan hamahiru izango dira parte hartuko duten baserriak, Antso, Milluts, Montefrio, Altzibarzar eta Pagoaga, Goiburu auzokoak. Elutseta, Bidegurutzeta eta Gerez, Oztaran auzokoak. Errotaberri, Sorozabal, Errotaburu, Sabordegi eta Goikoetxe Lategi auzokoak. Horien artetik aterako da aurtengo txapelduna. Aurreko bi edizioetan, Milluts eta Elutseta, hurrenez hurren, izan ziren garaileak. Epaimahaia sei lagunek osatua izango da, eta irabazleak Zaldundegi jatetxean bi laguntzeko bazkaria edo afaria eta garaikurra izango ditu saritzat. Bigarren sailkatuak, 50 euroko saria jasoko du. Irabazlea ezagutzera eman ondoren, baserri horretako sagardo botila baten enkantea egingo da, eta eskaintzarik onena egiten duena altxor preziatuaren jabe egingo da.

Saskia eta kiniela
Arratsaldean zehar han bertan jarrita egongo den saskiaren zozketan parte hartzeko zenbakiak salduko dira eta jaiaren amaieran saskia jendaurrean zozketatuko da. Era berean, han egongo da Urnietan egindako gazta eder bat, eta bere pisu zehatza asmatzen duenak etxera eramango du.

Musika
Arratsaldea alaitzeko ez da musikarik faltako, bertan Lurdes Iriondo musika eskolako gaztetxoak trikiti soinuarekin jaia girotzen arituko baitira.

 

ABENDUAK 21, ASTEAZKENA EGITARAUA

  • 17:00 Bola ikastaroa bolatokian, Gaztekuak antolatuta, parte hartzea guztiontzat irekia.
  • 18:00 Txistorra eta edarien (ardoa eta baserriko sagardoa) postua irekiko da.
  • 19:00 II. Sagar tarta txapelketa.
  • 19:30 Urnietako Usadiozko III. Sagardo txapelketa. Baserri hauek parte hartuko dute: Antso, Elutseta, Milluts, Errotaberri, Montefrio, Altzibarzar, Sorozabal, Bidegurutzeta, Errotaburu, Gerez, Goikoetxe, Sabordegi eta Pagoaga.
  • 20:00 Sagardo txapelketaren irabazlea ezagutzera emango da. Iñistorraren Gabonetako saskia zozketatuko da. Sagardo irabazlearen botila baten enkantea.
  • Musika jai giroan murgiltzeko
  • Urnietako Lurdes Iriondo musika eskolako trikitilariak bertan izango dira.


Egape dantza taldea
Dantza taldeak egun horretan postua ipiniko du hainbat produktu saltzeko.

Sagar tarta lehiaketa
Sagar tarta lehiaketan parte hartzeko: etxean tarta egin eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara bitartean Kontzejupera eraman. Parte hartzaile bakoitzak xanpain botila bat jasoko du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!