Haur jolas ekimena Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko uzt. 8a, 13:05

Urnietan Haur jolas umeentzako elkartea sortzeko abian da. Momentuz, hamabi lagunek osatzen dute elkartea. Giro politean, familiartean eta era lasaian burutu nahi dituzte jarduerak. Interesa duenari beraiekin harremanetan jartzeko aukera zabaltzen diete. Nahi duena parte hartzera gonbidatuta dago. Iñaki Vicente elkartearen sustatzaileetakoa da.

Nola jaio zen Haur jolas elkartea sortzeko ideia?
Iñaki Vicente.
Orain urtebete  taldea sortzeko ideiarekin hasi ginen, haurrak jaioberriak zirenean. Familiartean, giro politean, leku lasai eta egokian aktibitateak egin nahi genituen eta Urnietan ez genuen guk nahi genuena aurkitzen. Jostalekun izan ginen, baina ez zen guk nahi genuena. Bertan, aktibitate talde bat sortzeko prest zeuden familiak ezagutu genituen.
Urnietan haur txikientzat musika ikastaroa egin zen eta elkarte berria osatu nahi dugunok ikastaro honetan parte hartu genuen urte osoan zehar. Familia hauekin zerbait gehiago egin behar genuela aipatu eta antolatzen hasi ginen. Orduan hamaika gauza egiteko aukera badagoela ikusi genuen.

Beraz, elkartea sortzeko prozesuan zaudete...
I.V.
Elkartearen hastapenak abian dira, abuztuaren bukaeran Eusko Jaurlaritzaren erantzuna jasoko dugu. Bitartean, dena antolatzen gabiltza. Jendeari elkarte honetan parte hartzeko deialdia zabaldu nahi diogu. Hemen gaudela jakitea nahi dugu eta gogoa baldin badute gurekin harremanetan jar daitezela adierazi nahi diegu.
Aurrerago bazkide guztiekin bilera bat egingo dugu prezioak zeintzuk izango diren eta zer egingo dugun azalduz.
Bideratzaileekin ere hitz egin beharko dugu zer antola daitekeen jakiteko, eta zein ordutegitan egitea posible den galdetzeko.
Jarduera hauek guztiak egiteko lekua ere izango dugu. Oraindik ez dakigu ziur non, baina Udalarekin hitz egin dugu eta lekuren bat lortuko dugula esan digute.

Jarduera horiek antolatzeko laguntzarik izango al duzue?
I.V.
Haurren jarduerak bideratzen lagunduko diguten bideratzaileak izango dira gurekin. Hauek umeei jarduerak proposatuko dizkiete eta jarduera horiek burutzeko tresnak eskainiko dizkiete. Hortik aurrera, umeak berak erabakiko du zer egin nahi duen. Jardueran parte hartu nahi badu parte har dezala, eta nahi ez badu aske utziko da nahi duena egiteko eta, nahi duenean, proposatutako jarduerara itzultzeko.  Jarduera horiek norbaitek bideratzea nahi dugu eta horretarako bideratzaileak izango ditugu.
Orain arte hitz egin dugun bideratzaile guztiek ordutegi aldetik aukera zabala eskaini digute. Ez dute Urnietara etortzeko zailtasunik jarri.

Nolakoak izango dira taldeak? Zein adin tartekoak?
I.V.
Talde txikiak izango dira. Gure filosofiaren barnean, aktibitateak leku lasaian burutzeko pentsamendua dago eta hori ezin da ume talde handiekin lortu. Horregatik, talde txikiak izango dira.
Momentuz bi, hiru eta lau urteko umeentzako taldeak izango dira, taldea osatzen dugunok adin tarte horretako seme-alabak ditugulako. Jardueraren arabera ez dugu inolako arazorik beste adin batzuetako umeek ere parte hartzeko. Esaterako, margo tailerretan adinak ez du berebiziko garrantzirik. Baina beste aktibitate batzuetan loturik egon beharko dute, adinaren arabera gauza ezberdinak egin behar dituztelako.
Taldeko umeek duten adinaren arabera jarduera ezberdinak egingo dituzte eta era desberdinetara antolatuko dira. Bost urtetatik aurrerakoentzat ludoteka dago, horregatik ludotekakoekin hitz egin dugu elkarlana bideratzeko.

Zeintzuk izango dira antolatuko dituzuen jarduera horiek?
I.V.
Oraindik ez da erabat zehatza, baina ideia asko izateaz gain, gauza ugari begiratu dugu. Horien artean, plastikako tailer librea legoke. Bertan, garrantzitsuena ez litzateke umeak marrazten duena, baizik eta nahi duena gustura eta gogoz egitea. Ez da baloratuko egindakoa polita edo itsusia den. Umeak nahi duena adieraztea lortu nahi da.
Psikomotrizitate tailerrak ere begiratzen ibili gara; dantza, musika… Dena elkartzen dutenak. Donostian dagoen zentro batean izan ginen, Musikom-en eta asko gustatu zitzaigun. Praktika bat egin genuen eta oso gustura sentitu ginen. Horregatik, psikomotrizitate tailer bat ere eduki nahi genuke. Eta horiez gain, ipuin kontalari batzuekin harremanetan gaude eta baita txotxongilo egile batekin ere. Sukaldaritza tailerrak ere interesatzen zaizkigu. Baina jarduera hauek noizbehinka egitekoak izango lirateke, ez ikasturte guztian zehar.
Astean behin jarduerak egin nahi genituzke eta gero, tarteka, jardunaldi batzuk; txotxongiloak edo ipuin kontaketa, esaterako.

Zenbatek osatzen duzue elkartea?
I.V.
Momentuz hamabi pertsonak osatzen dugu taldea. Elkartean parte hartu ahal izateko hamar euro ordaindu beharko dira, familiek elkartean parte hartzeko benetan interesa dutela jakiteko baino ez direnak. Interesa dutenek izena eman baino lehenago gurekin harremanetan jarri eta informatzea nahi genuke. Gu kezkak argitzeko prest gaude. Elkartean izena ematen duenak jardueratan parte hartuko duela ziurtatu nahi dugu eta horretarako elkartearen nondik norakoak osotasunean ezagutzea beharrezkoa da.

Zein da zuen elkartearen filosofia?
I.V. Talde hau ez da umeak eskolatik atera eta eguraldi txarra dagoenean biltzeko toki bat izango. Guk daukagun ideia beste bat da. Haurrak gustura egotea nahi dugu. Waldorf irakaskuntza metodoari buruz asko irakurri dugu, eta baita eskola libreari buruz Montessorik dioena. Umeari ez zaio zerbait egitera derrigortu behar, umeak berak erabaki behar du zer egin nahi duen eta zuk hori egiteko tresnak eskaini behar dizkiozu. Adibidez, zuk ez diozu umeari esan behar zer margotu behar duen; berak erabakiko du zer margotu nahi duen. Zerbait egin nahi ez badu eta beste gauza bat egin nahi badu utzi egin behar zaio eta agian hasierako jarduerara itzuliko da, berak nahi badu.
Zeintzuk garen eta zer egin nahi dugun jakin nahi duena blog honetara zuzendu daiteke: haurjolas.wordpress.com. Blog honetan, Musikom-en egindako plastika tailerrari buruzko informazioa eta argazkiak aurki ditzakete.

E-posta: haurjolas@euskalnet.net
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!