Kanpandorretik iritsi zen eta handik abiatu zen, berriro. Miela ez zen, ordea, iritsi bezala joan. Urnietarren maitasuna kiloka eraman baitzuen igandean, Marizulo aldera. Nola ez da ba berriro itzuliko? 2012an gogotsu etorriko da.
Parte hartzea aspaldiko handiena izan da; eguraldia ere bikaina. Iaz egin zuen lehen agerpena Mielak, Poxta Zahar gaztea elkartearen eskutik. Aurten, Miela batzordean herriko talde ezberdinak murgildu ziren eta jai batzordeak ontzat hartu zuen Miela jaietako ikur bilakatzeko proposamena. Aurtengo jaien aurkezpenean Udal ordezkariek eta jai batzordeko kideek bi mezu garbi agertu zituzten: lehena, Mielarekin bat egitea. Eta, bigarrena, arazoak alde batera utzita jaietan parte hartzea. Bada, urnietarrek bi eskaerei ondo baino hobeto erantzun diete. Zalantzarik gabe esan daiteke aspaldiko jairik parte hartzaile eta arrakastatsuenak izan direla. Eta horregatik pozarren egon daitezke Miela batzordeko nahiz jai batzordeko kideak eta baita Udal ordezkariak ere.
Mielaren agurrean San Juan plazan irakurritako mezu batek bikain adierazten du aurtengo jaiaren sentimendua: “Denon parte hartzearekin Sanmielak hobetzen ari gara urtez urte. Emaitzak begi bistakoak dira, eskerrik asko Mielari festak alaitzeagatik. Eta eskerrik asko guztiei kezkak etxean utzita jaiez gozatu dugulako”.
Patata tortilla lehiaketa. Aurreikuspen guztiak gainditu ziren, denera 50 tortilla egin zituztelako. 400 lagun inguru bildu zen.
Jaien hasierako pregoia. Juxto Egaña, Luis Mari Zaldua eta Antton Jauregik irakurri zuten, Marizulo eta Urnieta 59 ikuskizunak ordezkatuz. Antzezleak, ikusleak eta laguntzaileak gogoan izan zituzten. Esandakoaren artetik, horra pasarte bat: “Urnieta 59 ikuskizunean aguazilak botatako bandoan esan bezala: A los de ayer, a los de hoy y a los de mañana. A los que nacieron en el pueblo pero la vida les llevó a marcharse, y a los que fallecieron aquí con nostalgia de su tierra de origen”.
Omenaldia baserritar emakumeei. Lategi, Oztaran, Ergoien eta Goiburu lau auzoetako baserritar emakumeak omendu zituzten, “emakume nekazari eta abeltzainak belaunaldiz belaunaldi egin duten lana saritu nahi dugu”.
Joxeba Lizeagak irakurri zituen aurtengo Urniertar prestu nori eman erabakitzeko arrazoiak, “Bizitza publikotik kanpo egon da, baserriko lau pareten artetik ez dira atera. Edo zuek hauetako bat ikusi al duzue Zaldundegin hamaiketakoa hartzen? Eta Guriako terrazan kafea hartzen? Baserriko gizonak bai! Hernani edo Tolosako ferira joan dira beti, eta emakumeak bitartean etxean lanean geratu dira. Aldi berean etxekoandre lanak egin, haurrak hazi eta hezi, baserriko hainbat lan egin eta barazkiak nahiz esnearen salmentaz arduratu…, baserritarren lana gogorra bada, are gogorragoa baita emakume baserritarrarena”.
Iñistor jaiaren luzapena. Aurtengo irrintzi lehiaketako irabazleak. Argazkian, ezker-eskuin, Nerea Arriaga irabazle oriotarra, Jon Tolosa haur irabazlea, Juan Mari Arizmendi (erdian), Ibon Lopetegi haurren mailan bigarrena eta, eskuinean, Naiara Plaza berriatuarra helduen mailan bigarrena. Julen Cobzaruk eta Fermin Zinkunegik “Kantu kantari” saioa gidatu zuten eskusoinuarekin.
Umorezko bakarrizketa emanaldiaren I edizioko parte hartzaileak, ezker eskuin, ikusleen boto gehien jaso zituen Ruth Guimerà, Ione Gorostarzu, Garbiñe Astiazaran eta Olatz Etxeberria. Bakarrizketa saioen artean Joxeba Lizeagak eta Gentzane Belaustegigoitiak esketx dibertigarriak eskaini zituzten, Arantza Miguezen laguntzarekin.
Udal omenaldia. San Migel egunean Urnietako Udalak Maripi Sarasola eta Arantxa Etxeberria omendu zituen. Udalaren izenean Mikel Pagola alkateak hitz egin zuen: "Ohorea da niretzat gaur Urnietako Udalak bi herritar kuttun hauei eman beharreko omenaldian parte hartzea". 1966. urtetik aurrera Urnietan herriaren alde biek egindako lana goraipatu zuten. Omenduek beren aldetik esker ona adierazi zuten, zera gaineratuz: “zoriontsu izan gara lanean”. Habanera doinua hartuta, bertsoa abestu zuten, besteak beste ondokoa adierazteko: "oso gazte hasi ginen ikastolan elkarrekin, gure haurtxoak euskaraz hezitzeko asmoarekin".
Olagarro jatea. Ostiral gaua aurtengo parte hartze handiaren erakusgarri izan zen. Egape ikastolan jendetza bildu zen Etenetak antolatu zuen Olagarro jateaz gozatu asmoz. Ordu berean, gazte eta ez hain gazte ugari oilaskoa jateko irrikaz zegoen Jakutegi plazan. Bietan uste baino jende gehiago. Seinale ona, zinez. Goiko irudiak Egapen ateratakoak dira. Bero galanta egiten zuen Egapeko sukaldean. Bertan hainbat herritar lana gogotik egiten aritu ziren.
Mielari agurra. Nerea Uria eta Juankar Erasun jai batzordeko kideek igande gauean Miela Marizulora abiatzeko prest zuten. Joan aurretik, herri eragileen mezuak jaso zituen. Hona, zenbait: Egapedanbor: "Jaien azken egun honetan gure danbor taldeko kideok gure artean egon izana eskertu nahi dizugu. Egun zoragarriak bizi izan ditugu zurekin batera". Poxta Zahar: "Denon parte hartzearekin Sanmielak hobetzen ari gara urtez urte. Emaitzak begi bistakoak dira, eskerrik asko Mielari festak alaitzeagatik. Eta eskerrik asko guztiei kezkak etxean utzita jaiez gozatu dugulako”. Iñistorra: "Oso pozik gaude zure etorrerarekin, Urnietako festak biziberritzen lagundu duzu. Herri guztia, elkarte guztiak zure inguruan ibili gara".
Mezu horiekin urnietarrek Miela zein maitea duten argi geratu zen. Segidan, urnietarrek San Juan plazatik agurra dantzatu zioten Mielari. Orduan hasi zen kanpandorreruntz igotzen. Aurtengoa ikusita, 2012an gogotsu itzuliko da.