On bizi elkartearen aurkezpen jaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 22a, 11:12

Larunbat honetan urnietako merkatari eta ostalari elkarteak urnietarren aurrean aurkezpena egingo du. Muazpi harategiko Peio Urretabizkaiak lehen pausoak ematen ari den elkartearen berri eman dio aiurriri.

On bizi elkartearen aurkezpen jaialdia izango al da larunbatekoa?
Peio Urretabizkaia.
Modu batean, bai. Aurrez iragartzen aritu ginen elkartea sortzen ari ginela, beraz, gure xedea herriari gure berri ematea da. Ahalegin berezia egiten ari gara elkartea urnietarren aurrean aurkezteko.

Zer izan beharko luke On bizi elkarteak?
P.U.
Urnietako herria eta dendarien eguneroko lana aktibatuko duen eragilea izan behar luke. Urnietako dendariok Urnietaren parte izan nahi dugu; gure produktuak eskaintzerakoan, baina baita gainontzeko herriko ekitaldietan ere.
Gure bezeroak eta guk elkarlanean aritu behar dugu. Elkarren beharra daukagula iruditzen zaigu. Haien beharra dugu guk, bai. Baina gure nahia da haiek ere gure beharra sentitzea.
Herritarrek Urnietan erostea merezi duela pentsatzera iritsi beharko lukete.

Kosta egin al da elkartea martxan jartzea?
P.U.
Horrelako ekimenak jartzea beti izan ohi da zaila. Baditugu adibideak inguruan; Lasarten, Hernanin, Usurbilen eta Andoainen. Herri horietan guztietan elkarteak sortu zituzten eta Urnietan, aldiz, ez.
Orain sei-zazpi urte saiakera bat egin zen hemen, baina ez zen aurrera atera. Gaur egun merkataritzan dabiltzan batzuk bilera bat deitu zuten udaletxean. Hernaniko alor horretako arduraduna eta Eusko Jaurlaritzako dinamizatzaile bat agertu ziren bilera horretara. Handik abiatuta, bilera gehiago egin genituen. Konturatzen hasi ginen elkartea martxan jartzeko bageundela interesa genuen batzuk. Eragile lana hartuta, berriak hurbiltzen joan ziren ekimenera.
Erantzuna orain arte ona izaten ari da. Orain 25-26 kide gara eta nik uste kopurua handitu egingo dela. Merkatari gehiago erakarriko ditugu. Nolanahi ere, denekin lan egiteko bokazioa dugu. Larunbateko ekitaldietara begira, adibidez, elkarteko kide ez den merkatari edo ostalariarekin ere lan egiten ari gara. Gure helburua talde eragilea izatea da, etorkizunean egingo ditugun ekintzatan elkartean ez daudenak ere kontuan hartzen saiatuko baikara.
Larunbat honetako jaiak zer nolako zaporea uzten duen ikusi nahi dugu. Jendearengana iritsi ote garen ikusteko baliagarria izango da. Elkartearen barruan dagoenak badaki ahalegin betean gaudela baina, bestalde, une hauetan hain gertu sentitzen ez denak ez dakit nola biziko duen larunbatekoa. Gauzak egiteko gogoa dugula eta gurekin lan egitea merezi duela konturatzea nahiko genuke, ahal dela.

Zuena bezalako merkatari elkarteak badu helburu nagusia: herritarrak bertan bizi eta kontsumitzea.
P.U.
Gure lehenengo ekimena inkesta bat egitea izan zen. Dendatan egin genuen eta erantzun batzuk jaso genituen. Nahiko orokorra zen jendeak egiten zituen hainbat eskaera: ordutegi zabalagoa, edota Urnietan faltan botatzen dituzten hainbat sektore aipatzea. Arrandegiak, harategiak, okindegiak..., premiazko sektore hori ondo hornituta dago. Baina hutsunea dago beste sektoreetan. Horregatik jende askok zenbait produktu erosteko Urnietatik kanpo atera behar du; eta hori arazo bat da.
Gure helburuetako bat herria dinamizatzea litzateke, hutsunea dagoen sektore horietako merkatariak ere Urnietara erakartzeko. Zenbat eta zerbitzu osoagoa eskaini, orduan eta errazagoa izango da jendea herrian bertan geratzea.

Jaia iristeko egun gutxi geratzen direnean, zer nolakoa aurreikusten duzu?
P.U.
Ahalik eta ondoen atera dadila, eguraldi onarekin bada askoz hobeto! Ateri egongo dela dirudi.
Bertaratzen denak ondo pasa dezala. Seguruenik antolaketan hutsuneren bat egin dugu, ez garelako behar bezala aritu edo norbait abixatzea ahaztu dugulako... Baten bat minduta sentitzen bada barkamenak eskatu nahi dizkiogu.
Gaudenak ahalik eta ondoen egiten ari gara. Esango nuke bakoitza bere ardurarekin lan ona egiten ari dela. On bizi sortzea sorpresa ona izan da, elkarren berri izateko eta ezagutzeko baliagarri izan delako.

Elkartearen lehen pausoak
Pozarren daude lehen pauso hauetan urnietar askoren aldetik jasotako erantzunarekin, "izugarrizko erantzuna jaso dugu. Denek ere gogo onez hartu dute gure ekimena. Idiazabal kalea beteko dugu martxa honetan: Jubilatuak, danborrada, Poxta Zahar eta Sansonarri..., asko dira eta denak musutruk etorriko dira. Pintxo bat eta pote baten truke!".
Herri eragileen jokabide on hori ikasgai berria izan da elkartekoentzat, "honek guztiak zera frogatzen du: dirua ez dela beti ezinbestekoa gauzak egiteko. Ditugun baliabideetatik abiatuta eta herrian dagoenarekin bat egin dugu. Eta hori positiboa da. Gerora begira oinarri bat jartzen ari garela iruditzen zait".
Harrituta daude herri eragileek eman dieten erantzunarekin, “lerro hauen bitartez eskerrak eman nahi dizkiegu deneri, oso esperientzia polita izaten ari da. Eta zer esanik ez, elkarteak aurrera egiteko oso lagungarria izango da orain arte jaso duguna".

ON BIZI ELKARTEAREN JAIA
Irailak 24, larunbata. Egitaraua
:
16:00 IDIAZABAL KALEA
Haur jolasak: gurpildun tramankuluen lasterketa, hanka lotuen lasterketa, zaku lasterketa eta lokotx bilketa.

16:00 ZELAI ALDE PLAZA
Lehiaketan parte hartu duten marrazki erakusketa eta jolasa: irin jokua, sagar jokoa, oilo itsua,… 18.30etan marrazki lehiaketaren sari banaketa.  Aldi berean herriko ileapaintzaile batzuk haurrak margotu eta orraztuko dituzte.

16:00 IURRAMENDI PARKEA
Maskota erakusketa eta lehiaketa.

16:30 ZALDUNDEGI-GOIMENDI
Herri kirolak: Sansonarri eta Poxta Zahar taldeen arteko desafioa. Ondoren, gaztetxoentzako soka tira.

17:00 IURRAMENDI PARKEA
Ipuin kontalariak. Ondoren, 3-4 urtekoentzat moto lasterketa, haur txikien lasterketa.

18:00 HERRIGUNEAN PINTXO POTEA
Euro batean herriguneko hainbat tabernatan, pintxoa eta edaria.

19:00 GOIMENDI
Kantu kalejira Txanbolin eta koroarekin.

19:30 ZUBITXO PLAZA
Haur eta helduen danborrada. Arratsaldean zehar azoka, postuak eta jokoak.

PLAZIDO MUXIKA PLAZA
Denda berri elkartekoek hainbat ekintza antolatu dituzte; jokoak eta dantzaldia besteak beste.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!