Irailak 28, ASTEAZKENA MIELAREN JAITSIERA. 19:00
Miela antzinatik Marizulon bizi da, herria han goitik zainduz. Hala ere, azken urteotan, Sanmieletako festen zaratak erakarrita edo, aurten herrira jaistea erabaki du festa-giroan murgiltzera. Festei alaitasuna ematera dator, eta noski, herritar guztiekin ondo pasatzera. Ongi etorri Miela!
Ez da jaietara datorren aurreneko urtea. Miela, iaz etorri baitzen estrainekoz Sanmielatara, Poxta Zaharreko gazteek gonbidatuta, beraiekin gustura ibili zen jaiak iraun zuten bitartean. Hain zuzen, herrian festetan gertatzen ziren hainbat liskarrek festa egunak apur bat zapuzten zituela eta, Miela festen zaindari gisa gonbidatu zuten. Denok, elkar-errespetuan festaz gozatzeko helburuarekin.
Aurten, jai batzordean, Miela herriarena izateko proposamena egin zuen Poxta Zaharrek, eta bertan bildutako elkarteek gogo onez hartu zuten. Ondorioz, ekainaz geroztik, Mielaren aurtengo funtzio eta ekintzak ari dira antolatzen jai batzordeko elkarte asko, eta horren erakusle da osatu duten egitaraua:
Irailak 28, asteazkena,
Mielaren jaitsiera
Aurten, txupinazoa festa handia izango da. Izan ere, Miela, elizako kanpai dorretik (Marizulotik) udaletxeko balkoira etorriko baita. Mielak, mezu bat ekarriko du eta pregoilariak irakurriko du. Suziria lehertzearekin batera, festa ere lehertu egingo da: Txanbolin elkarteak, Koda abestia eskainiko du, eta Egape dantza taldeak, dantzatu. Jarraian, abesti herrikoiak joko dituzte plazara festa gosez etorritako guztiak dantzan jartzeko.
Hortik aurrera, festarik festa, elkartez elkarte ibiliko da Miela, jaietako ekintza gehienetan presente izango delarik.
Eta Sanmielei bukaera emateko, Marizulora bueltatuko da udaletxeko balkoitik elizako kanpai dorrera igoaz.
Marizulora joan aurretik, ordea, festetan zehar utzi dituen sentimendu eta momentu gozoen isla izango diren hainbat mezu irakurriko zaizkio, eta ondo merezitako aurresku herrikoia dantzatuko diote.
Aurreskua ikasteko deia
“Aurreskua ez badakizu, ez larritu: Irailaren 15, 20 eta 22an, 19:15etan Egape ikastolan erakutsiko dizugu. Mielaren agurra beroa izan dadin, denon parte hartzea beharrezkoa izango da eta animatu!!”.