Onbizi merkataritza taldea sortu da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko uzt. 22a, 14:33

Elkarteko buruak, Ikasmin ikasketa zentruko kidea den Ainara de Miguelek, elkarteari buruzko xehetasun gehiago eskaini ditu.

Zenbatek eta zeintzuk osatzen duzue Onbizi elkartea?
Ainara de Miguel.
22 kideek osatzen dugu elkartea. Onbizin denetatik dago eta hiru taldeek osatzen dugu elkartea; ostalaritza, zerbitzuak eta merkataritza sektoreak. Besteak beste, harakinak, akademiak, pladur enpresa, janari dendak, diseinu grafikoa, altzairu denda, goxoki dendak…
Jende asko gara, eta horrek sekulako poza ematen dit. Ekintzak sortzeko gerta daitekeen hoberena baita. Esaterako, elkartea osatzen duten kideen negozio guztiak tabernak izango balira, ekintza posible denak ostalaritzaren ingurukoak izango lirateke; baina kasu honetan ez da horrela, denetatik egin daiteke eta hori oso ondo dago.

Elkartearen eraketari esker zer lortzea espero duzue?
A.M.
Batetik, Urnietan jendea gelditzea. Larunbatetan beste herrietara edo merkatalgune handietara joan beharrean, hemen gelditzeko ekintzak eskaini nahiko genituzke. Lortuko bagenu guztiontzat onuragarria izango litzake, Urnietak bizia irabaziko luke eta herritarrak guregana etorriko lirateke. Batez ere, Urnietan mugimendua sortu nahi dugu.

Herrian mugimendua sortzeaz gain zeintzuk dira elkartea sortzearen onura nagusiak?
A.M.
Onura ugari daude. Gizabanako gisa funtzionatzen baldin baduzu ez duzu hain eragin handirik lortzeko aukerarik izango; ez dago indarrik, ezta hainbesteko eskubiderik ere. Talde bezala funtzionatzeak, ordea, aukera asko ematen dizkizu; bulego bat eska dezakezu, diru laguntzak eska daitezke eta diru laguntza horiei esker Urnietan ekintzak sortzeko aukera izango genuke. Gainera, ekintza horiek herriari laguntzen diote; hau da, guretzat publizitatea eta mugimendua den bezala, herriarentzat bizia da ere. Orduan guretzat, urnietar bezala, bizia ere bada.

Zein ekimen antolatu nahi dituzue?
A.M.
Samieletako jaiei hasiera emateko festa bat egin nahi genuke. Aspalditik Urnietan festak antolatzen dituen taldea dago eta beraiekin bateratu eta elkarlanean aritu nahi genuke. Orain arte festak funtzionatu egin dute, antolatzaileek lan ona egin dutelako eta guk beraiei lagundu nahi diegu, beraiek duten esperientziaz baliatuz. Hau da, beraiekin; ez bakarrik. Jendearekin, alegia.
Jaietako egun berezi baterako agenda bat sortzen ari gara. Goizetik arratsalderako ekintza batzuk egin nahi ditugu, baina oraindik guztiz lotu gabe dago. Jaietako bilerak oraintxe hasi dira eta guztia lotzen ari gara; zer egin daitekeen eta zer hobetu daitekeen aztertzen ari gara.

Zeinei zuzentzen zaie zuek antolatutako ekimen horiek?
A.M.
Gure ekimenak denei zuzendurik daude, herritar guztientzako izatea nahi dugu. Elkartea osatzen dugun kideak adin tarte guztietakoak baikara; helduak, gazteak… Denetatik. Beraz, jaiak ere denontzat izatea nahiko genuke. Egun batean haurrentzako puzgarriak egon daitezkeen bezala, beste egun batean guztiontzako txistorrada edo txokolatada egon daiteke. Denetatik egitea da asmoa.

Elkartean parte hartzeak eta ekintzak antolatzeak lan eta esfortzu handia suposatzen al du?
A.M.
Zailena taldea bera sortzea izan da. Estatutuak ere lortu behar dira baina horretarako badago dinamizazio bulegoa;  Iñigo Martinezek, bertako kideak, laguntza asko eman digu. Beraz, zailena jendea biltzea da. Jendeak elkartearen parte izan nahi du, baina errazagoa da taldea eratu eta gero sartzea hasierako sortze prozesutik ekitea baino. Baina jada martxan gaude. Kideen zenbaki kopurua ona da eta oso pozik gaude. Beste zailtasun bat jendeak gure elkartearen berri izatea eta ezagutaraztea izan da. Egunerokotasunean korrika bizi gara eta nahiko zaila da denbora lortzea ekintza berri bat egiteko. Lan gehiago egiteko denbora nondik aterako dugun ez dakigu eta. Baina, azkenean gaiaren inguruan pixka bat hausnartu eta berehala konturatzen zara taldeko funtzionamendua askoz onuragarriagoa dela.

Elkartea irekita al dago? Beste edozeinek parte hartu al dezake?
A.M.
Bai, elkartea irekita dago eta zenbat eta jende gehiagok izena eman orduan eta hobeto. Gure asmoa hazten joatea da. Orain arte animatu garenok lanean hasiko gara baina pertsona guztiak ongi etorriak izango dira gurera. Ideia berriak, lan egiteko gogoa eta hori guztirako beti egongo gara ateak zabalik.

Laguntzarik jaso al duzue elkartea sortzeko prozesuan eta orain elkartea sortu duzuela?
A.M.
Laguntza jaso dugu dinamizazio bulegotik. Udalak ere ateak zabaldu dizkigu, non bildu ere eskaini digu. Printzipioz biltzeko tokia ere emango digute, dena baikorra izaten ari da. Eskatzen eta egiten ari garen pauso guztietan laguntza jasotzen ari gara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!