Laburbildu ezazu zuen ideia nagusia.
Urnietak lehenik eta behin hirigintza planeamendu berria behar du. Etorkizunean herriak dituen behar asko ez baitira gauzatuko, planeamendu hori egikaritu arte. Hortik aurrera herritarren ahotsa entzunez, parte hartze prozesu aktiboak proposatuz, herriak dituen beharrak asetzea izango litzateke gure helburua. Azken urteetan herriak izan duen geldialdiari amaiera eman behar zaio. Herritarrek Udalari eskatzen dizkioten zerbitzu berriei aurre egiteko, oinarri ekonomiko sendo bat izatea derrigorrezkoa da.
Alkate izanez gero, zuek proposatzen dituzuen artean martxan jarriko zenituzketen hiru neurri aipatu.
Denetan garrantzitsuena planeamendu urbanistiko berria onartua izatea. Hori lortuta martxan jarriko genituzkeen proposamenak, Egape ikastolako kanpus berria eraikitzeko Udalari dagokion guztia egitea; Udal kiroldegi berri bat egiteko proiektua onartu eta lanak abian jartzea eta hirugarrenik, herriko nagusien beharrei begira, "Eguneko zentroa" eraiki eta lehen bait lehen funtzionamenduan jartzea.
Amaitu den agintaldiaren balorazioa egin.
Agintean egoteko unerik egokiena ez du izan UDA herri plataformak. Udala kudeatzeko formula berri bat zutela saldu ziguten eta beraien borondatea ukatu ezina bada ere, egia esan 4 urte hauetan ez dute ezer berririk ekarri. Azkenean nik uste dut konturatu direla oposiziotik jaurti zizkiguten eraso guztiak justifika ezinak direla. Errazagoa da beti oposizioan egotea eta nahi dena esatea. Agintea izan dutenean aldiz ulertu dute gauzak beste ikuspegi batetik ikusten.
Autokritikak ere tartea izan beharko du.
Agintean egon gineneko azken urteetan herritik kanpo etorritako liskarrek, herriko giroa nahastu zuten eta honekin herritarrek gurekiko zuten konfiantza murriztu zen. Oposizioan egon garen tarte honetan gure autokritika nagusia, Udaletik planeamendu urbanistikoa lehenago ez onartu izatea izango litzateke.
Agintaldi berriari begira, nola imajinatzen duzu herria lau urte barru?
Bakean. Euskaldun guztiak elkarbizitzan. Ekonomiari dagokionez, krisi latz honetatik ateratzen edo aterata. Euskal Herri baketsuaren lehendabiziko urteetan gorakada sozio-ekonomiko nabarmen bat bizitzea egokituko zaigu. Planeamendu urbanistiko berriari esker Urnietaren hiri eredua bideratuta egongo da.
Zein da zure alderdiak eskaintzen duen bermea edo garantia?
Gestioa. Urte askotan gestionatzeko izan dugun gaitasuna. Kudeatzeko gaitasuna. Bestalde, fidagarriak garela erakutsi dugu behin eta berriro. Zintzotasuna agertu dugu, bai agintean bai oposizioan elkarlanean aritzeko. Gure alderdiak guztiaren gainetik Urnieta maite du, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu Urnietaren alde. Erabat gardenak izango gara gure kudeaketa ereduan.
Urnietako Plan orokorra: Hutsetik hasiko zarete edota agintaldi honetan eglndakoa kontutan hartuko duzue?
Onartuko den Plan Orokorrak, gure alderdiak orain dela 4 urte aurkeztutakoaren antza handia du. Alderdi gehienok adostu dugun plan honekin aurrera joko dugu. Negoziazio hauetan adosturikoa, hurrengo legealdian defendatu egin behar dugu. Urnietak eta urnietarrek ez dute merezi prozesu berri bat hastea.
KATE MOTZEAN
Herriko gustuko txokoa: San Juan plaza.
Urnietar bat: Mikel Atxaga.
Faltan somatzen duzuna? Urnietar nortasuna.
Eta soberan? Urnietari min egiten diotenak.
Maiatzaren 23an zer? Ardura handia. Hauteskundeak irabazita, erronka berriari ekiteko gogo biziz.