Udala-Baketik lankidetza hitzarmena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 1a, 13:40

"Urnietatik herri honetan eta euskal gizarte osoan bizikidetza eta berradiskidetze kultura sustatzen laguntzea", horixe da Baketik erakundeko Jonan Fernandezen esanetan helburu nagusia. Urnietan sinatu duten hitzarmena aurrerakoia da, gatazkak pairatu dituzten beste herrialdeetan garatu gabekoa.

Urnietako alkate Mikel Pagolak eta Baketik fundazioaren zuzendari Jonan Fernandez-ek lankidetza hitzarmena sinatu zuten asteartean, Urnietako udaletxean egin zen ekitaldian. Alkateak horrela iragarri zuen ekitaldiaren xede nagusia: "Udalak eta Baketik-ek lankidetza hitzarmena sinatzen dugu Urnietan elkarbizitza eta berradiskidetze kultura sustatzeko. Hitzarmenaren xedea hori da".

Azken hilabeteetan Baketik erakundearen proposamena bozeramaile batzordearen hiru bilera ezberdinetan aztertu ondoren iritsi da hitzarmena sinatzeko erabakia. Hitzarmenaren sinadura ekitaldian, EAJko eta PSEko Udal ordezkariak agertu ziren.
Agerraldian alkateak adierazi zuenez, "Urnietako Udal gobernuak lehenengo harremana Baketik-ekin joan zen ekainean egin zuen, ETAk armak uzteko bere intentzioa iragarri aurretik alegia. Elkarbizitzaren eta errespetuaren baloreetan oinarrituriko gizartea eraiki behar da, gizarte heldu eta bakegile baterantz aurrera egiteko". Ildo horretatik, Urnietako Udal arduradunak bat datoz Baketik-ekoekin elkarbizitza aberats bat lortzeko beharrezkoak diren estrategiak eta helburuak partekatzerakoan.

Baketik fundazioaren izenean, Jonan Fernandezek adierazi zuenez "denbora dexente daramagu gai honen inguruan erreflexioa egiten. Urte hasieran udaletxeetatik lan bat egitea aztertzen hasi ginen. Udal hauteskundeak burutu eta gero, hainbat Udal ordezkarirekin harremanetan jarri ginen. Lehen hitzarmena Urnietako Udalarekin izan da eta hurrengo asteetan antzeko programa gehiago garatzeko hitzarmenak sinatuko ditugu. Urnietakoa lehena da, eta horrek pozez betetzen gaitu. Garrantzitsua da, Urnietakoak abiapuntua zehazten duelako".

Fernandezek adierazi bezala, lankidetza hitzarmena 2012 eta 2013 urteetarako aurreikusia dago, helburu nagusi batekin: "Urnietatik herri honetan eta euskal gizarte osoan bizikidetza eta berradiskidetze kultura sustatzen laguntzea".

2012an lehen pausoak
Lehenengo urtean aurkezpen hitzaldiak eta berradiskitzeari buruzko agiria idatziko dute, besteak beste.

2013an jarraipena
Bigarrenean, berriz, Urnietako Bizikidetza Kontseilua edota Foroa egitasmoa sortzeko asmoa dago.

Baketik-en lan programa
Baketik erakundearen arabera oinarriak, besteak beste, hauexek lirateke: Giza duintasunaren errespetua eta elkarren onespena; bakearen finkapena modu atzeraezinean, giza eskubideen sustapena; iraganarekiko memoria kritiko baten garapena, biktimei elkartasunaren eskaintza, edota partekatutako oinarri etiko eta demokratikoak dituen hezkuntza prebentiboa garatzea.
baketik.org

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!