Bildu eta PSE-EE Urnietako Gobernu taldean EAJ-PNVrekin batera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko uzt. 22a, 14:30

Ordezkaritza lortu duten hiru alderdiak Gobernu taldean sartu dira. Kontsentsu hori albiste izanik, Mikel Pagolaren lehen batzarraldia liskarrik gabe eta normaltasunean igaro zen. Eztabaida handirik gabe onartu ziren aztergai guztiak. Alkatearen soldatari eta gainerako ordainsariei dagokionez, EAJk eta PSEk bat egin zuten. Bilduk, ordea, proposatu zituzten diru-kopuruekin zalantza agertu zuen.

Gobernu Batzordea Presidentea:
Mikel Pagola Alkatea (EAJ)

Alkate-ordeak:
1. EAJ    Maribel Vaquero
2. EAJ    David Rosco
3. BILDU    Andoni Urbistondo
4. PSE    Herme Gonzalez

Batzorde Informatzaileak

Batzordeetako ordezkarien banaketa: Eaj  2,  Bildu 2,  Pse 1.

1.Hirigintza: Lehendakari: Mikel Pagola.
(Obrak eta Zerbitzuak, Nekazal Mundua, Turismoa eta Komertzioa).
2.Sustapena: Lehendakari: David Rosco.
(Haurtzaroa, Gazteria, Hezkuntza, Euskara, Kirola eta Kultura).
3.Ogasuna: Lehendakari: Maribel Vaquero.
(Ondarea, Barne Eraentza).
4.Kontuen  Batzorde  Berezia: Lehendakari: Maribel Vaquero.
5.Giza Ekintza: Lehendakari: M.Martiarena.
(Osasuna, Berdintasuna).
6.Langileria eta Enplegua: Lehendakari: K.Aramendi.
7.Parte Hartzea, Ingurugiroa: Lehendakari: Mikel Pagola.


Kulturnieta  S.A.
Eaj    Mikel Pagola
Eaj    David Rosco
Bildu    Andoni Urbistondo
Bildu    Xabier  Yurramendi
Pse-Ee    Consuelo Frutos

Urnieta Eraiki S.A.   
Eaj    Mikel Pagola
Eaj    Koldo Aramendi
Bildu    Ixiar  Martiarena
Bildu    Ane Salsamendi
Pse-Ee    Herme Gonzalez

San  Marcos
EAJ    Mikel Pagola
Pse-Ee    Herme Gonzalez

Añarbe, BEHEMENDI
EAJ    Mikel Pagola

Egape
EAJ    Mikel Pagola

PLENOAREN KRONIKA:

"Urnietako alkate bezala, zoriontzen naiz, Urnietako Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko desberdinek agertu diguten jarrera edo jarrera egokiagatik”, horixe da Mikel Pagola alkateak lehen Udal batzarraldiaren ondoren egiten duen balorazioa. Ildo horretan doa batzarraldiaren hasieran iragarri zena, alegia, Urnietako Udal Gobernu batzordean talde politiko guztietako ordezkariak kide izango direla. Udalak lau alkate-orde izango ditu, laurak Gobernu batzordeko kideak. Hurrenez hurren: EAJ-ko Maribel Vaquero eta David Rosco; Bilduko Andoni Urbistondo eta PSE-EE ko Herme Gonzalez.

EAJ-PNV lidergotzan dela, Udalaren gobernagarritasuna hiru alderdien arteko elkarlanean oinarrituko dela dirudi. Mikel Pagola alkateak etorkizunaren iragarpen modukoa egin zuen horrela: “Azken aste hauetan Bildu eta PSErekin izandako elkarrizketetan adostasunetara iristeko asmoa azaldu digute bi alderdiek. Nahiz eta momentuz gobernu programa bat adosteko gaitasunik ez dugun izan, gobernu programa hori osatu behar duten ildo nagusiekin ados gaudela esan daiteke. Oinarrizko adostasun horrek –garatu behar dena, noski– eta azaldutako lanerako borondateak ahalbidetu du Gobernu batzordearen osaketan EAJ-ko zinegotziez gain, Bilduko eta PSEko ordezkariak ere izatea”.
Agintaldi berrirako lau ikur nagusi gogoan izango ditu Urnietako EAJk:

  1. • “Gardentasuna, efizientzia eta parte hartzea izango dira eguneroko lanean EAJko udal taldearen ardatz nagusiak”.
  2. • “Legealdi honetan urrats handiak eman behar dira, krisian egon arren. Denen artean aurrera egiteko bidea topatuko dugula uste dut”.
  3. • “Errespetuak Udal politikaren gidari izan behar du. Horrela ahaleginduko naiz, elkarren arteko eta derberdinen arteko errespetua topatu behar dugu”.
  4. • “Euskara Udal organoetako bileretan, batzorde, Gobernu batzorde eta plenoetako lan tresna izan dadin lan egingo dugu, eta esfortzuak areagotuko ditugu”.


Batzorde informatzaileak
Bost kide arituko dira batzorde bakoitzean lanean. Bilduko Andoni Urbistondok zalantza adierazi zuen proposamenarekin: “Batzordeak bost kide izatea gehiegizkoa iruditzen zaigu. Kostuak gutxitu ahal baldin badira, hobe komisioak hiru kiderekin egitea. Hori litzateke gure planteamendua".

Adierazpen horri Maribel Vaquero alkate-ordeak eman zion erantzuna: “Batzorde batzuetan, beharbada, ez da hainbeste karga izango, baina besteetan aldiz bai. Bost kide izango dituen planteamenduarekin bat gatoz, agintaldiaren hasiera honetan. Sustapena eta hirigintza batzorde potoloak dira eta beharrezko izango da bost kide izatea".  

HASIERA BATEAN LIBERATU
BAKARRA ALKATEA IZANGO DA

"Soilik alkatearen liberazioa kontutan hartu dugu. Beste liberazioetara ez gaude itxita, aztergai hori irekita geratzen da oraingoz", adierazi zuten jeltzaleek. Ordainsaria zehazteko garaian EUDELen proposamena jarraitu dute. EUDELek Urnietaren tamainako herrietarako Eusko Jaurlaritzako zuzendari batek duen soldata oinarritzat hartzen du, %10eko murrizketarekin. Urnietan ordea %20ko murrizketa aplikatu diote alkatearen soldatari. Gauzak horrela, Urnietako alkateak 56.000 euro jasoko ditu urtean. Kopuru gordina da hori.

EAJren proposamenari erantzuna eman zioten Udal ordezkari guztiek. Herme Gonzalez PSEko buruak bat egin zuen proposamenarekin: "Ez dugu zalantzan jarriko alkatearen soldata. Lana eta ardura garrantzitsua da, alkatea gainera hogeita lau orduz izan ohi da. Soldata hori merezi izatea espero dugu. Gauzak ondo egin ditzazula, eta ea ez dugun damutu behar".

Bilduko Andoni Urbistondori kopurua handia iruditu zitzaion: "Ez gaude aurka baina pentsatzen dugu soldata majoa jasoko duzula. Erantzukizun handia edukiko duzu. Abstenitu egingo gara, dirutza handia iruditzen zaigulako".

EAJko Maribel Vaquerok hasieran aurkeztutako argudioari eutsi nahi izan zion soldataren kopurua defendatzeko garaian: "Eudelek Jaurlaritzako zuzendari baten soldataren %10 gutxiago aurreikusi du Urnietaren tamainako herrietan. Guk, ordea, jaitsiera %20koa proposatu dugu". Krisia kontutan hartuta doikuntzak egin zituela adierazi zuen.
Alkatearen soldata eta ordainsariekin loturiko hurrengo puntua EAJren eta PSEren babesarekin onartu ziren. Bi kasuetan Bilduk abstentzioaren alde egin zuen.

Talde politikoen eta
zinegotzien ordainsariak

Lau urteetan kopuru bera indarrean egongo da, igoerarik gabe.

Ordaindariak, hilabetero:

  • Talde politikoa     400 euro
  • Zinegotzia     160 euro
  • Batzordeburua     150 euro

Asistentzia:
Udal batzarraldiak, Udal gobernu batzordea, batzorde informatzaileak, administrazio kontseiluak, bozeramaile batzordeak, komisio bereziak,...
  • Bilera bakoitza     75 euro

Kostuak murrizte aldera, Bilduk zalantza adierazi zuen proposamen honekin.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!