Urnietako San Migel jaietan bezala, parte hartze handiarekin igaro dira Xoxokako jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 13a, 12:18

Dudarik gabe astearte arratsaldean (urriak 4) bildu zen jende kopuru handiena. Desapiyuak ikusmin handia sortu zuen eta bertako zein kanpoko jende asko inguratu zen plazara.

Argazkiak

Kronika, jarraian:

25 metro luze dituen plazan, lehenik, Juan Mari Otaegiren betizu parearen txanda izan zen. 550 kiloko harriarekin 33 plaza eta 19,5 metro egin zituen. Ondoren, Azkonobietako Joseba Larrearen idiaren txanda izan zen. Betizuen harri bera erabili zuen, eta oso marka ona egin zuen: 51 plaza eta 22,8 metro, hain zuzen. Eta, azkenik, desapiyuaren azken txanda iritsi zen auzoko gizonen eskutik. Harria aurreko partaideena baino handiagoa zuten, 800 kilokoa hain zuzen; eta nahiz eta oso lan ona egin, ez zuten idiaren marka hausterik lortu. Hala ere, 41 plaza eta 14 metro egin zituzten eta egindako lanarekin  gustura geratu ziren.
Zorionez, ez zen jendearen arreta piztu zuen ekitaldi bakarra izan. Gainerako herri kirol saio eta apustuetara ere auzotar eta inguruko herritar ugari bildu zen. Sanmielak eta Xoxokako jaiak hurrenez hurren ospatzen dira eta aurten, behintzat, parte hartze handia nabarmendu behar da. Eta hori pozgarria da Urnietako herriarentzat.

Auzo elkartea eta Jai batzordea

Herri kirolak eta Desapiyua
“Astelehen eta asteartean, eguraldiak lagundu zuelarik, jende dexente bildu zen Xoxokako plazara. Astelehen goizean telleriatar eta mugertzatar anaiek elkarren aurka jokatutako herri kirol lehiarekin hasi ziren festak. Anai zaharrenek gazteenen aurka jokatu zuten eta oso saio polita egin zuten. Honen ostean, Jexux Mari Irazu eta Amets Arzallus bertsolariek euren saio bikoitzarekin alaitu zuten eguna trikitilarien laguntzaz.
Dudarik gabe astearte arratsaldean bildu zen jende kopuru handiena. Desapiyuak ikusmin handia sortu zuen, esan bezala.

BERTSO AFARIA, DANTZALDIA
“Asteazkena eta osteguna indarberritzeko harturik, ostiralean ekin genion berriro jaiei Besabin izandako bertso afariarekin. Jatetxea lepo bete zen eta oso gustura egon zen jendea Iban Urdangarin eta Iker Zubeldiaren ateraldiak entzunez. Baita auzoko trikitilarien piezak entzunez ere. Afariaren ostean plazan jarraitu zuen festak Ingo al deu taldearekin batera.
Larunbat goizean hamaiketakoa izan zen eskola zaharrean Ander Lizarralde eta Urko Egaña bertsolariekin batera. Nahiz eta edonor joan zitekeen hamaiketakora auzoko adinduak izan ziren gehinbat bertara inguratutakoak. Bien bitartean, haurrek eta hain haur ez direnek ere eskola atzean zegoen gaztelu puzgarrian ibiltzeko aukera izan zuten. Bazkalostean mus txapelketa izan zen, eta partaide dexente inguratu zen bertara. Eta haurrek Gorritiren animaliekin zein gaztelu puzgarrian nahikoa gozatzeko aukera izan zuten. Eguna amaitzeko berriz, Kupela taldearen musikarekin nahikoa dantza egiteko aukera izan genuen”.

IGANDEA, AZKEN EGUNA
“Jaien azken egunera iritsita, goizeko hamarretan artzain txakurren txapelketa izan zen eskola atzeko zelaian. Bost txakurrek parte  hartu zuten eta denek ere lan ona egin zuten. Bazkal aurretik eta mezaren ondoren Egape dantza taldekoen abilezia eta dotorezia ikusteko aukera izan genuen. Eguraldia lagun, jende asko inguratu zen. Arratsaldean berriz, zer ikusia bazen. Bi apustu ziren jokoan eta euskaldunak oso apustu zaleak garenez, jende asko bildu zen Xoxokako plazara. Apustuen aurretik segan aritu ziren auzotarrez osatutako bi talde, eta proba honetan argi ikusi zen esperientziak irabazi ohi duela sarri. Segaren ondoren hortaz jokatu ziren bi apustuak. Alde batetik, Xoxo eta Morenok osatutako bikotea, eta aurrez aurre, Joxe Martin eta Eluterio izan ziren. Egin beharreko lana? Trontzan 8 korte nork lehenago moztu. Jendeak oso gogotsu animatu zituen bi bikoteak, eta irabazle suertatu zirenak Joxe Martin eta Eluterio izan ziren. Gutxi gorabehera, borte bat eta erdiko abantaila atera zieten.
Trontzako apustuaren ondoren beste apustu baten txanda: ia nork zakuka bat sagar lehenago bildu. Aurrez aurre Aritz Lizaso urnietarra eta Mikel Loidi hernaniarra. Kizkia lagun, Aritzek minutu bateko abantailaz irabazi zion Mikeli. Egia esan, Aritzek sagar biltzen duen abilezia ukaezina da. Ia datorren urtean ere norbait bere aurka lehiatzera animatzen den!
Apustuekin amaiturik, auzotarren arteko lehiarekin jarraitu genuen. Proba ugari izan ziren: trontzan, bizikletan, zaku saltoa, sokatira... Azkenean, eta bi taldeek tranpa txikiren batzuk eginez, berdinketan amaitu zen proba. Nekea nabaria zen denengan eta desenpatea jokatu ordez partaideek nahiago izan zuten jarraian zetorren sagardo dastaketaz gozatu. Eta honelaxe, sagardo zaporez eta trikiti soinuz, amaiera eman genien 2011ko Xoxokako jaiei”.

ESKER ONA
“Auzo elkarte eta jai batzordearen izenean, eskerrak eman nahi genizkieke jaiak antolatzen lagundu duten guztiei eta parte hartu duten guztiei. Jaiak denonak eta denontzat baitira, mila esker denei!!”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!