Azaroko bilkura labur igaro zen, eta aztergai bakarra izan zuten mahai gainean: 2011-2015 legegintzaldirako planaren helburuak eta horiek lortzeko estrategiak onartzea.
Udal Gobernu taldeko Eusko Alderdi Jeltzalearentzat, batzarraldian erabili zituen argudioak entzunda, garrantzia handikoa zen mahai gainean eztabaidatzen ari zirena.
Mikel Pagola alkateak legegintzaldi osorako planaren inguruko aurkezpena egin zuen, Udal taldeen artean orain arte egindakoa laburbilduz. Adierazi zuenez, plan hori alderdi guztiek ordezkaritza duten “Bozeramaile batzordean hiru bider aztertu da. Azkena, zehazki, azaroaren 11n”. Planaren sorburuan eta beraren antolaketan LKS aholkularitza enpresaren laguntza izan dutela ere gogorarazi zuen. Aztergaia "gaur onartzeko planteamenduarekin" aurkeztu zutela adierazi ondoren, alkateak oposiziokideei hitza eman zien.
Herme Gonzalez, PSE-EE
"Ados gaude, hasiera batean. Espero dugu egitasmo honen garapenean proposamenak egiteko aukera izatea. Gutxienekoak zehazten dira, eta printzipioz logikoa dirudi atal bakoitzaren arduradunak Udal gobernu taldeko kideak izatea". Esan gabe, baiezkoa bozkatzearen aldeko argudioak azaldu zituen.
Xabi Yurramendi, Bildu
"Helburu orokor hauen kontra ezin joan, intentzio ona ikusten dugu aurkeztu duzuen idatzian. Horren garapenak irakurketa zabala eman dezake. Plan horren norabideak eta ekintzak dira benetan garrantzitsuak". Hori esan eta gero, abstentzioaren alde egingo zutela adierazi zuten.
Adierazpenen ondoren, jeltzaleen eta Bildukoen arteko iritzi trukaketa gertatu zen. Izan ere, jeltzaleek ez zuten batere ondo hartu Bilduk abstentziorako iragarri zuen intentzioa. Mikel Pagolak birritan aurpegiratu zien, “plangintzari "aurreko bileretan ekarpenak egiteko aukera izan duzue".
Bilduko Itziar Martiarenak karga kendu nahi izan zion abstentzioaren aldeko erabakiari, "intentzio onak ikusten ditugu, baina gaur aurkeztutakoak beste munduko ezer ez du esaten. Ez gaude aurka, baina plangintza horren helburuak oso orokorrak dira".
Maribel Vaquerok zera erantzun zien, "pena da aho batez onartu ez izana". Helburuetan denak ados egotea funtsezkoa zela esan zuen, aurkeztu zutena oinarri bat delako plana behar bezala garatzeko. Denek elkarrekin horren alde egitea garrantzitsua zela adierazi zuen.
Bozketarako txanda iritsi zenean ez zen iragarritako boto erabakian aldaketarik izan. Bilduren abstentzioarekin eta EAJ nahiz PSE alderdien baiezkoarekin aurrera atera zen Udal gobernu taldeak 2011-2015 legegintzaldirako aurkeztutako plana.
Legegintzaldi plana 2011-15
Sei ataletan banatuta dago legegintzaldi plana. Sei helburu estrategiko zehaztu dituzte, eta helburu estrategiko bakoitzean hainbat estrategia. Seirak garrantzia berekoak dira, ordenak ez du garrantziarik.
1. Bakearen eta giza eskubideen kultura sustatu.
Giza eskubideen garapenaren sustatzea, emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna bermatzea,...
2. Hirigintzaren garapen atsegin eta jasangarria bultzatu.
Urnietarrek herrian bertan etxebizitza edukitzeko aukera bermatzea, natur baliabideen erabilera jasangarria bultzatzea,...
3. Udal kudeaketa optimizatu eta modernizatu.
Udalaren eta herritarren arteko komunikazio iturri berriak bultzatzea,...
4. Urnietar nortasuna eta izaera sendotu.
Herriko erakarpen turistikoari balioa ematea,...
5. Garapen pertsonala eta soziala landu.
Enplegua sustatzeko eskualdeko formulak bultzatzea,...
6. Egungo krisi garaian ekonomia sustatu.