Buruntzaldean Urnieta izan zen euriteak gutxien kaltetutako herria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 10a, 11:58

Urnietan ere euritea oso bortitza izan zen. Urnietan behintzat historikoa esatea gehiegitxo litzateke, baina datuak eskuetan, kontuan hartzekoa izan zen metro karratuko metatu zen litro kopurua: aurreko igandekoa azken hamabost urteotan euri gehien egin zuen eguna izan zen.

Historikoa maiz erabiltzeko joera izaten da hedabideetan, jarduera ezberdinei dagokionez. Eta euriteei erreparatuta, aurreko asteburukoa hainbat tokitan historikoa izan zela adierazi zuen Eusko Jaurlaritzako ordezkari batek. Euri asko egin zuen, bai.

Azken hamabost urteetan
euri gehien egin zuen eguna

Azaroaren 6an 136 litro metro karratu neurtu zuten Urnietan. Euri kontuei dagokionez, marka berria ipini zen. Datuaz jabetzeko aipatu behar da azken hamabost urteetan neurgailua hiru egunetan bakarrik iritsi dela 100 litro metro karratuko kopurura.
Kalteei dagokionez Buruntzaldeko herrien artean arazo gutxien pairatu zuen herria izan zen Urnieta. Arrazoi nagusi bat badago: ez dela bertatik Oria edota Urumea bezalako ibai adar handirik igarotzen. Hernanirako bidean Trankatx errekak sortu ohi ditu arazoak, baina oraingoan ez ziren beste herrietako arazoekin alderatuta hain larriak izan. Euria, nolanahi ere, gogotik bota zuen. Hona, datu zehatzak erabiliz, aurreko asteburuan egunez egun botatako euri kopurua:
  • Azaroak 5, larunbata: 81 litro metro karratuko.
  • Azaroak 6, igandea: 136 litro metro karratuko.
  • Azaroak 7, astelehena: 37 litro metro karratuko.

Egun bakarreko prezipitazioei dagokionez, 1996tik hona egun berean 100 litroko prezipitazioetara iritsitako egunak esku bakarrarekin konta daitezke:
  • 1997 Ekainak 1     125 litro.
  • 1997 Abuztuak 25    100 litro.
  • 1998 Urriak 9    101 litro.
  • 2011 Azaroak 6    136 litro.

Bada beste datu argi bat, azken hamabost urteotan ere azaroa izan ohi da urteko hilabeterik euritsuena.

Urak goia jo zuen Errotaberri baserriaren inguruan
Euritea ostiral gauean hasi zen, eta larunbaterako errekak eta ibaiak nahiko bete ziren. Unerik zailenak igande eguerditik aurrera hasi ziren. Euria etengabe, eta urez beteta zeuden errekak ur guztia bideratu ezinik zeuden. Orduan hasi ziren Urnietan nabarmendu behar diren arazo larrienak.
Urnieta eta Hernaniko mugan dago Urnietako itsas-maila baxuen duen gunea: Errotaberri baserriaren inguruak itsasotik 25 metroko altueran daude. Igandean ur mailak goia jo zuen. Inguruko zubia gainditu zuen, baita baranda ere. Inguratu zirenen begietara, zubiaren arrastorik ez zen izan hainbat orduz. Urnietako udaltzainen deiari jarraituz, Hernaniko udaltzainek Hernani-Urnieta bidegorrian bidea moztu behar izan zuten.
Trankatx baserrian ere ura atera zen. Sotoan belaun pareraino iritsi omen zen ura. Egoerak zorionez ez zuen okerrera egin.

Lubizia Besabira doan errepidean
Igande arratsaldean Besabiko errepidearen zati bat lubiziak eraman zuen. Karril baten zati handia jauzi zen, eta eragin zezakeen kaltea handia izan zitekeen. Arratsaldeko 18:15ak aldera Besabitik behera bizilagun batek egundoko ezustekoa izan zuen, lubizia ozta-ozta saihestu zuelako. Gaztea zihoan norabidean sortu zen lubizia, eta ibilgailuan lubiziaren ertzetik igaro zen. Gertatutakoa horrela azaldu zion Aiurriri: “Ilun zegoen, eta euria gogotik ari zuen. Ibilgailuaren barruan kolpe modukoa sentitu nuen, azpiak jo eta kontrola galdu nuen une batez. Zorte handia izan nuen, lubizia txiripaz libratu nuelako. Besabitik gora ibilgailu batekin topo egin eta haiek udaltzainei deitu zieten”. Berehala arriskua seinaleztatu zuten, ibilgailuak mendian behera erortzeko arriskua saihestuz. Urnietako mendi eta baserri eremuetan lubizi txiki ugari sortu zen egun horietan, baina Besabikoak adinako arriskua sortu zuenik ez.
Errepidean sortutako lubizia konpontzeak lanak emango ditu. Aurrekontua ere ez da txikia izango.
Tren geltokiaren ondotik igarotzen den errepidean euriak ekarritako zuhaitz adaxkak, harriak eta lokatza geratu ziren, euriteak igarota.  
Etxeberri plaza inguruan, bestalde, ur erauntsiak etxabe eta ibilgailu batzuk kaltetu zituen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!