Garai bateko Sanmielak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 29a, 13:12

Aiurri astekariko erredakzio taldeak besarkada estua bidali nahi dio Hiazinto Fernandorenari, lerro hauen bitartez.  Egun hauetan ospitalean da, eta ahalik eta azkarren osatzea opa diogu.
2004ko irailaren 24an Aiurrik astekariaren egitasmoari hasiera eman zionetik, Hiazinto hamabostean behin iritzi artikuluak idazten aritu da. Fin-fin, Aiurriri eta aiurrizaleei hutsik egin gabe.
Ondoezik dagoenez, Hiazintok Aiurriko lehen zenbakirako idatzi zuen idatzia berreskuratu dugu. Bere omenez. Eutsi, Hiazinto!

HIAZINTO FERNANDORENA
IRITZIA

Ez dakit guztiz egia den baina urnietarrok, esan dezakegu herrietako jaiei hasiera, Santakrutzetan, geuk ematen diegula eta berebat San Migelak ospatzearekin amaiera ere, uda sasoiko beste herri guztietako jaien hondarrak bilduko bagenitu bezala.

Udazkenak berekin dakartza eguraldiaren aldaketa, negurako bidea erakutsiz, eta giroaren aldaketa berebat, natura kolore bitxiz janzten duelarik. Dena den, hemen festa giroa aipatu nahi dugu, San Migel jaiak jorratzeko asmoa dakargu. Sanmielak lehen? Sanmielak orain? Bai ote aldaketarik lehengo eta oraingoen artean? Nik neuk ez dut inolako zalantzarik.

Hara, Sanmielak, gu haurrak edo gazteak ginela, hiruzpalau oinarritan finkaturik zeuden: Meza nagusia, bazkaria, herri kirolak eta arratsaldeko soinua.

Lehen puntuari heltzen badiogu, garbi esan genezake erlijio zentzu edo eduki handia zutela herriko jaiek nonahi ere, eta are nabarmenagoa gertatzen zela Lezo edo Urnietako kasuan fenomeno hau. San Migel Arrosarioko egunarekin lotzen zen gurean. Batetik, Meza Nagusia, herriko eta kanpotar jendeak eliza mukuru betetzen zuela, sermolari ospetsuren baten hitzaldia eta eliz abeslarien kantu ederrenez jantzirik. Eliz atarian kandela eta zinta saltzailea. Orduan ikasi genuen kolore desberdinak bereizten eta zuria, berdea eta gorriarekiko estimua bizitzen. Berebat erroskilak eta piper-opilak erosteko modua Gregorio Beltza eta Joxekutx saskigilearen eskutik.

Meza Nagusiaren ondoren, txistularien soinua entzungo zen plazan eta pilota partiduari ekingo zitzaion kontzejupean. Herriko semeak izaten ziren pilotari gehienetan, ikusleen artean interes handia sortuz, hauek Denda-Berri taberna bisitatzeko bidea izanik.
Baina elizkizuna amaitzearekin batera, bazen beste ekintza bitxi bat, eta bada oraino (ez lehengo arrakastarekin baina), Ebanjelioak. Ebanjelioak hartzeko modua izaten zen Sanmieletan; ondotik, “txintxina” bitarteko, apaiza bere akolitoa eta jende multzoa lagun, Santa Leokadiako ermitara zuzentzen zen, eta hor, erlikiari muna eman eta laguntzaileak luzatu atabaka edo erretiluan limosna uzten zelarik. Emakumeak izan ohi ziren, etxeetako amak, edo senar-emazte gazteak haur bat besoetan beste bizpahiru gonapean ebanjelioen hartzaileak batik bat. Fede handia zieten gure aurrekoek ebanjelioei. Ni neu ere amets gaiztoak egiten omen, ebanjelioak hartu eta kito!, izan zela esan ohi zuen ama zenak. Ordu oro edo, arratsalde guztian zehar jarraitzen zuen ekintzak, Ebanjelioak elizan eta erlikia Santa Leokadian. Akolito izan ginen urteetan pozik burutzen genuen laguntzaile lan hau, erreal batzuk eskuratzeko edo biltzeko modua izaten genuen eta. Lagunak ere gogoz biltzen ziren gurekin gozokiak partekatzeko orduan. Makurrena, aitari gure sosen kontua eman behar izaten geniola, xixkatzen genuena aparte, eltzetsuan sartzeko.

Bazkaria izaten zen beste jarduera nagusia San Migeletan. Gaur egun oilaskoa eta marisko pixka bat jateko ez dugu urrutira joan beharrik izaten, baina orduan, gerra ondoko urteetan gainera, egun bakanak izaten ziren bazkari on bat egiteko urte osoan zehar. Bestetik, gure aita izenez Migel nola zen, errituzko zerbait gertatzen zen bazkari hau gure etxean. Goiko salan, familia osoa, izeba-osabak... Amuarrainak, oilaskoa...; baina guretzat, hala ere, postreak zeukan benetan garrantzia. Tarta eder bat izan ohi genuen, beste tarta latz baten ezaugarri zena, gu geu, umeak, sobera jabetzen ez baginen ere. Esango dut. Gerrakoan, gauza tristeak gertatu ziren Urnietan. Besteak beste, Rafael harakina eta bere seme nagusia (18 urte honek) fusilatuak izan zirela, Iñaxi, ama, hamaika seme-alabekin alargun utziz. Negar batean gure aitarengana laguntza eske eta gure aita mila duda-muda eta beldur gaindituz, egun madarikatuak, harakin lanak egitera, bertako gazteak harategia eramateko gai izan ziren arte. Hala, Barkaiztegitarrek esker onez oparitzat ekarritako tarta ederra jan genuen aita bizi izan zen San Migel orotan.
Arratsaldean, herri kirolak burutzen ziren herriko plazan. Aizkolariak, sokatira, trontzalariak, idi-apustua, asto lasterrak..., baserri giroko joko edo jolasak nolanahi ere. Izan ere garai hartan Urnietak baserriko bizimodua zuen ia erabat, kaleko saskigile, jostun eta dendariak izan ezik eta hauek ere baserri girokoak gehienbat. Gero, etorri ziren, pixkaka baina, kaletar aireak, inguruko herrietako industriaren eraginpean segur aski. Orduan hasi zen gure artean euskara bera burua altxatzen, euskara orain baino areago mintzatzen bazen ere, geroxeago ikastolak hasiera izan zuen, eta beste molde bateko San Migel jaien izate berrikuntza etorri zen. Honetan ahalegindu zirenen artean, beste inor mintzeko asmoz ez baina, bi pertsona aipa nitzake: Joseba Zugasti apaiza (g.b.) eta Lurdes Iriondo, herriari eta herriko jaiei arnas berria ezarri zitzaiolarik.

Ilunabarrean soinua. Hau ere giro berekoa. Trikitixa, txistulariak, akordeoia... Dantza lotuak, publikoan bederen, debekua zeukan. Luistar eta Mariaren Alaba kongregazioetatik at bilakatzeko arriskua zeraman berekin, arau hau hain zorrotz gauzatzen ez bazen ere, eta gazte asko eta asko, “aimarik” jotzean, etxerako bidea hartu beharrean gertatzen zen. Joxe Migel sakristauak kanpaiak ahalik beranten jotzeko erregua edo aholkua maiz izaten omen. Eskupekorik ez dakit. Dena den, jenderik gehiena gauerdirako etxean. Etxera bidean, oraingo errepiderik ez eta San Migel euritan baldin bazen behintzat, lokatza franko bai bazterretan “neska laguntza” egin ahal izateko. Horra zertan ziren gure San Migelak garai batean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!