Irailaren 29an, eguerdiko 12:30etan hasita egingo da toka txapelketa, hau izango da San Juan plazan burutuko den ekitaldi bakarra.
HERRI BAZKARIA, TXARTELAK SALGAI DAUDE
Gainontzeko ekitaldi guztiak Jakutegi plazan egingo dira, hasteko, 14:30etan herri bazkaria. Honako bi menuak aukeran: Helduentzako, unean bertan egindako paella, zekor biribilkia barazki eta patata purearekin, esnegainezko ijito besoa, kafea eta kopa. Prezioa, 25 eurokoa izango da. Umeentzako menua, bestetik, makarroiak tomatea eta urdaiazpikoarekin, eskalopea txip patatekin eta sandwitx izozkiaz osatuta egongo da, eta bere prezioa 16 eurokoa izango da.
Bazkarirako txartelak dagoeneko salgai daude, eta aurrez erostea ezinbestekoa izango da. Erosteko azken eguna irailaren 26a izango delarik. Ondorengo lekuetan eskura daitezke: Iñistorraren egoitzan (Errekalde 14), Kantoi tabernan (San Juan plazan) eta Lekaio kultur etxean.
BERTSOAK, KANTALDIA, ANTZERKIA ETA IRRINTZIAK
Iñistor jaiari dagokionez, bertsolarien txanda arratsaldeko 16:30etan izango da. Aurtegoan, Uxue Alberdi (Getaria), Ane Labaka (Lasarte Oria), Maialen Lujanbio (Hernani) eta Alaia Martin (Oiartzun) ariko dira kantuan. Gai jartzaile lanak, Amaia Agirrek egingo ditu. 17:30etan Urnietar Prestu izendapena egingo da. Aurten baserritar emakumeak omenduko dira. Arratsaldeko seietan, Banaiz Bagara elkartearekin batera antolatutako Kantu kantari ekitaldia burutuko da. Bertaratzen direnak, herriko musikariez lagunduta kantuan jarduteko aukera izango dute.
19:00etan hasita, I. Maria Arizmendi bakarrizketa saioa egingo da, lau bakarrizketalariren parte hartzearekin: Ruth Guimerá (Bilbo), Ione Gorostarzu (Berastegi), Garbiñe Astiazaran (Usurbil) eta Olatz Etxeberria (Berastegi).
Eta jaiari amaiera emateko, III. Maria Arizmendi irrintzi lehiaketa. Txapelketa hau herritar zein kanpotarrentzat irekia izango da eta bi kategorietan banatua, hamalau urte artekoak eta handik gorakoak.