Nahi bai, baina oraingoan Urnietako udaletxerako hautes zerrenda aurkeztu ezinik ibili zarete...
Mikel Izagirre. Horrela da, bai. Aurkezteko borondatea bagenuen eta, egia esan, hainbat herritarrei zerrendan sartzeko proposamena luzatu genien. Ezaugarri batzuk bete behar ditu hautagaiak: gutxiago edo gehiago gizartegintzan, kulturgintzan edo herrigintzan partaide izatea.
Herrian eragile direnen esperientzia udaletxera eraman nahi dugu. Hori da gure helburua. Ez dugu lortu. Ezinezkoa izan da, batzuk eta besteek ezezkoa eman digutelako. Beraz, neu prest banengoen ere, zailtasunak topatu ditugu zerrenda guk nahi genuen bezala osatzeko.
Honek guztiak agerian utzi du zerrendak osatzeko talde gehienek duten arazoa, alderdi tradizionaletan dagoena ere bai. Politika endogamia prozesuan sartzen ari da. Gaurko egunean zaila da enpresa munduan edo gizartegintzan dagoena instituzioetara erakartzea. Adibide bat jarriko dizut. Herri eragile batek niri emandako erantzuna azalduko dizut, "nik nere esparruan lan egiten dut eta nere proposamena aurkezten dudanean badakit proposamen hori aztertuko dutela. Ziurtasun horrek nire esparruan lan egiten jarraitzera narama. Politikara iristen banaiz gerta liteke hori horrela ez izatea, eta gainera markatuta geratuko naiz".
Bestetik, enpresa munduko jendea udalgintzara erakartzeko zailtasunak ditugu. Eraman ezinak dira biak, kasu gehienetan. Eta, orduan, nire galdera da: Zer nolako gizartea egin behar dugu lan munduko esperientzia instituzioetara erakartzeko modurik ez badugu?
Udalgintza utziko duzue, Udalarekiko lana ere inplizituki alde batera utziko al duzue?
M.I. Ez. Egia da ez garela instituzioan egongo, baina gure taldeak udalgintzan jarraituko dugu. Uzteko asmorik ez dugu. Zaila da 40 urtez politikan eta herrigintzan aritu eta gero, erabat uztea. Beste gauza bat da zein intentsitatearekin. Niri kolaboratzen jarraitzea gustatuko litzaidake. Eta kolaboratzea esan dut. Azken urteetako esperientziagatik, gehiengo absolutoak amaitu dira eta beharrezkoa izango da ezberdinen arteko elkarlana sustatzea. Are gehiago, egun bizi dugun egoera ekonomiko latzean.
Urnietarrek aukera bat gutxiago izango dute Udal ordezkariak aukeratzeko garaian. Urnietako panorama politikoa pobretu egiten al da horrela?
M.I. Nire ustean, bai. Guk esparru bat bagenuen, hain justu definizio politiko garbirik nahi ez zuen jendearentzat. Horrek ez du esan nahi eztabaida sozialetan neutroak garenik. Eztabaida politikoetan ere ez gara neutroak. Baina ez dugu perfil politiko markaturik ematen.
Panorama pobretu egiten da, bai. Jendeak orain Udal hauteskundeetan aukera politiko baten alde egin beharko du. Edota aukera hori baliatu gabe etxean gera daiteke. Hori ere beste aukera bat da.
UDAk sekulako indarra izan zuen 2007ko udaberrian. Agintaldia martxan jarri eta berehala hasi ziren gorabeherak. Aldez aurretik zaila litzateke izan duzuen garapena imaginatzea. Zuen ustez zertan huts egin zenuten?
M.I. Herrian banatu dugun eskuorri batean garbi azaldu dugu. Gure kalkulu baikorrenetan ere ez genuen gobernatzea aurreikusten. Gure helburua eta ustea ere etorriko zen gobernua baldintzatzea zen. Nahiko indarra izango genuela uste genuen, alderdi handien erabakiak baldintzatzeko adinakoa. Horrela prestatu genuen kanpaina. Eta bapatean, 2007ko maiatzaren 27an gaueko 21:00tan ustegabea iritsi zen: gure esku geratzen zela gobernua osatzeko negoziazioak bideratzea.
Gure taldearen baitan hainbat iritzi finkatu gabe zeuden, irabaziko genuela ez genuelako inoiz pentsatu. 2-3 Udal ordezkari lortzea pentsatzen genuen, eta azkenean 4 lortu genituen. Eta zerrenda bozkatuena izan zen, gainera. Kanpaina hasi baino lehen pentsaezina zen.
Joko politikoaren erdian sartu ginen eta inguruko denentzat arerio ginen. Denentzat arazoa ginen.
Udaletxera iritsi eta denei gobernu taldea osatzea proposatu genuen. Alderdi sozialistak berehala erantzun zigun: "Gurekin, eta bakarrik". Alderdi jeltzaleak zera erantzun zigun: "Ez, ez. Urnietarrek bere iritzia eman dute eta gu gobernutik kanpo geratzen gara". Ezker abertzaleak baiezkoa erantzun zuen, baina UDA-ANV artean gehiengorik ez zen lortzen. Akordio horrek, gainera, besteekiko negoziazioak bideratzea zailduko zuen.
Beraz, joko politiko horretan erdian geunden. Gobernua gutxiengoan zela aurrera egin genuen. Eta, noski, guk Udal programa bat genuen. Baina gehiengorik gabe ezin genuen programa hori ezarri. Eta egoera horrek taldearen barruan liskarrak eragin zituen. Gure Udal programa aurrera eraman ezin genuelako.
Programa aurrera eramateko exigentzia sortu zen. Berehala, gainera. Barne gatazkak orduan hasi ziren. Ezinezkoa zen aurrera egitea. Eta Udal ordezkaritza zuten beste talde politikoak guri arnasa emateko prest ere ez zeuden.
Lehen urtea pasa eta gero, hainbat alderdi politikok erreflexioa egin genuen. Adostasun batzurekin aurrera egitea beharrezkoa zela ikusi zen: Udal Aurrekontua, Plan Orokorra,... ANVk, EAJk eta guk geuk hori ulertu genuenean, hortik aurrera hasi zen agintaldia bideratzen. Hiru Udal aurrekontu onartu dira, Plan Orokorrean eskutik joan gara... Agintaldia bideragarri izatea lortu genuen horrela.
EAJ-PNVren agintaldi luzea eta gero, UDArekin aurreikuspen handiak egin ziren Urnietan. Aldaketa handi bat espero zen...
M.I. Hauteskundeak irabaztea gauza bat da, eta agintea bideratzea bestea. Alkatetzak ez du botere absolutoa ematen. Zerrenda bozkatuena izanik ere, gutxiengo politikoan egon gara. Gehiengo absolutoa edo osoa lortu izan bagenu, beste politika ahalbidetu zitekeen. Baina gehiengorik gabe, ezin genuen gure Udal programa guk nahi bezala aurrera eraman. Atez atekoa, adibidez. Atez atekoa martxan jartzea ezinezkoa zen, gehiengorik ez genuelako.
Udal instituzioetan, bestalde, aldatzen oso zailak diren inertziak ezarrita daude...
M.I. Bai, hori ere horrela da. Baina inertzia askorekin amaitu dugu. Herritarrek ez dakit zenbateraino dakiten, baina gauza asko aldatu ditugu Udaletxeko martxan.
Bat, informazio gardena helarazi diegu Udal ordezkari guztiei. Alkatetzatik gastuak egin aurretik, gastu proposamen horiek gobernu batzarrean aurkeztu ditugu.
Bi, gobernu batzarreko bileretara alderdi guztiei luzatu zaie gonbidapena. Eta asistentzia ordaindu diegu. Deneri. Gobernu batzarrak, pleno modukoak bilakatu dira. Hamabostean behin burutu dira, eta eskatutako dokumentazio osoa aurkeztu dugu. Egunean ez bada izan, dokumentazio guztia eta egindako gastuaren zehastasun osoa mahai gainean izan dute egun gutxira. Azken euroa zertan gastatu den ere aurki daiteke dokumentazio horretan.
Hiru, langile taldearen lan eskergari esker, Udaletxearen administrazioaren berrikuntza burutu dugu. Bereziki, aurreko agintaldietatik arrastaka zetozenak.
Lau, herritarren parte hartzea. Egia da ez direla guk nahi genituenak martxan jarri. Baina martxan jarri ditugunak arrakasta handia izan dute.
Jaietan, herri ekimenetan... herritarren parte hartzea osoa izan da. Eta herritarra pozik ikusi dugu. Hori ere aldatu da agintaldi honetan. Gure meritua al da? Bada, ez. Zeren eta gure ideia nagusia herritik zetozen eskaerei bide ematea izan da. Hori da guk egin duguna. Estiloa aldatu dugu. Geroan ere Udalak modu horretan jarraitu beharko luke lanean. Nik uste hori dela guk ireki dugun bide garrantzitsuena.
Instituzioak markoa ipini behar du, mugak jarriz, eta gero herritarrek marko horren barruan margotu behar dute. Estilo berri hori ekarri izanarekin harro gaude.
Bada beste elementu garrantzitsua, krisi ekonomikoa. Zorpetu ez eta balantze ekonomiko ona utzi duzue ondorengoentzat.
M.I. Kudeaketa zuhurra egin dugu, eskaera sozialak baztertu gabe. Murrizketa garaian atal askotan %10a jaistea eskatu genuen, eta hori lortu genuen. Herriko festak, adibidez. %10a jaitsi genuen gastua, baina nork nabaritu zuen hori? Inork gutxik, parte hartzea sustatu genuelako. Azkenean sentsazio orokorra da jendeak jaietan parte hartu duela, eta beraz, jendea jaietako partaide izan denez, jaiak onak izan dira!
Krisia eta murrizketa ekonomikoen garaia ikasgai bilakatu da; diru publikoa tentu handiz erabiltzen ikasi dugu.
Diru sarrera txikiak ditu Urnietak, horixe da Udal honen ahuldadea. Baina sarrera-gastua oreka horretan kontuak ateratzen zaizkigu. Eta hori udaletxe gutxik esan dezake.
Udaletxean UDAko hautagaia eta Batzar Nagusietan IU-EBko batzarkide izan zara. Atzera eginez, Urnietan kargua hartu zenuenean IUko buruzagi batzuk Udaletxean izan ziren.
Alderdiaren garaipen bat ospatzera zetorren inpresioa eman zenuten...
M.I. Ez zen gure borondatea, gure egoera deserosoa izan zen. Urnietako IU-EBk indar guztiak UDAn jarri zituen. Ikusi besterik ez dago orain, ez baitugu IU-EBko zerrendarik aurkeztu. UDA ez zen Ezker Batuaren proiektua, baina Ezker Batua bertan zen.
Nik bi karguak izateak ez dio kalterik egin Urnietari, aurkakoa. Hainbat egitasmo lortu dira Urnietan, Batzar Nagusietan egon naizelako. Udaletxean eta Batzar Nagusietan egoteari ondo deritzot. Askoz informazio gehiago dugu Aldundiarekin harremanak izateko garaian.
Garbi izan dut zein izan den nire papera Udaletxean eta Batzar Nagusietan. Uste dut oso ondo bereizi ditudala bata eta bestea.
UDAren barruan akusazioak jaso nituen baina denborak erakutsi du faltsuak zirela. Ezker Batuan presio ikaragarria jaso dugu Udal zerrenda osatzeko. Baina ezetz esan dugu, gure apostua Urnietarako beste bat zelako.
Nola oroituko dituzu alkatetzan eman dituzun lau urteak?
M.I. Une gazi-gozoekin, gustora nago egindako lanarekin. Administrazioarekiko nire ikuspuntua aldatu egin da, hori egia da. Gauzak beste modu batera ikusten ditut. Helburu politikoak eta sozialak ez zaizkit aldatu, baina bai administrazioa ikusteko modua. Esaten dute herritar guztiek denbora bat eman beharko luketela administrazioan. Eta bat nator horrekin.
Harro nago laguntza sozialetan eman dugun erantzunarekin. Etxebitzaren premia latza dago, Plan Orokorraren baitan dagoena. Kiroldegia egitear geratuko da, Idiazabal kalearen etorkizuna bideratzea ere bai.
Agintaldia amaitzeko Plan Orokorrari onespena eman behar diogu, eta hori lortuz gero alkatetzan egindako lanarekin harro joango naiz. Egitear geratu diren zereginekin jarraitzeko gogoarekin geratu naiz, baina egoera den bezalakoa izanik, duintasun osoz joan beharra dago. Bukatzen jakin beharra dago.