Aurreko asteburua Sanmieletan murgiltzeko aproposa izan zen. Leteren omenaldia, Erregea eta bufoia... Poxta Zahar inoizko unerik gozoenean al dago?
Poxta Zahar. Ikaragarria izan zen aurreko asteburua, bazirudien Samieletan geundela! Badira urte batzuk Poxta Zahar sortu genuela, eta egia esan, azkeneko 2-3 urte hauetan antolatzen ditugun ekintzatan herritarren babesa nabarmen handitu da. Poxta Zahar herrian txertatuta dagoela ikusten dugu, eta antolatzen ditugun ekintzatan hainbeste pertsona biltzeko gai izateak, asko pozten gaitu. Herrian eragiten saiatzen gara, eta, emaitzak ikusita esan daiteke momentu onean gaudela.
Xabier Leteren omenezko emanaldian adin tarte zabala ordezkatu zenuten. Elkarteak ziurtatuta al dauka etorkizuna?
P.Z. Hori da gaur egun, Poxta Zahar: adin tarte zabaleko jendez osatutako elkartea. Espero dugu bide horretatik jarraitzea, eta urtero gazte berriak batzera gure dinamikara. Etorkizuna haiek bermatuko baitute.
Zer moduzko esperientzia izan zen Leteren omenaldiarena? Pozik al zaudete?
P.Z. Uda hasieran jaso genuen parte hartzeko gonbitea. Berehala esan genien baietz, oso gogoko genuen ideia eta baita eskaini ziguten abestia (Gizon arruntaren koplak). Gure kasa aritu gara kantua prestatzen, eta edonon abesten... Azkenean hogeita bat pertsonako koadrila igo ginen taula gainera. Urduri egon arren ondo atera zelakoan gaude. Ederki pasa genuen.
Biharamunean, aldiz, Erregea eta bufoia. Jendetza bildu zen zuek antolatutako bertso saioan. Espero al zenuten horrelako erantzuna? Eta horrelako giroa sortzea?
P.Z. Egia esan, ez genuen horrelakorik espero. Azkenean 160 pertsona bildu ginen Oianumen; adin tarte oso zabaleko jendea, gainera. Oso giro beroa zegoen hasieratik, eta saioa ere primeran atera zen. Honek, ezinbestean, errepikatzera animatzen gaitu!
Txozna eremua egokitzen ari zarete orain. Zer dela eta zertaz girotu behar duzue txosna gunea?
P.Z. Aurten, txosna batzordeak “Urnieta tropikala” aukeratu du txoznak eta karpa apaintzeko. Festa lehen unetik girotu nahi dugu, eta alde horretatik txoznagunea apainduta egoteak asko eragin dezakeela uste dugu.
Miela dagoeneko hemen da. Bideoak zer nolako erantzuna izatea espero duzue?
P.Z. Miela lehengo urtean sortu genuen, eta gure inguruko gazte eta helduek abestia ia-ia badakite. Oso harrera ona izan du, eta bide horretatik, festetako abesti bezala identifikatzea da guk espero duguna.
Asteburu honetan koadrilen eguna, Mielaren agurra... Nolako sentsazioarekin egon nahiko zenukete astelehenean?
P.Z. Kristoren Sanmielak pasa izanarena! Urtez urte parte hartzea handitzen doa, antolatzen ere jende gehiago gabiltza, eta ondorioz, festa hobeak ditugu. Asteleheneko sentsazio onena: aurtengo jaiak inoizko onenak izan direla eta hurrengo urtekoak oraindik hobeak izango direla.