Argazkilaritza, pasioa eta irakas bidea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 19a, 18:43

Argazkilaritza bizi duen horietakoa da Nagore (Hernani, 1981), pasio handiarekin landu duena. Argazkigile eta irakasle da, analogiko nahiz digitalean aditua. Argazkigintza buruan barrenean duen hura agertzeko tresna eraginkorra dela dio. Datorren ikasturtean ere Urnietan jarraitu nahiko luke, irakasle.

Nola iritsi zinen argazkigintzara?
Nagore Legarreta. Hernaniko Kronikan lanean hasi nintzenean hasi nintzen argazkilaritzan serio, 2003an. Bertan kazetari lanak egin nituen, baita maketatu eta argazkiak atera ere. Argazki kamera eskuartean izan nuenean sakontzeko gogoa piztu zitzaidan eta ikastaro bat edo beste egin nuen. 2003-2009 urteen artean egin nuen lan Hernaniko Kronikan. Karretearekin hasi nintzen, ikastaroak garai horretan argazkigintza analogikoan egiten zirenean. Hobetu nahian hasi nintzen ikastaro batzuekin. Irudimena duen pertsona naiz, ez bakar lanerako; kuriositate pertsonalak eta argazki pertsonalak ateratzeko baizik.

Irudiak beti erakarri al zaitu?
N.L. Aitari esker txikitandik irudimena asko landu genuen. Argazkigintza buruan dituzun ideia eta edukiak gauzatzeko modua da. Bizi dugun erritmo honetan, argazki kamera eskuetan hartu eta gauzak motelago eta erritmo gehiagorekin begiratzeko aukera ematen duelako gogoko dut argazkilaritza. Espazioa eta denbora geratu egiten dira eta beste gauza batzuei erreparatzeko aukera ematen du. Oporrak iristeko desiratzen egoten naiz argazkilaritzan murgiltzeko.

Analogikotik digitalerako jauzia oso azkar gertatu da...
N.L. Abiadura bizian aldatu dira gauzak. Digitalera eta ordenagailuetara moldatzea kosta egin zitzaidan, jende askori bezala. Analogikoak argiarekin lortzen zituen emaitzak ikusita, digitalerako jauzia zaila izan zen. Baina denborarekin ikasi dugu beste bide batzuetatik emaitza berdinera irits gaitezkeela.
Ni bezala jende piloa dabil eta orain eskaintzen ari garen ikastaroarekin kamera digitalak nola erabili erakusten diegu.
Lehen argazkilaritza oso zaletasun berezia zen arren, gaur egun edozeinek dauka argazki kamera bat. Egun, jendeak izugarrizko argazki kamerak dituen arren, askok ez daki etekinik ateratzen eta garrantzitsuena etekina ateratzen jakitea da. Teknologia oso azkar doa eta batzuk gauza berriak erosteko ohitura dute, zertarako balio duen jakin gabe ere. Argazkilaritza asko zabaldu da jendearen artean.
Teknologia berrien erabileran sakontzea garrantzitsua dela uste dut.

Photoshoparekin edozein argazki hobetu daitekeela uste da…
N.L. Argazkilaritza digitalaren inguruan uste ugari dago. Argazki on baten oinarriak konposizioa eta argia izango dira beti. Photoshop-ak hori nabarmentzen lagunduko du, baina abiapuntua argazkia ateratzen duzun unean dago. Eta hori ikasi egiten den zerbait da, ez da bi botoi zapalduta lortzen.
Badago beste mito bat argazkilaritza digitalaren inguruan: argazkiak manipulatuta daudenetik balio ez dutela adieraztea.
Niretzat argazkilaritza digitalak garai bateko laborategietako prozesu asko bereganatu ditu. Gaur egun egiten ditugun gauza asko lehen ere egiten ziren denbora gehiago erabiliz: argia hobetu, muntaia egin, konposizioa hobetu… Beldurra galdu behar diogu argazkiak ukitzeari, beti egin izan delako. Txukuntzeko balio dezake.

Irakasle zara Hernani, Astigarraga, Urnieta eta Adunan...
N.L. Alde batetik gazteak daude, sekula ez dutenak karrete bat ikusi. Baina badira bere garaian argazki kamera analogikoa erabiltzen zutenak eta orain blokeatuta geratu direnak. Ikastaro bat egin dut nik zer ikasi nahiko nukeen horretatik abiatuta eta oso pozik nago. Jendea askotan pozik ikusten duzu, nahi zuen hori ikasi duelako. Horrek asko motibatzen nau.

Ikasle asko joaten al da zure ikastaroetara, gustura al dabiltza?
N.L. Oso gustura nago. Hau lehendabiziko urtea da eta hurrengo urtean ere jarraitzea nahiko nuke. Argazkilaritza digitalarekin hasi garenetik ikusten da erantzun handia dagoela eta aurten pertsona batzuk ikastarotik kanpo geratu dira.
Adunan ikastaro azkarra egin dugu, hiru hilabetekoa. Ilusio handia nabari zaio jendeari. Hiru hilabetetan ezin da gauza handirik sakondu: ikastaro osoa eman eta beraiek zein gauza egin dezaketen ikustea gustatuko litzaidake.

Donostian zure argazkien erakusketa bat dago…
N.L. Donostiako Gros auzoan dagoen Tedone jatetxean argazki-erakusketa zabalik daukat. Oraindik ere aste batzuk egongo da. Argazki kamera estenopeikarekin ateratako hainbat argazki daude, batez ere udan hondartzan ateratako argazkiak dira. Irudi positiboak zein negatiboak ere. Kamera digitalarekin egindako beste pare bat serie ere badaude.
Era berean, badago zuri-beltzean kamera digitalarekin egindako beste serie bat. Objektiboaren aurrean ispilu bat jartzeko teknika erabili dut eta Photoshop-arekin egin beharrean momentuan irudiak bikoizteko aukera ematen du. Hor dauden elementuak: segak, ilea mozteko goraizeak… Gure burua besteen nahietara moldatzeko nola zentsuratzen dugun erakutsi nahi nuen.  Gure buruari hegoak mozten dizkiogu. Txoriak txori abestitik ideia hori hartu nahi izan nuen. “Hegoak ebaki banizkio ez zen txoria izango”, ideia eta gatazka horretatik egindako seriea da. Erakusketa aitzakia da, baina barreneko prozesua da benetan inporta zaidana.
Interneten ere badut gunea: www.flicker.com/lalores.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!