Eider Aranguren Udal kultur teknikari berria da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko uzt. 8a, 13:06

Eider Aranguren Senosiain (Zarautz, 1975) Zumaian bizi den zarauztarra da. Publizitate ikastekak egin ostean, antropologian lizentziatu zen. Horiez gain arte grafiko ikasketak ditu. Arte grafikoetan goi teknikari ere bada.

Errenteriako Udaleko kultur lanposturako oposaketak egin zituen eta handik sortutako lan poltsatik Urnietan lan egiteko deitu zioten. Mikel Pagolaren ordezko bezala arituko da lanean, beraz lau urterako ordezkapena izango dela suposatzen da.
Ekainaren 20an hasi zen, astelehenarekin. Sartu eta berehala San Juan suaren inguruko antolaketari ekin zion, nahiz eta ordurako ia dena lotuta zegoen. Ekainaren 28an egin zen Sanmieletako lehen jai batzordean ere parte hartu zuen. Horixe izango du zeregin nagusia hurrengo asteetan: Sanmielak antolatzea.
Sanjuanak utzi eta Sanmielei heldu, egoera horretan murgildu da Eider Urnietako kultur langintzan. Egoera berriaren aurrean, zera dio: “Lanean murgiltzeko modua oso azkarra izan da, bat-batekoa esango nuke. Horrek murgilketa prozesua bizkortuko du. Alde batetik zaila da, lan aldetik urteko data zailenak direlako. Beste aldetik, lana nola burutu ikasteko modurik azkarrena izango da. Dagoeneko herriko eragile asko eta asko jai batzordean ezagutu ditut”.
Sanmielak antolatzeko egin zen lehen bileraren inguruan honakoa uste du: “Oso positiboki nabarmenduko nuke bileran izan zen partaidetza kopuru altua. Kultur teknikari batentzat helburu nagusietakoa partaidetza lortzea da, herriko eragileen eta Udalaren artean lankidetza sustatuz. Lehen bilera oso positiboa izan zen, parte hartzeko gogo handia dagoela nabari da”.
Lanari ekiteko gogotsu dagoela aitortu du: "Gogoz eta ilusioz nago, baina jakitun naiz denbora bat beharko dudala ikasteko". Urnietarrek Lekaion aurkituko dute, lanean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!