Amaia Esnal Bateragune auzian epaitzen ari dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 30a, 14:27

Bateragune auzia dela eta, Urnietan ekitaldi ugari deitu dituzte egun hauetarako. Aurreko astelehenean, ekainak 27, lehen bilkura egin zuten. Bertan izan ziren, besteak beste, aurreko agintaldiko Mikel Izagirre alkate-ohia edota Iñaki Mendizabal nahiz Juan Mari Tomasena Udal hautetsi ohiak.
Karmele Urbistondo Udalbiltza auzian absolbitua izan zen urnietarra ere bertan izan zen. Hauxe bere ikuspegia Bateragune auziaren inguruan:

Epaiketa berri bat Auzitegi Nazionalean eta berriro ere tartean urnietar bat. Nola bizi duzue auzia Urnietatik?
K.U. Bateragune auzian urnietar bat dago, Amaia Esnal. Gertu- gertutik pairatu behar dugu egoera. Amaiari eta Amaiarekin batera auziperatuei atxikimendua helarazi nahi diogu ekimen ezberdinen bitartez.

Zer moduz ikusi zenuen Amaia Esnal epaiketa hasi aurretik?
K.U. Animatuta dago. Gazte bazkaria egin zuten larunbatean eta animatuta zegoen. Ezjakintasunez, noski, ikustear dagoelako epaiketak zer ematen duen. Baina animoz ondo dago.

Egunkaria auzia, Udalbiltza auzia,... Bateragune auzia bide beretik joan al daiteke? Absoluzioaren bidetik, alegia...
K.U. Ez dakigu Estatuak zein bide hartuko duen. Egunkaria eta Udalbiltza auziak testuinguru zehatz betean eman ziren, eta Bateragune beste batean. Hauteskunde osteko giroan gaude, Bilduk sekulako emaitzak lortu ditu. Alde horretatik ikustear dago Estatuak zein jarrera hartzen duen.
Egia dena da, lehen eta orain, oinarri penalik ez dagoela epaiketa martxan jartzeko. Estatuak, nonbait, beste behin ere ezker abertzalearen jarduera politikoa oztopatzeko dagoela erakusten du.
Beste testuinguru batean, Amaia Esnal eta beste zazpi pertsona atxilotu zituzten 2009an. Geroztik eztabaida prozesu bat egon da ezker abertzalean, eta eztabaida prozesu horrek gaur egungo egoerara ekarri gaitu.

Arnaldo Otegi eta beste kide batzuren atxiloketa luzatzea harrigarria egiten da...
K.U. Une honetan Sonia, Arkaitz, Miren eta Arnaldo atxilotu politikoak dira. Estatuak preso behar ditu bere jarrera justifikatzeko.

Hurrengo egunetarako zer espero duzue?
K.U. Ekainaren 30ean kontzentrazioa egingo dugu Mikaela Enean, eta larunbatean manifestazioa Donostian. Aste osoan zehar, bestalde, Donostiako Zuloaga plazan hamaika ekitaldi burutzen ari dira.
Epaiketa luzatzen bada, hurrengo astean, eskualde mailako bilkurak egingo dira uztailaren 4an eta 5ean.

Urnietarrei parte hartzeko dei egiten al diezue?
K.U. Espaiketa politiko gehiago ez egitea eskatzen dugu. Hori salatzen ari gara. Eta kasu honetan kontrako jarrera adieraztera deitzen ditugu urnietarrak. Kontzentrazioan parte hartuz edo manifestaziora joanez.

Amaia esnalen deklarazioa
Berria egunkariak horrela bildu zuen urnietarraren deklarazioa, “Amaia Esnalek ere atzo [ekainak 27] deklaratu zuen, baina gainerako auzipetuekin ez duela zerikusirik azaldu zuen. Etxerat-eko kidea da, eta presoen eskubideen aldeko lanean aritzen da. Ez da Batasuneko, EHko edo HBko kide izan inoiz, eta ezker abertzalearen estrategiari buruzko eztabaidetan ere ez duela parte hartu azaldu du.
LAB sindikatuaren egoitzara joan izan dela esan du, baina beti Etxerat-en jardueren barruan egin duela. Garai hartan, presoen egoera okertu egin zela azaldu du, presoen senitartekoak arakatzen hasi zela Polizia. Hainbat eragilerekin bilerak egin zituzten orduan, geroago Durangon aurkeztu zuten dekalogo bat osatzeko. LABera joaten zenean horretaz hitz egitera joaten zela esan du Esnalek, eta ez gainerako auzipetuekin bilerak egitera.
2009ko martxoaren 16ko prentsaurrekoan egon zen Esnal. Fiskaltzak dio prentsaurreko hura Mahai Nazional berriaren aurkezpena zela. Epaiketan behin eta berriz ukatu dute hori. Estrategia aldaketaren ideia bultzatu nahi zutela. Esnalek esan du Etxerat-eko beste kide batekin egon zela prentsaurreko horretan, eta joatea erabaki zutela, agertoki demokratiko batean bakarrik ekarriko dituztelako beraien senitartekoak etxera".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!